Asteroko buletina
Martxoko trumoiak berrogei eguneko ekaitza.

Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken urteetako tendentzia. Alpe d`Huezen egiten den Tomorrowland Winter jaialdiak marka guztiak hautsiko ditu: 22.000 lagun 3.300 metrotara, zentzugabekeriari gorazarre egiteko.


2024ko abenduaren 23a
Alpe D'Huezeko eski estazioan kontzertu masiboa. Argazkia: Tomorrowland Winter

Abenduaren 12an, Grenoblen, Isèreko prefekturaren egoitza den XIX. mendeko hotel ederraren atarian, 30 aktibista inguru elkartu ziren gauez, argiak, danborrak eta pankartak eskuan, Catherine Séguin prefetari tamaina handiko gutun bat helarazi nahian. Ez zuten lortu, baina trukean gutun txikiago bat utzi zioten postontzian, bilera bat eskatzeko. “Prefektura aurrean elkarretaratze bat egitetik, batukada bat egitera edo tekno-bafleetara, pauso bat baino ez dago!”, hala zioten Mastodonen zabaldutako mezuan.

Stop Tomorrowland Alpe d’Huez kolektiboko kideak ziren, eta ez da lehen aldia halako protesta bat egiten dutena. Tourraren helmuga mitiko izateagatik edo eski estazio garrantzitsu bat edukitzeagatik ezaguna dugun Alpeetako herri horretan, Tomorrowland Winter musika festibala egingo da 2025eko martxoaren 15etik 22ra, eta horrek eragingo dituen kalteak salatu nahi dituzte.

Tomorrowland jaialdia Belgikan egiten da eta mota horretako munduko ekitaldi handiena bihurtu da, 400.000 entzule biltzera iristen baita uda sasoian. Duela bost urtetik –2020ko pandemia urtean ez zen egin–, baina, neguko anaia bikia sortu zaio Alpe d’Huezen, eta datorren urtean mundu osotik joandako 22.000 eskiatzaile aberats elkartzea espero dute, DJ famosoenen aurrean gailur elurtuen artean dantza egin dezaten, txanpan gorriarekin topa egiten duten bitartean.

30 aktibista inguru elkartu ziren gauez Grenoblen, argiak, danborrak eta pankartak eskuan, Catherine Séguin prefetari tamaina handiko gutun bat helarazi nahian. Argazkia: Stop Tomorrowland Alpe D'huez

Zentzugabeko neurrigabekeria horrek “karbono aztarna eskandalagarria” sortuko du, Extinction Rebellion mugimenduak egindako kalkulu baten arabera: soilik jaialdira joateko erabiliko diren hegaldiek –parte hartzaileen %60 beste herrialde batekoa da– 6.000 tona CO2 isuriko dituzte, eta horrez gain, argi eta soinu kutsadura izugarria eragingo du. “Mendia Disneyland bihurtuko dute”, dio mugimendu horrek.

Hori guztia irakurri dugu Reporterre-n Jeanne Cassardek argitaraturiko 22.000 personnes en pleine montagne: le festival Tomorrowland Winter est-il légal?  (22.000 pertsona mendiaren erdian: Tomorrowland Winter legala al da?) artikuluan. Egileak azaltzen duenez, Stop Tomorrowland Alpe d’Huez kolektiboko kideek nahi dutena da prefekturak festibala geldiaraztea. Haien esanetan, 2030 urtera arte jaialdia bertan ospatzeko Alpe d’Huezeko turismo erakundearekin sinaturiko hitzarmenak, ez du kontratazio publikoaren legea betetzen, besteak beste, ingurumena babesteko klausulak kanpoan utzi dituztelako.

Tomorrow Winterren kontrakoek diote Alpe d’Huezek ez duela behar jaialdiaren “super etekinik”, eta lortzen dena dela tokia lotzea halako ekitaldi garestiekin, Frantziako Tourrarekin beharrean

Jaialdirako hamar eszenatoki handi muntatzen dituzte urtero, horietako batek –estalia eta klimatizatua– 10.000 lagunentzako gaitasuna dauka, eta badago beste eszenatoki bat Pic Blanc mendiaren gailurrean jartzen dena, 3.300 metrotara. Instalazio erraldoi horiek guztiak Écrins parke nazionaletik kilometro erdira baino ez daude. Hain justu, kutsadura akustikoak Écrinseko faunari eragin diezaiokeen kaltea da ekologistei gehien kezkatzen dien gaietako bat. Adibidez, lagopus deituriko hegaztia bertan bizi da azken glaziaziotik, eta mehatxaturik dago, ez baitauka nola kamuflaturik elurrik ez dagoenean.

Stop Tomorrowland kolektibokoen aburuz justizia klimatiko eta sozial kontua ere bada jaialdia geldiaraztea. Le Monde-k emandako datuen arabera, jaialdian parte hartzeko pakete osoak 7.000 euroko kostua izan dezake batez beste: “Herritarren zati txiki batek baino ezin du halakorik ordaindu”, diote beraien webgunean, aberatsenek alegia.

Mendia "dezibeliodun Disneyland" bat bihurtuko dutela salatzeko, protestak egiten ari dira aspaldian hainbat herritar eta talde ekologista Alpe d`Huezen –ezkerrean abenduaren 12koa–. Beren esanetan, Tomorrowland Winter jaialdia geldiaraztea justizia klimatiko eta justizia sozial kontua ere bada. Argazkia: Stop Tomorrowland Alpe D'huez

Jaialdiak tokiko ekonomiari ekarriko dizkion ustezko onurei buruz, berriz, Extinction Rebellionek dio Alpe d´Huez bezalako estazio ezagun eta esanguratsu batek ez dituela behar horrelako “super etekinak” –hala deskribatu ditu zenbait hedabidek irabazi horiek– eta lortzen ari dena dela estazioaren irudia lotzea Tomorrowland Winter bezalako festibal garesti batekin, Frantziako Tourrarekin baino. Horregatik aldarrikatu dute bideraezina dela herri betetzea “maletan CO2 tona ugari dakartzaten nazioarteko bezeroz”.

Galdutako negua, irabazitako dirua

2024a amaituko dugu errekor triste batekin: lehen aldiz 1,5ºC-ko langa gaindituko du tenperaturaren igoerak. Klima aldaketaren eragina are gehiago ari dira nabaritzen Pirinioak, Alpeak eta Europako antzeko mendikateak, eta Alpe d’Huez ez da salbuespena: bere magalean zegoen Sarenneko glaziarrari agur hileta egin diote zientzialariek aurten, duela mende bat zuen 124 hektareako azalera ezerezean geratu delako berotze globalaren ondorioz.

Neguak batez beste zortzi egun galdu ditu urtean azken hamarkadan Ipar Globaleko herrialdeetan, bereziki Europan. Hala dio Climate Crisis GKEak egindako Lost Winter (Galdutako negua) azken txostenak. Eta hori, jakina, eski estazioen martxan ere suma daiteke, elur faltarekin.

Elur egunen gutxitzearekin, galera ekonomikoak dituztela argudio hartuta, beste negozio lerro batzuk zabaldu dituzte eski estazioetan dirutza inbertitu dutenek. Horietako bat da musika festibalak antolatzea “naturaren erdian”

Adibide paradigmatikoena elurra egiteko kanoien erabilera da. Katalunian, esaterako, La Directa-k Salvar l’esquí a canonades (Eskia salbatzea kanoikadaka) erreportajean azaldu duenez, Grandvalira, Baqueira Beret eta beste estazio handi askotan ehunka kanoi erabiltzen dituzte elur faltsua sortzeko, eta eski pisten %60tik gora modu jasangaitz horretan estaltzen dute. Frantziako Alpeetan, berriz, Courcheveleko estazioan erreka bat sikatu dute bertako ura elur artifiziala egiteko erabili dutelako.

Elur egunen gutxitzearekin, galera ekonomikoak dituztela argudio hartuta, beste negozio-lerro batzuk zabaldu dituzte eski estazioetan dirutza inbertitu dutenek. Horietako bat da musika festibalak antolatzea "naturaren erdian": Andorrako Grandvaliran Hibernation Festival, Frantziako Chamonixen Unilimited Festival, Alpe d'Huezen Tomorrowland Winter...

Segoviako La Pinilla eski estazioa luxuzko mountain resort bezala berregokitu dute, eta kontzertu handiak eskaintzen dituzte "naturaren erdian". Horrek kutsadura itzela sortzen duela salatu dute ekologistek. Argazkia: La Pinilla Mountain Resort

Eta eskiatzeko ia bideraezin bihurtu diren Europa hegoaldeko estazioak ere hasi dira mountain resort modura birmoldatzen, halako ekitaldiak eskaintzeko. Ekologistak Martxanen El Ecologista aldizkarian La Pinilla, todo por la pasta, o cómo destruir la sierra (La Pinilla, dena diruagatik, edo nola izorratu mendizerra) artikuluan laburbildu dute Madrildik, autoz, ordu eta erdira baino ez dagoen Segoviako estazio horren kasua.

Enpresari talde batek, "abenturazko" jarduerez gain –tartean quad eta motor lasterketak– kontzertuak antolatu ditu, azkenekoa irailean, Zamna izeneko musika elektroniko jaialdi esklusiboa. Talde ekologistak ohartarazi du altueran egindako kontzertuek kutsadura akustiko eta luminiko handia sortzen dutela, bereziki. Baina arazoa da, batzuek dezibeliotan baino ez dutela neurtzen euren asebetetze maila.

Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?
2024-12-29 | Urko Apaolaza Avila
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken... (+)
“Jadanik ez gara zuen tximinoak”
2024-12-29 | Urko Apaolaza Avila
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila,... (+)
Gabonetan sortzen den kutsaduraren %57 oparien ondorioz da
2024-12-19 | Urko Apaolaza Avila
Ikerketa baten arabera, Frantziako Estatuan 6,3 milioi tona CO2 isuriko dituzte herritarrek Gabonetan, eta opariak dira horren erantzule nagusiak: %57. Oparien artean, gehien kutsatzen dutenak... (+)
Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?
2024-12-12 | Urko Apaolaza Avila
Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan,... (+)
Tunagate: merkurio pixka bat nahi entsaladarekin?
2024-12-08 | Urko Apaolaza Avila
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora