Asteroko buletina
Urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe.

Landareen patxada

Kokaina, morfina, nikotina, kafeina, kinina, atropina, koltxizina edo estriknina entzuten baduzu, zer datorkizu kaskezurrera? Papaberina, bruzina, efedrina, teobromina edo latirina ere izan daitezke. Zer bururatzen zaizu hitz horiek aditzean? Alkaloideak dira, denak landareren batetik eratorriak.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko ekainaren 03a
Kakaoak teobromina sortzen du eta dosi ez oso altuan txakur eta katuetan bihotzekoak eragin ditzake. Argazkia: thealembicslab.com

Landareek nahitaez hiru ezaugarri dituzte, hirurak animaliongandik bereizgarri. Aurrekoa: bizi diren artean hazi egin behar dute. Egun gutxi batzuk edo milaka urte bizi, bizirik den artean hazi egin behar du, horrela osatzen baititu oinarrizko duen izerdiaren gora eta beherako zikloak. Zuhaitz gehienetan nabarmena da urteroko hazkundea enborrean osatzen duen azalpeko eraztun berrian.

Tartekoa: bere mantenua beraiek sortzen dute. Onddo eta bestelako laguntzaile batzuekin tratuak egiten dituzte, eta horrela bizitzeko nahitaezko dituzten jakiak eta ura eskuratu, fotosintesian argiaren indarrarekin eraldatu eta elikagaiak bere kasa sortzen dituzte. Animaliok irauteko eta bizitzeko beste bizidunak jan beste aukerarik ez dugu; batzuek hil edo akabatu egin behar gainera, jango badugu.

Atzekoa: landareak ez dira mugitzen. Geuk mugitzen ditugu: erein, zeharraldatu, aldatu, landatu, birlandatu, aldaxkatu, altsumatu, muskildu, aldakaiztu, belaunkatu, probenatu, txertatu… Berez, ordea, fruituaren haziak egiten duen ernatu aurreko bidaia, itsatsi eta lur berrian landare berria sortzen duen artekoa, izango da bere mugimendu bakarra. Guk mugituko dugu, beste animaliaren batek jango du eta kaketan bota, nahi gabe soinean kateatuta eramango dugu, haizeekin hegaldatuko da, uretan nabigatuko du. Landare gehienak sortu diren tokian bertan biziko dira, hil arte bizi.

Hil arteko horrek ematen ditu lanak. Geldirik bizi behar horrek berebiziko buruhausteak sortzen dizkie landareei. Milioika eta milioika urte daramatzate landareek lur honetan eta oraindik usaindu ere ez ditugun beste hainbeste trikimailu garatu dituzte bizirik irauteko. Horietako mordoxka bat animaliak bere onerako nola erabili da, esaterako polinizaziorako eta aipatutako haziak garraiatu eta zabaltzeko. Beste martingala mordo bat animaliak arrastoan sartzea da: animaliok bizitzeko jan edo hil egin behar dugun horretan, edozer ahoratzen dugu. Eta landareek bere burua babestu egin behar, gainontzean jan egingo ditugu. Babes horiek eraikitzen iaioak dira, landareari kosk egitea zailtzeko arantzak janztea bezala: jan eta berehala damua sorraraziko diguten osagai kimikoak dituzte. Hasieran aipatutako alkaloideak adierazle. Horiek gorputza eta gogoa astintzen dizkigute. Landare horiek ez jan, ez ukitu, kontuz horiekin. Hori da oinordetzan jaso duguna, genetikan daramagun ondoretasuna balitz bezala: landareekiko beldurra. Ez da gutxiagorako.

Adigarri txokolatearen teobromina. ELIKAk 2009an argitaratu zuenez (Animalien elikaduran nahi ez diren gaiak, teobromina), dosi ez oso altuan txakur eta katuetan bihotzeko arritmiak eta dardarizoak eragin ditzake, baita animalia bera hil ere; dosi hori animaliaren kiloko 80 miligramotik gora teobromina litzateke, 11 gramo txokolate beltza edo 37 gramo txokolate esneduna. Arratoietan atzera bueltarik gabeko barrabilen atrofia eragiten du dosi altuetan.

Bizkitartean landareak patxada ederrean, kokaina, morfina, nikotina, kafeina, kinina, teobromina eta abar sortzen, badaezpada.

Harizti borobil bat mugari
2024-10-21 | Jakoba Errekondo
Mugek itotzen gaituzte. Ondo esanda, mugek itotzen naute; izan ere, izango da baten bat zeina mugen estuasunean bertan gozo ederki sentituko den. Ni itotzen naute... (+)
Zainzurien skotomorfogenesia eta fotomorfogenesia
2024-10-14 | Jakoba Errekondo
Datorren negua gozatuko digute zainzuri kimuek (Asparagus officinalis). Baratzeko nire kuttuna da, baita nire baratzekoa ere. (+)
Lezkarekin sagardo hobea
2024-10-07 | Jakoba Errekondo
Barrikoteak, barrikak, bukoiak eta upelak bete berriak ditugu etxean sagar muztioz (Malus domestica). Makina bat beteko ziren, ipar eta hego, gure geografia guztian mahatsarenarekin ere... (+)
Begien egarri direnei begi egiteko
2024-09-30 | Jakoba Errekondo
Sekreturik ez esan baratzean. Bai bai, adi baratzean. Zer agi ere ataizean ibili, begi-belarri. Ezkutatzekorik baduzu ez azaldu baratzean. Patatak (Solanum tuberosum) begiak ditu, artoak... (+)
Sagardoaren kurkubitatik plastikora
2024-09-23 | Jakoba Errekondo
Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora