Astelehenero 8:00etan zure epostan
Israelek AEBetako enpresa bati eman dio laguntza humanitarioa banatzeko ardura, eta NBEk salatu du laguntza banaketako irudiak “oso larriak” direla. Israelek defendatu egin du banaketa sistema. Jakinarazi dute asteazkenean ez dutela laguntza humanitariorik emango.
Bi hilabetean laguntza guztia itxita egon ondoren, hasi da janari banaketa Gazan, Israelen kontrolpean; eta bertaratutakoei tiro egin die armadak. Hiru lagun hil eta 46 zauritu dituzte erasoan, eta beste zazpi desagertuta daude. Gertakarien biharamunean, bertan behera utzi du asteazkeneko laguntza humanitario banaketa GHFk, Gazako Fundazio Humanitarioak, banaketaren fundazio arduradunak. Laguntzaren banaketaren irudiek mundua zeharkatu dute: jendetza ikusten da esparru itxietan, hesituta, ilaran. NBEk irudiak gaitzetsi ditu, “oso larriak” direla adierazita. Israelek, bere aldetik, laguntzarako banaketa sistema defendatu du.
GHFren sistemak “oinarrizko laguntza humanitarioaren printzipioak” urratzen ditu, hori diote NBEk eta zenbait laguntza humanitarioko taldek; 11 taldek sinatu dute manifestu bat, GHFk laguntza banatzearen aurka. AEBetako taldeari aurpegiratu diote laguntza asmo politiko eta militarren arabera banatzen duela, eta ez dagoela prest Gazak dituen premiei erantzuteko: “Mendebaldeko segurtasuneko eta armadako figurei lotutako proiektu bat da, Israeleko Gobernuarekin batera koordinatua. Gazako jendea setio erabatekoan dagoen bitartean jarri da martxan, Palestinako inolako parte-hartzerik barik, ez diseinuan, ez praktikan”.
Bien bitartean, Gazako bost biztanletik bat muturreko gosete arriskuan dago, eta biztanleriaren %93k elikagai falta nabaria du, NBEren txosten batek esan duenez.
AEBak eta Israel, eskutik
Banaketan egindako erasoak nazioarteko gaitzespena piztu du, baina baita banaketarako erabilitako sistemak ere. Izan ere, Netanyahuren gobernuak fundazio bati eman dio horretarako ardura, GHFri. GHFk Israelgo eta AEBetako gobernuen onespena du, are, bertako ordezkari Jake Wood AEBetako armadako beterano bat da, astelehenera arte egon da postu horretan; "arrazoi humanitarioengatik" bere dimisioa aurkeztu du astelehen goizaldean. Rubicon taldearen jabea ere bada, hondamendi naturaletan laguntza humanitarioa banatzen duen taldearena.
Laguntza banatzeko eskumena GHFri bakarrik ematea, Netanyahuren arabera, laguntza hori zibilei soilik heltzea da, Hamasen eskuetarara ez heltzea, alegia. Nazioarteko laguntza humanitarioko taldeek erabakia kritikatu dute, eta argudiatu dute beraiek banatutako janariaren ehuneko handi bat zibilei bakarrik heltzen zaiela, ez dietela Hamasekoei banatzen.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545