Asteroko buletina
Uztaila errautsu, laboraria urgulutsu.

“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa, Larreak azaldu duenez, egunero bataz beste 100 toxiko barneratzen baititugu kosmetiko industrialen bidez eta urak zein Lurra kutsatzen baititugu horiekin.


2024ko azaroaren 05a
Garbiñe Larrea Arrumarrate baserrian. Bertan atera dira liburuko argazkietako batzuk.

Zergatik atera duzu liburu hau? Gizarteko zer beharri erantzuteko?

Urte luzez, kontsultako lanean, azaleko gaitz asko zituen jendea ikusi dut. Eta azaleko gaitz horiek askotan ez ziren berezkoak edo naturalak, kosmetiko industrialek eragindakoak baizik. Niretzat deigarria zen ikustea, haur txikientzat egiten diren hainbat produktu zirela denetan okerrenak! Eta horien pilaketa zela urtebeterako dermatitisa eragiten zuena. Den-denak erabiltzeari utzi astebetean eta askotan arazoari buelta ematen zitzaion.

Bestalde, sektore inportante batek ditu azaleko gaitz kronikoak, eta gaitz horiek zaintzeko komeriak eta zailtasunak. Inola ere ez gara gaitzak sendatzeko planteamenduan erori, tartean sartzen direlako hainbat elementu garrantzitsu, esaterako bizi-estiloa, elikadura... baina azaleko lehortasuna, azkura, erresumina, hantura... horiek tratatzen hasi gaitezke produktuak eginez.

Urtaro bakoitzera egokituta ze produktu egin ditzakegun eta sasoi bakoitzean eskura ze sendabelar ditugun ere azaltzen du liburuak. Argazkian, negukoak. Ibai Arrieta / ARGIA-CC-BY-NC-ND

Eta garbitasunaz eta zainketaz gain, badago beste gai bat asko kezkatzen nauena, kutsadurarena. Momentu honetan ez daukagu halako kontzientziarik, egunero egiten dugun ekintza xume horrekin. Eta gutxi erabiltzen dituen pertsona batek ere hortzetako orea, xanpua, gorputzerako gela, arraskako xaboia... baditu lau-bost elementu ezingo dituenak erabiltzeari utzi eta horien denen osagaien batuketa egiten badugu, ikusten dugu zer kutsadura sartzen den gure gorputzean, gure azalaren muga dermikoa gaindituz barrurantz doana eta arazoak eragiten ari zaiguna. Eta estolderian barrena doan ur horrekin ari gara Lurra zikintzen eta Lur hori ari da bueltan berriro gu kutsatzen. Ziklo hori apurtu beharra zegoela iruditzen zitzaidan.

Garbiñe Larreak "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburua aurkezteko hurrengo egunetan emango dituen hitzaldiak.

Liburuan aipatzen duzu kosmetika industriala izango dela “etorkizuneko amiantoa”.

Hala deitu nion 2017an ARGIAko Onintza Irureta kazetariarekin egindako elkarrizketa batean. Orduan albiste izan zen eguzkitako zenbait krema debekatu egin zituztela munduko hainbat herrialdetan, korala suntsitzen ari zelako. Eta nire hausnarketa izan zen, begira, korala suntsitzen du eta gu azalean ematen ari gara eta iruditzen zaigu horrek ez duela halako inpaktu txarrik.

Amiantoa osasun publikoko arazo bat da eta kosmetiko industrialekin horrelako zerbait datorkigu, eta hau ez da nik asko maite dudan erakundea baina Osasunaren Mundu Erakundeak esana du ze arazo izango den. Aurten, Endokrinologiako Nazioarteko Elkarteak ere esana du zertaraino gure azalaren muga dermikoa gainditzen duten eta barneratzen diren osagai sintetiko hauek ari diren gure sistema hormonala hackeatzen, eta bereziki emakumeon kasuan, gure estrogenoa imitatzen, hau da, kanpo-estrogeno bezala barruan ze lan txar ari diren egiten. Hau hileko sindromearekin lotzen da gaur egun, eta epe ertain-luzera ikusten da minbiziekin eta antzutasunarekin lotua dagoela.

Kritika egitearekin batera, liburu honen bidez baliabideak eman nahi izan ditut.

Liburuan xaboi ezberdin hauek denak egiteko jarraibide zehatzak daude. Baita ere askotariko kremak, xanpuak, desodoranteak, ezpainetakoak, perfumeak... Ibai Arrieta / ARGIA-CC-BY-NC-ND

Ekologistak Martxanek ere baditu ikerketak eginak. Amiantoaren adibidea erabili nahi dut esateko kosmetika eredu konbentzionalak gaur egun saltzen dizkigunak kutsatzaile edo disruptore endokrinoak direla eta ez garela jabetzen. Hamar urte dira ikerketa batek esan zigula emakumeon kasuan bataz beste egunean 185 osagai toxiko barneratzen ditugula kosmetikoen bidez eta gizonezkoen kasuan 85. Eta horrek barruan egiten duen koktail efektuaz ez gara jakitun, hori ikertu gabe dagoelako. Gainera, hamar urte ondoren badakigu ikerketa hori desfasatuta dagoela, egun gehiago direla.

Maitane Gartziandia azalaren egile eta diseinatzailea, Garbiñe Larrea idazlea eta Ibai Arrieta argazkilaria. Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-NC-ND

Kosmetika edertasun nahiarekin lotzen da. Nola ulertzen duzu zuk edertasuna, eta nola eraman duzue zuk, Ibai Arrieta argazkilariak eta Maitane Gartziandia diseinatzaileak, edertasuna ulertzeko modu hori liburura?

Hasieratik oso argi geneukan ez genuela liburuan pertsonen edertasun eredu bat adierazi nahi, hau da, ez genuela modelo bat erabiliko eta ez genuela kanon estetikoaren arabera gaur egungo edertasuna adieraziko zuen pertsonarik ipiniko: iruditzen zitzaigulako badagoela aniztasun bat zaila dena behar den bezala jasotzen, eta iruditzen zitzaigulako egun dagoen kosmetika ereduan, bai kosmetika industrialean baina baita naturalean ere, pertsonen edertasuna erabiltzen dela produktua zertaraino ona den justifikatzeko.

Gure ustez edertasuna balio bat da, baina beste elementu batzuetan dago: hau da, prozesuan bertan dago, kosmetiko hauek egiteak duen elementu ederra, eta guk objektu ederrak egin genitzakeela landareetatik abiatuta... eta ez hainbeste kosmetiko hauek gorputzean eragiten duten emaitza finala, iruditzen zaigulako saldu nahi diguten edertasunaren kanon hau iragankorra dela, zaila dela horri eustea eta horren atzean badagoela halako diktadura moduko bat, aniztasuna ez errespetatze bat, zahartzaroarekiko halako fobia bat, zimurrak ezabatu beharra... Horretaz guztiaz asko hitz egin genuen Maitane Gartziandia, Ibai Arrieta eta hiruok, horrek baldintzatzen zituelako aterako genituen argazkiak. Eta aldi berean, liburu ederra da, edergintzaren sektorea izanda, ederretik asko duelako.

Garbiñe Larrea liburu berria eskutan. Liburuko argazkien eszenategi izan den lekuetako batean, Arrumarrate baserrian. Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Etxean egitearen garrantzia azpimarratzen duzu. Ezin gara fidatu farmazietan edo belardendetan erositako produktu “natural”-ez?

Ni gaur egunean fidatu, fidatzen naiz edozein kosmetikoren lehen bost osagaiak zein diren jakin ondoren. Badakigu etiketaren nomenklaturan, INCI delakoan, lehenengo bost osagaietan dagoela produktuaren %90.

Non erosten den, hori niretzat ez da inongo kriterioa. Marka bakar bati ere ez diot konfiantza erabatekorik ematen, ikusten dudalako formulazioetan ze iruzur dagoen. Niri ez dit balio greenwashing horrek, hau da, produktu bat berdetzea eta produktu ekofriendly bat egitea eta hogeitapiku osagaietatik elementu naturalak hiru edo lau izatea. Eta justu hiru edo lau horiek iragartzen dituzte baina gainontzeko guztiaz ez digute hitz egiten.

Azaroaren 7an Donostian, liburuaren aurkezpenean. Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Hainbatek esan dit haiek ez dutela etxean kosmetikorik egingo, baina erosterakoan zer gauza kontuan izan pistak ematen dizkiela liburu honek...

Jendeak ez badu kontzientziarik eta ez badu benetan hemen arazo bat ikusten, liburuaren lana izango da hori ohartaraztea eta ikusaraztea. Bestalde, liburuak irakurleari hainbat irizpide ematen dizkio, kosmetikoak erosterakoan kontuan izateko.

Hainbat jarrera eta irizpide hartu behar ditugu, praktika batzuk geureganatu behar ditugu, modu seguruan erosi ahal izateko. Nahiko nuke liburu honek horretan ere ekarpen bat egitea.

 Ibai Arrieta / ARGIA-CC-BY-NC-ND

Etxean kosmetikoak egiteko diru eta denbora asko beharko ditugu?

Ez, ez du zertan. Liburuan dagoen formula bat da “Gorputzerako krema erraza” eta sei osagairekin egina dago. Sei osagairekin urte osorako edozeinentzat egin dezakegu krema bat. Zenbat denbora behar izan genuen hori egiten? Ordu erdi edo. Egin den inbertsioa, bai denboratan, bai materialetan, ez da ezer gero duen erabilera kontuan hartuta. Eta azala garbitzeko eta zaintzeko oso produktu gutxi behar ditugu, ez hamaika. Horretara jo behar dugu.

Osagai garestiak nahi baditugu horiek olio esentzialak dira, baina baita ere aktibo kosmetikoak, beti oso urruneko landare bat, haren estraktu bat... hau da, bitartekariari ari gara asko ordaintzen, ez produktuak berak asko balio duelako. Marketingak azpimarratzen du produktu horrek ze osagai miragarri dituen, eta produktu horrengan ipini nahi dugu itxaropena. Eta gu desiatzen gaude horrelako produktu miragarrietan sinisteko. Hau da, batek zimurrak kenduko dituela, besteak zelulitisa... ebidentea da ez duela lortzen, bestela, etxean produktu andana daukagu eta arazoak hor segitzen du, ezta? Pixka bat autokritika egin beharko genuke.

Begira, asuna bezalako landare gutxi daude azalerako onak direnak. Edo plantaina-belarra, edo ilena... bost sendabelarrekin egin dezakegu kosmetika on bat, guretzat.

Badira 285 euro ordaintzen diren aurpegiko kremak, duela gutxi eduki dut eskuetan bat. Eta bere osagaiei begiratuta, ezerk ez du justifikatzen horrek 285 euro balio izatea. Zein da arrazoia? Ba merkatuko posizionamendua, goi mailako kosmetika bat izatea, eta saltzen duena luxuaren kontzeptua da. Baina edukiari begiratzen badiogu, krema hori egitea ziurrenik ez da 25 euro kosta.

Garbiñe Larrea Arrumarrate baserrian. Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Hondakinak gutxitzeko ere balio du etxean kosmetikoak egiteak?

Hausnarketa egin genuen ilerako xanputan pertsona batek bere bizialdian zenbat plastikozko pote xahutzen dituen, eta mendi bat da. Elementu bakarraz ari naiz, xanpuaz. Oso garbi neukan xanpu solidoa egiten erakutsi behar zuela liburuak, bilgarririk gabeko zerbait egin behar genuela, edo paperean biltzen dena.

Liburuan erabili ditugun pote, krema-ontzi eta gainerakoak kristalezkoak dira. Hau arazo bat da, komunean ezin delako kristalezko elementu bat sartu... baina beroa dagoen elementu bat plastikozko ontzian sartzen badugu, jada produktu hori mikroplastikoz kutsatzen ari gara. Eta plastiko hori jada gure arteriatan ari dira ikusten, eta hori da antzutasunarekin lotutako elementu bat. Orduan, kosmetika eredu bat hautatzen denean gorputzaren osasunari begiratuta, ontzia, halako txikeria dirudiena, izan behar du produktua ondo mantenduko duena baina baita ere produktua kutsatuko ez duena.

Liburuan erabili dugun materiala dena da berrerabiltzekoa, adibidez, tetra-brik-etan egin ditugu hainbat xaboi, tentazioa dagoelako moldeetan eta abar sekulako diru-xahuketa egiteko. Berrerabiltzearen ideian oinarritzen da liburua, eta organikoarenean. Argazki saioak egin genituenean, konturatu ginen lau egun haietan guk gehien sortu genuen hondakina organikoa izan zela. Sortzen den hondakina organikoa baldin bada, ondo gabiltza.

Nafarroako izpiliku soro ekologikoa, tartean bestelako landareak dituela. Ibai Arrieta / ARGIA-CC-BY-NC-ND
Nafarroako izpiliku soroa: ederra bioaniztasuna denean

Garbiñe Larrea: "Nafarroako izpiliku soroa aspalditik geneukan begiz joa, badelako kosmetikan asko erabiltzen den irudi bat, eta baita ere hor badagoelako egoera zail bat, gaur egun nekazariek bizi dutena.

Olio esentzialen merkatua oso zikina da, iruzurra inon baino gehiago egiten da eta olio esentzial sintetikoekin arazo handi bat daukagu. Atera kontuak, halako landaketa handi bat ekologikoan egiten ez bada, hau da, fumigatua baldin badago belar txarrak kentzeko eta baita ere ongarriak emateko, hori destilatzen denean, olio esentzialak darama landareari botatako kimikoa. Orduan, etxean egiten ari zaren kosmetika hori jada ez da eredu ona, industriak egiten duen hori modu artisauan egiten ari zarelako zu zeu ere: modu artisauan etxean egindako produktu kosmetiko kaltegarri bat egiten ari zara.

Nafarroako izpiliku soro honetako jabeak esaten zigun ze kinka larrian dauden, hainbat lekutan landaketak suntsitzen ari direla, ez direlako ekonomikoki bideragarriak, olio esentzial sintetikoak dena jan egin duelako. Eta gizon hark, izpiliku soroan belar txar bat zeukan ("olo zoroa" deitzen zaiona) eta oso amorratua zegoen, bost hektareatako belar txarrak ezin zituelako eskuz kendu. Berarentzako hori akats larria zen eta lotsatan esaten zigun barkatzeko, guri argazkiaren perfektutasuna apurtzen zigula, alegia, moretasun hori apurtzen zuelako. Nik esaten nion 'begira, utzi ezazu horrelaxe, belar txar hau hemen egotea nahi dudalako, egotea ona delako, eta belar txarren inguruan badaudelako malbak, kamamilak, plantainak... hemen biodibertsitatea dagoelako'. Justu eredu industrialak suntsitzen duen biodibertsitate hori. Eta izpiliku hau destilatzen denean, zerutik eroritako euria besterik ez du. Hori garrantzitsua da niretzat. Ez dugu photoshopaz kendu, hau gure mezuarekin bat egiten duen landaketa bat delako.

Eta penaz esan beharra daukat, ez dakigula landaketa horrek hurrengo urtean edo datozenetan segitu ahalko duen, laborantza ekologikoa bideragarriak ez diren egoeretan aurkitzen ari delako.

Aldiz, izpiliku olio esentzialaren kontsumoa esponentzialki ari da igotzen urtez urte. Marka gero eta gehiago daude, iruzurra zabalduago dago eta zalantzarik ez daukat sintetikoa den olio esentziala ari zaigula gailentzen. Eta istripuak gertatzen ari dira: azaleko erredurak, kutsadurak eta barne erabileran oraindik are istripu larriagoak. Ni iritsia nago momentu batzuetan olio esentziala ez erabiltzeko aholkua ematera, jada iristen ari garen segurtasun falta maila handiagatik".

 

EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatu ezean, ura kutsatzen jarraituko dute
2024-11-18 | Estitxu Eizagirre
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko:... (+)
Ekofeminismo topaketak egin dituzte larunbatean Maeztun
2024-11-11 | Estitxu Eizagirre
50 inguru herritarrek egun osoko jardunaldia egin dute azaroaren 9an Maeztun, EHn ekofeminismoak gorpuzten lelopean. Goizean Euskal Herriko ekofeminismoak nolakoak diren deskribatzeko hainbat dinamika egin... (+)
Getarian jartzera doazen lehen hegalabur haztegiak zer ekarriko du?
2024-11-07 | Estitxu Eizagirre
Gipuzkoako Getariako kostatik 3,7 itsas-miliatara (6,6 kilometrora) jartzear dira Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera dute bi... (+)
Araba, sakrifikatu nahi duten alaba?
2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn... (+)
Arabako Mendiak Askek Mozal Legearen bidez jaso duen isuna epaiketara eramango du asteartean
2024-10-28 | Estitxu Eizagirre
Iturrietako Mendietako lehen mendi martxa antolatzen ari zirela, 2021ean, kide bat identifikatu zuen ordezkari gisa ertzaintzak eta Mozal Legearen bidez isuna ezarri zion. "Muntai poliziala"... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora