Asteroko buletina
Ilbeltza bada hil txuri, ardiak haziko du axuri; ilbeltza bada hil beltz, ez ardi eta ez axuri

Konbentzimendu osoz

Aspaldian ez naiz boto-emaile ziurra. Halako batean, konbentzimenduak erabaki zuen hagin baten itzalean esertzea, eta bizitzak aurrera eraman ninduen, bazterrik bazter, urruti. Harrezkero hura ez da osoa, eta ni alderrai nabil.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 22a
Argazkia: Wikipedia

Banaketa jazo aurretik, populazioaren %89arekin bizi nintzen, hiri-eremuan. Espazio txikia, lurraldearen %11 baino ez. Halere, makro-ustiategi funtzionamendu haren zaindariak adi zeuden, ezer ez faltatzeko.

Eta halaxe, egunero-egunero jaten genuen, nahi adina eta noiznahi; edozein egoeretarako arropa, eskura; medikuak eta erizainak, bertatik bertara; berdin liburutegiak eta kultur-emanaldiak; baita eskolak, garraioa edota administrazioetako bestelako zerbitzu publikoak ere. Majo ikasi genuen ematen zigun edozein apeta posible zela. Boto-emailea izatea erraza zen, aukera guztiek ziurtatzen baitzuten burbuilaren existentzia bera, ñabardurak ñabardura.

Makro-ustiategitik kanpo zegoena, aldiz, ez genuen ezta usaindu ere egiten; tartean santuren bat edo beste ez bazen. Orduan bai, orduan azaldu baserritarrak, gutiziak ekartzera. Talo eta txistorra usainek esnatzen zituzten lo genituen memoriak.

Konturatzerako, espazioa soberan dut, bost bat lagun hiru kilometroko itzulinguruan. Orain, gutxiengoan bizi naiz, populazioaren %11ren parte, hemen, landa-eremuan. Eta, hara non, egun batetik bestera, konturatzen zara, inortxo ere ez dagoela hona begira, hirirako input bila ez bada.

Horrela, egiten zaituzten parajeak sakrifizio-eremu izendatu dituzte –parke naturalak eta babes bereziko eremuak izan ezik, noski–. Hemen zerbitzu asko faltan ditugu, osorik izateko, hirian halaxe erabaki dutelako.

“Nahi duzun guztia, eskura une oro” zioten neoizko argien dirdirak ez gaitu itsutzen. Gurean, elkarren zaintza eta autogestio saiakera xumeak bilakatu dira egunerokoak –hiriko batzuk lagun–.

Ez da erraza, halere; agintariek erabakimena desjabetu baitigute, lurrarekin egin ohi duten bezala, denon hobe beharrez. Ezin utzi bazterrekoen eskuetan kapitalak behar dituenak, inondik ere.

Segunda regionaleko mendietako biztanleok zerbitzu eskasiara ohitu gaituzte. Baina jakin badakigu, halaxe bizi dugulako, landek eta mendiek egiten gaituztela; egunsenti edota ilunabarretan ortzimugak libre egiten gaituen bezain ongi, jakin ere.

Zergatik txertatu barrote –edo barra-kode– gehiago gure bizitzetan, eta sakrifikatu gaurko ogia eta askatasuna, nekez eskuratuko den oparotasunaren promesaren atzetik abiatzeko?

Haginaren itzalera itzuli naiz, menditar sena nuen zain. Konbentzimendu osoz.

Etorkizuna orainean erein
Orain dela gutxi, galdetu zidaten ea beti tristuratik idazten dudan. Ziur aski, neurri batean, hala da. Akaso, ez da tristura, ez beti, bederen. Zenbaitetan, izan... (+)
Sagarrez eta garoaz
Gaur banda ultra azkarraz idatzi behar nuen. Kontatu behar nizuen nola Next Generation funtsen diruekin –hau da, ondorengoen diruarekin– paraje hauetara ere helduarazi duten Interneterako... (+)
Elosutik Zizurkilera, Gipuzkoako Mendiak Aske
Konturatu orduko urtebete pasa da Zumarragako lehen bilera hartatik. Gehienok ez genuen elkar ezagutzen eta, hala eta guztiz ere, gai izan ginen elkarrekin, bakoitza bere... (+)
Hau irakurtzen duzunerako
Hau irakurtzen duzunerako, orain artekoa bukatuta izango dugu; hemendik sei hilabetetara atzean utzi dugun horri, berriz ere, heltzeko. (+)
Solastalgiaz eta nostalgiaz
Glenn Albrecht filosofoak sortutako hitza da solastagia, naturaren hondamenak sortzen duen krisi existentziala izendatzeko. Erosotasuna eta minaren arteko konbinazioaren emaitza. Diotenez, solastalgiak errazago egiten du... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora