Astelehenero 8:00etan zure epostan
"Oso lausoa eta iluna izaten ari da informazio guztia Hezkuntza Sailaren aldetik", kontatu dio ARGIAri institutuko irakasle taldeak. Lamiakoko Subflubialaren obrak irailean hastea aurreikusten da, baina ondo-ondoan den institutuan gaur gaurkoz ez dakite lekuz aldatuko dituzten ala ikastetxean egokitzapenak egingo dituzten.
1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.
Institututik 55 metro eskasera 45 metroko tunel bat zulatzea, Artatza parkean 85 leherketa baino gehiago egitea –nahiz eta Ingurumen Sailak hasiera batean teknika hori debekatu–, 48 kamioi institutu ondotik orduero sartu-irtenean aritzea, hauts eta gas kutsagarriak arnastea… Bizkaiko Foru Aldundiak irailerako iragarri dituen lanek Leioako (Bizkaia) Ataza-Romo institutuan eragingo luketenaren adibideak dira. Horri ziurgabetasuna gehitu behar zaio, bertako hezkuntza komunitatea aspalditik ari baita informazio falta salatzen. Horren aurrean, STEILAS, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek eskatu dute Subflubialaren proiektua bertan behera gera dadila.
Irakasle taldeak ARGIAri azaldu dio urteak daramatzatela obren eraginez ohartarazten: "Beti esan digute ez dela hainbesterako izango, leihoak aldatzearekin eta aire girotua jartzearekin nahikoa izango dela, baina aurten bat-batean esan digute hobe dela lekuz aldatzea beste eraikin batera, obraren eragina handia izango delako eta ezin dutelako bermatu obretatik babesteko ikastetxean egin beharreko egokitzapenak epe barruan egin ahalko dituztenik. Gero, aldiz, esan digute ezetz, hobeto dela bertan geratzea… eta informazio ofizialik gabe jarraitzen dugu".
Eraikinez aldatzekotan, badirudi Batxilergoko irakasle eta ikasleak Lamiakoko eskolara aldatuko lituzketela, baina Lehen Hezkuntzakoa da hura, eta azpiegiturak ez dira Batxilergorako egokiak. Oraingo eraikinean geratuz gero, sei metroko horma altxatu beharko litzateke, gelak intsonorizatu eta aire girotua instalatu (leihoak ez ireki behar izateko), baina lizitazio horiek ez dira oraindik egin. "Linboan gaude, zeren informazio guztia oso opakua da, Hezkuntza Sailak helarazten diguna da ez dutela informazio argirik Bizkaiko Foru Aldundiak gidaturiko obren inguruan, ez dakitela zehazki noiz hasiko diren… Eta hori sinetsi behar dugu? Ez dutela komunikatzeko eta informazio argia lortzeko modurik, zer eta gainera tartean segurtasun neurriak hartu behar direnean? Lausoa eta iluna izaten ari da guztia".
"Beti esan digute obren eragina ez dela hainbesterako izango, baina aurten bat-batean esan digute hobe dela lekuz aldatzea, obraren eragina handia izango delako eta ezin dutelako bermatu obretatik babesteko egokitzapenak epe barruan egingo dituztenik"
Irakasle taldeak esan digu datorren ikasturtea egungo ikastetxean bertan hasteko planifikatu eta antolatu dutela, baina ziurgabetasuna da nagusi. 550 bat ikasle eta 140 langiletik gora ditu institutuak, eta obretatik hain gertu ez egon arren beste ikastetxe batzuei ere eragingo diete lanek.
Urtetarako osasun kalteak
Sindikatuek kaleratutako oharrean azpimarratu dutenez, obrak iraungo duen zazpi urte baino gehiagoan zaratak eta kutsadurak "eragin larria" izan dezake ikasleen garapenean, eta handitu egin dezake alergiak, haurren asma, bihotz-biriketako gaixotasunak eta trastorno neurokognitiboak garatzeko arriskua. Obrak amaitu ondoren ere jarraituko du kalteak, diote, Aldundiaren beraren txostenetan aurreikusi baitute institutuaren inguruetan zirkulazioa %33 handituko dela. "Horrek, ezinbestean, emisio kutsatzaileak areagotzea eta airearen kalitatea murriztea ekarriko du".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545