Landareak oxigenoa ematen digute, birikei eta arimari.

Itsasoan katua marrazo

Gure hondartzak marrazoz beterik daude. Igerilariak lasai egon, kostaldean 100-200 metroko sakoneran ditugun hondartza zabalez ari bainaiz. Bertan bizi da Atlantikoko marrazo ugariena eta txikiena.


2025eko maiatzaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Katu arrain modura izendatua bada ere, bestelako katuekin alderatuta katu kosmikoarekin bezainbesteko antzekotasuna du, duen begiradagatik ez bada; gepardoak katu handitzat dituenarentzat ere, balekoa agian. Filmetakoen aldean, marrazo honek itxura atsegina du, eta bere hortzak, hainbat lerrotan banatuta bai, baina oso txikiak dira. Asko diren arren, zaila da bizirik ikustea, ez baitira ur-ertzera hurbiltzen. Eta gure interes gastronomikotik at dauden heinean, ezer gutxi dakigu haien inguruan.

Pikartadura beltzez jositako gainalde marroixka aproposa dute hondoarekin mimetizatzeko. Sabelaldea berriz, zuria da. Buruaren albo banatara bost zakatz pare dituzte, eta begien atzean, espirakulu bana, arrain kartilagodun gehienen adierazgarri dena. Geldi daudenean arnasteko, ahoa ireki eta itxiz ura ponpatzen dute; hondarrean lurperatuz gero ordea, ura espirakuluetan zehar xurgatuz iragazi dezakete. Zortzi hegats dituzte, tartean bi dortsal, gainontzeko marrazoek baino zertxobait atzerago kokatuta. Arrak bereizteko, “kloaka” inguruan (uzkiari hala deritzo arrainetan) ikus daitekeen zakil pareari erreparatzea besterik ez dugu; eta bestela, jo Aquarium-era, katu arrainen ahaide diren zezen-marrazoetan errazago bereizten baitira.

Egunez lohi edo hondarrezko hondoetan ezarrita egoten dira –arrokak egonez gero, bertan ezkutatuta ere bai–; gauez, ordea, haien jarduera handitzen dute eta molusku, arrain txiki, krustazeo, xixare nahiz txibiak ehizatzen aritzen dira.

Kantauri itsasoan haien ugalketa-garai nagusia negu eta udaberri aldera izan ohi da. Espezie “obiparoa” izaki, barne ernalketa bidez ugaldu ostean, emeak arrautzak askatuko ditu; errute bakoitzean bi, eta baldintzen arabera, urtean 20tik 100era. Katu arrainen arrautzek 5x2 cm-ko azalera eta 1 cm lodierako kartilagozko zaku itxura dute, lau ertzetan kiribildutako hari sendoak dituztenak, inguruko alga nahiz koraletan ongi kateatzeko. Izan ere, bertan geratuko baitira, uraren tenperaturaren arabera 5etik 11 hilabetera, kumea garatutakoan zakua apurtu eta igerian aske hasiko den arte.

Beharbada, metal astunak pilatzen dituztela erakusten duten ikerketei, izokinen inguruan egindakoei baino garrantzi handiagoa emango zitzaien. Eta arrainok duten azal gogorrak ere izango zuen eragina, garai batean egurra lantzeko lixa modura erabilia baitzen (eta hala izendatua, Bizkaiko kostaldeko hainbat herritan ere). Kasuak kasu, arrastre-arrantzan beste espezie preziatuagoekin batera harrapatutako katu arrain asko uretara itzultzen dira, arrantza-bazterkin modura; sarritan, hilda. Hala, arraindegietan oraindik ere topatu daitekeen arrain hau erosi ez, eta gehienez azala ukitzera helduko ginen ziurrenik, marrazoen azalaren ehundura sentitzeko edo. Gure aiton-amonek, ordea, ongi ezagutuko zuten sukalki eder baterako aproposa den eguneko arrain merke eta zaporetsua. Mediterraneoko nahiz Galiziako hainbat herritan oraindik ere ongi dakite. Beraz, ez galdu aukera; ospea hartu aurretik, badaezpada.

KATU ARRAINA (Scyliorhinus canicula)

TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: Jaio-berriek 9-10 cm; helduek 60-70 cm (1 Kg gehienez).
NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean eta Mediterraneoan. Normalean 100-200 metroko hondotan, baina 400 metroko sakoneran ere bizi daiteke.
ZER JATEN DU? Krustazeo, molusku, poliketo, zefalopodo eta arrain txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko... (+)
gora