Astelehenero 8:00etan zure epostan
Txikitan, beharbada inguruko adinkide gehienen modura “gustatzen ez zaidan” zerbait izatearren, bat batean bota nuen, etxean: “Ez zait gallito gustatzen”.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Arraina.
HELDUTASUN SEXUALA: 3-5 urterekin.
BIZIRAUPENA: 14 urte.
NEURRIA: 20-35 cm.
NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean eta Mediterraneoan. Normalean 100-800 metroko hondo hareatsu eta lohitsuetan.
ZER JATEN DU? Itsas-hondotik gertu bizi diren arrain, krustazeo eta zefalopodoak.
BABES MAILA: Europan babestua.
Aitak, ordura arte jada nik janda izango nituen dozenaka arrainak aipatu gabe: “Eta limoiarekin?”. “Tira”. Ezin gezurrik esan; baina nire istorioa, kolokan. Handik aste gutxira, osorik nik sekula ikusi gabeko arraina ekarri zuen etxera. “Ikusi! Ikusi zein bitxia; non dauzkan begiak, biak alde berean… Eta zer nolako aho puska, irekiz gero! Honek karramarro eta arraintxoak jango zituen... Prestatuko dugu?”. Bai, noski! Halako itxurarekin, berezia ziur! Ondoren, afaltzen ginela, aitak: “Erreparatu diozu buruari; eta buruko gandorrari ere bai, ezta? Bada, nondik uste duzu datorkiola ‘oilar’ izena?”. Orduz geroztik, denetarik jaten dut, kukurrukurik egin gabe.
Arrain zapalen artean kokatzen dira mihi-arrainak, platuxak, erreboiloak… eta bereziki ugariak eta ezagunak direnak: itsas-oilarrak. Bada, oilar espezieen artean, “oilar handia” da (gaztelaniaz “gallo del norte”) ziurrenik guztion etxeetako plateretatik pasatu dena. Zeltentzat, halako arrainak lurra eta itsasoaren arteko loturaren sinbolo ziren; ezkutukoa eta ikusgarriaren artekoa. Garai hartan beharbada jakingo zuten, izaera bakartia izan ohi duten oilarrak negua–udaberria aldera elkartzen zirela sakonera txikiagoko kostaldeko uretan, arrautzak erruteko. Ez zuten jakingo ordea, askatutako milaka arrautza horiek, “eremu pelagikoan” jitoan egon ostean larba bilakatzean, arrain simetrikoak direla, eta ondoren jasaten dutela metamorfosia: begietako batek buruko eskuinaldera migratuko du; eta gorputza, zapaldu ahala, ezkerraldera etzango da; hortik aurrera bizi osoa “eremu demertsalean” emango du (itsas-hondoan). Begien migrazioari esker oilarrek ikusmen ahalmena handitzen dute. Haien gorputza erditik zeharkatzen duen “alboko marra”-rekin, harrapakinen bibrazioak atzematen dituzte. Estrategia aproposa, eguna hondarretan erdi-hondoratuta eta gaua harrapakinen ehizan igarotzen duenarentzat.
Gure portuetan Erdi Arotik izan dugu oilar handia. Hondoan ezkutatzeko duen trebetasunagatik edo, arrain ikusezinen pare, saihesteko gaitasuna zuela pentsatzen zuenik ere ba omen zen. Arraste-arrantzarekin ordea, aukera gutxi geratu zaie arrainoi. Izan ere, oilarra hala harrapatzen da gehienbat, itsas-hondoetako beste espezieekin nahastuta. Artisau-arrantzaleek, bestetik, tretza (gaztelaniaz “palangre”) eta sare finkoak (tresmaila, mailabakarra) erabiltzen dituzte eta bide batez, arrainok banaka, eskuz, ontziratzen dituzte. Koipe gutxiko haragi zuri eta garbi horren eskaria ordea, eskala handikoa da; bereziki Euskal Herrian, Europako beste herrialdeekin alderatuta pertsonako itsas-oilar kontsumoa gainetik baitago. Gehienetan freskoan kontsumitzeko saltzen da, eta industria transformatzaileetara ere bideratzen da; azken horietara, ordea, gehiago bideratzen da oilar handiaren ahaide den “oilar txikia” (Lepidorhombus boscii); izenak dioen moduan, txikiagoa, eta albo-hegatsetan orban beltzak dituena.
Oilar handia estimatuz gero, edo aitak nirekin egin bezala, etxekoak konbentzituz gero, erostera goazena non eta nola arrantzatua izan den jakitea onena. Ezkutukoa eta ikusgarriaren arteko lotura. Horretarako, arrandegian galdetu behar da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545