Baratzezaintza terapia baino merkeagoa da, eta tomateak jasoko dituzu!

Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin, Bizkaiko Golkoan elikatzeko migrazioa burutu arte. Mendez mende, uda garaian, euskal arrantzaleen bidaide kuttuna izan den hegaluzea, Kantauri Itsasora gerturatu da. Maiatz-ekainean, arrantzaleek sareak utzi eta, kainaberak eskuan hartuta, urteko kostera garrantzitsuenari ekingo diote. Ez dute atsedenik hartuko, kuota amaitu ezean, uda amaieran hegaluzea gure uretatik urrundu arte. Euskal kostaldean 2020an markatutako hegaluze bat bi urteren buruan Irlandan errekuperatu ostean, badakigu negua Atlantiko mendebaldean igaroko dutela, sakonera handitan, hurrengo udan berriro gurera itzultzeko.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko uztailaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Hegaluzea (Thunnus alalunga)

TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: 130 cm.
NON BIZI DA? Mundu osoko ozeanoetan, batez ere 40º I eta 40º H latitudeen artean. Migrazio luzeak egin ohi ditu.
ZER JATEN DU? Arrain pelagiko txikiak (antxoa, sardina, berdela), zefalopodoak eta krustazeoak. 
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Artisau-arrantzan aritzen diren ontziak, gehienetan txikiagoak, “xaxi-arrantzan” arituko dira. Gure kostaldean Erdi Arotik erabili izan den teknika honekin, arrantzontzia etengabeko abailan joaten da; txirrika mordoarekin, kareletik irtengo diren pita-lerroak elkarren artean katramilatu ez daitezen, “pertxa” deritzen makil luzeetan zehar pasa, eta muturreko amuak ontziaren uberan kokatuko dira. Amuek, inguruan, hainbat materialez egindako lihazkiak dituzte. Izan eskuz egindako “apeu”, nahiz berrikuntzek ekarritako gomazko olagarro txiki, helburua hegaluzeak engainatzea izango da. Abiada bizian apeuak irentsi ahala, hegaluzeak txirriken laguntzaz ontzira hurbildu, eta arrantzaleek “kizki”-arekin –muturrean kakoa duen makil luzearekin– hartuta ontziratuko dituzte, banaka.

Urtean zehar inguraketa-arrantzan aritu ohi diren arrantzontziek berriz, teknika berriago bat erabiltzen dute. 1940ko hamarkadan Kalifornian ikasitako bi lapurtarrek Euskal Herriratu zuten, inguru haietan jada ezaguna zen “beita bizia”. Kasu honetan, lehenik arrantzaleek “txitxina” (antxoa gaztea) edo “pelikatoa” (berdel gaztea) arrantzatuko dute; horiek bai, sareekin. Ontzian horretarako prestatutako ur-tangatan bizirik mantendu eta hegaluzeen bila abiatuko dira. Hegaluze-sarda atzematean, “peitero” modura izendatutako arrantzaleek beita bizia jaurtiko dute itsasora. Bestalde, “kaineroek”, kanabera prestatuko dute, amuetan beita bera jarrita. Kareletik ur-txorrota jaurtiko da, etengabe, ur-azalean zipristin eta aparra sortzeko eta hegaluzeak beita artean nolabait itsutzeko. Horrela, hegaluzeak kanaberarekin ontziratuko dira, kasu honetan ere, banaka.

Xaxi-arrantzan nahiz beita bizian, gure portuetan 6-8 mila tona inguru hegaluze harrapatzen dira, urtean. Eta honi, aisialdiko laket-arrantzan harrapatzen dena gehitu behar zaio. Laket-ontziek xaxi-arrantzaren bidez harrapatzen dituzte hegaluzeak: egun eta arrantza-baimen bakoitzeko hiru ale hartu ditzakete; eta ontzi bakoitzak, gehienez, 15. Erreparatu gure kostaldeko portuetan pertxak dituzten laket-ontzi kopuruari, eta gehitu gainera, hedatzen ari den turismo-arrantza.  

Izan “mono” (<4 Kg), “rekortau” (4 – 7 Kg) nahiz “handi” (>7 Kg), lonjara iristen den hegaluze guztia saltzen da. Arrandegitarako nahiz jatetxetarako, ertaina izan ohi da preziatuena; eta gehien-gehiena, kontserbatara bideratzen da. Baina kasu hemen, izendegiari, kostako herri gehientsuenetan hegaluzeari “atuna” ere esaten baitzaio. Eta kontserberek ondo dakite hori; hala, haietako askoren pototan, hegaluzearen (Thunnus alalunga) haragiarekin, moja (Thunnus obesus), edo Atlantiko tropikaleko, Indikoko, nahiz Pazifikoko errolfinaren (Thunnus albacares) gisako tunidoak ere nahastuko dituzte; guztiak, “atunaren” izenpean. Tropikoetan harrapatutako arrain hori ordea, ez da aipatu teknikekin harrapatzen, inguraketa-sare erraldoiekin baizik, eskala industrialean. Beraz, kontsumitu arduraz: sasoian sasoikoa, eta ahal dela, bertakoa. Izan ere, “gure” hegaluzea bakarra da, eta halakoxea da bere zapore eta haragia ere; askorentzat, hain ospetsua den hegalaburra edo atun gorria –Thunnus thynnus, askoz erregulatuagoa dagoena– baino hobea. Norberak erabaki dezala zer kontsumitu nahi duen; baina jakinda, erosten dugunaren arabera, ondare kulturala eta tokiko arrantza ere babestuko ditugula. Gora marmitakoa.

Iluntasunean argi, argi etorkizunean
Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi... (+)
Itsasoan katua marrazo
Gure hondartzak marrazoz beterik daude. Igerilariak lasai egon, kostaldean 100-200 metroko sakoneran ditugun hondartza zabalez ari bainaiz. Bertan bizi da Atlantikoko marrazo ugariena eta txikiena. (+)
Kutixi edo mokadu, guztion ahotarako
Antxoa, bokarta edo albokartia, gure arrain komertzialen artean txikiena, euskal kostaldera hurbildu da. (+)
Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste
Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso... (+)
Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men... (+)
gora