Astelehenero 8:00etan zure epostan
Txikitatik erakutsi didazun “Donosti”-ko kaian ezagutu nuen. Nire lehen kainabera teleskopikoa opari, “Kaiarribatik” “Mollardira” jaurti nuen apeua, estreinakoz. Halako batean, beruna arrokaren batean trabatuta geratu zitzaidalakoan, tira eta tira hasi nintzen. Haria ez zen eteten; berehala, ur-azalean etzanda plisti-plasta borrokan ari zen arraina ikusitakoan, ohartu nintzen. Zortekoa ni, inguruko aitona batek lagundu baitzidan arraina pixkanaka jaso eta eskilaratara hurbiltzen. “Kontuz, hortzekin harrapatuz gero, haria aise moztuko baitu”.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: 30-40 cm.
HELDUTASUN SEXUALA: 1 urterekin.
BIZIRAUPENA: 8-12 urte.
NON BIZI DA? 10-100 metroko hondo hareatsu nahiz arrokatsuetan.
ZER JATEN DU? Itsas-hondotik gertu bizi diren ornogabe bentonikoak (krustazeo, molusku eta ekinodermoak).
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Uretatik atera eta ‘’klok-klok’’ moduko hotsa ateratzen zuen, ahoa ireki eta hegatsak zabaldu ahala. Hortzak ikusitakoan erabaki nuen haria badaezpada ere muturraren aurrean moztea –muskuilu eta krustazeoen oskolak erraz txikitu ditzake–. Hantxe joan nintzen, lasterka zure kaiko txokora, globo aerostatiko bat baino puztuago. “Zer da?”; eta zuk, “ez dakit, baina bizilagunak jakingo du”. Garai hartako “google”. Etxera korrika. Eta laket-arrantzan iaioa zen bizilagunak: “Pez ballesta, oso goxoa da! 1980ko hamarkadan Afrikan milaka tona arrantzatu ziren, ia desagertzeraino. Hemen gero eta gehiago ikusten dira, uraren tenperatura igo ahala. Azala zaldun baten armadura bezain gogorra du, eta zaila da kentzen; baina ongi eginez gero, labean gozatuko duzue. Eta burua, gorputzaren erdia dena, aprobetxatu salda baterako!”. Etxera ekarritako arrainentzat jarri ohi nuen plater handiena, behingoagatik, aproposa zen; oraingoan bai. Biharamunean erakutsiko zenidan, etxeko libururen batean, “balezta” zein arma zen, eta arrainak hegats dortsalak blokeatzeko duen mekanismoarengatik zuela bere izena. Hara nondik zetorren, uretatik atera ahala, entzuten nuen soinu hura! Lehen hegats dortsala defentsa gisa altxatzean, bigarren hegatsak seguru funtzioa hartzen du, honen jaitsiera eragotziz; hegats handia berriro jasotzeko, lehenik txikia askatu beharko du. Antza, pitzaduratan ainguratzeko eta harrapariak uxatzeko sistema da. Arrek ere erabiliko dute, bereziki udaberri–uda garaian, habia egin eta hura oldarkor babesten dutenean.
Nire urtebetetzea azkenekoz ospatu genuen egunerako ere arrain hau erosi nuen. Oraingoan, arrain-saltzaileak hartu zuen arrainari azala kendu eta hura garbitzeko lana; “arte txikiekin hartu ohi dute artisau-arrantzaleek, gehienetan sareekin (mallabakarra, tresmaila…); ale gutxi iristen dira eta jendeak ez du ezagutzen, baina oso haragi trinko eta zaporetsua du”. Ondorengo mahai-inguruan osatu genuen istorioa, gurearekin; eta nola ez, haren zaporea oroitu. Zurekin konpartitutako azken Gabonetako arrain-zopak ere, bizilagunaren aholkuari jarraiki, haien buruen zukua izan zuen.
Itsas-oilar handiaren ingurukoa izan zen entzun zenuen "A Ze Fauna" sail honetako azken artikulua: arrainik hunkigarrienarena, niretzat; zu parte baitzinen, kontatutako istorio hartan. Orain, isiltasunaren hizkuntzan ulertzen zidan horri, nola esan agur? Hemen duzu, beste arrain bat: hunkigarriena zena, zuretzat. Denak ez direlako berdinak. Udan txalupan kainaberarekin laket-arrantzara joan zinen azken aldian, zure gertukoenekin zinela, zer eta baleztarraina harrapatu zenu(t)en, Santa Klara atzealdean. Bai, baleztarrain bat ikusten dudan bakoitzean ere, elkartuko gara.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545