otsailean, katuak ere arrain eskean.

Kutixi edo mokadu, guztion ahotarako

Antxoa, bokarta edo albokartia, gure arrain komertzialen artean txikiena, euskal kostaldera hurbildu da.

Eneko Bachiller Otamendi
Eneko Bachiller Otamendi

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko martxoaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Getariar ahozko-ondareak erakutsi digu, bat datorrela kostaldeko akazia zuhaitzak loratzen hasten diren unearekin. Iluntzetan kostaldean argi mordoa pizten hasi da, azken hilabetetan tantaka ikusi dugun baxurako flota esnatu den seinale. Arrantza-ontziek argi horiekin erakarriko dituzte antxoak, ondoren inguraketa-sareekin sardak harrapatzeko. Izurdeek ere estimatzen dute halako bazka, baita itsas-hegaztiek ere (zangek, ubarroiek…). Egunotan inguruan ditugun berdelek, aukera izatekotan, bat edo beste irentsiko dute. Eta hauen guztien ahoetatik ihes egiterik izango balute, uda gerturatu ahala, hegaluzeak ere gerturatuko dira. Haiek ere jan behar baitute.

Bizkaiko Golkoan antxoaren errute-garai nagusia maiatz-ekain aldera izan ohi da. Egunez sarda txiki trinkoetan bilduko dira, itsas-hondotik gertu, harrapakariengandik babesteko. Ilunabarrarekin batera, emeak ur-azalera gerturatu eta, sakonera txikitan, arrautzak askatuko dituzte. Arrak, emeen azpian kokatuak, haien semena askatuz ernalduko dituzte itsasoan jitoan geratuko diren milioika arrautza horiek. Errutea egin eta berehala, inguru horretatik mugituko dira, kanibalismoa ekiditeko; izan ere, antxoak, harrapakin interesgarririk aurkitu eta ehizatu ezean, etengabe ahoa ireki eta ura zakatzetan zehar iragaziz elikatzen baitira.  

Ugalketa frantziar nahiz kantauriar plataforma kontinental osoan zehar ematen da (200-250 metro inguruko sakoneran dagoen lautadan) eta batez ere, Garona eta Aturri ibaien itsasadar parean. Horrela, larbak elikagai aberatseko ur-eremuetan jaioko dira, uhertasuna lagun, harrapakariengandik libratzeko. Hasierako hilabeteetan ur-korronteek kostaldetik urrundu eta sakabanatuko dituzte; beste batzuk plataforman geratuko dira. Kanpoaldeko eremu ozeanikoan nahiz ezponda kontinentalean (lehen aipatutako lautadaren amaieran zabaltzen den ur sakonagotarako amildegian) banatutako txitxin-ek (hala deitzen diete jubenilei Lekeition) elikadura-baldintza egokiagoak izango dituzte harrapakin handiagoak aktiboki ehizatzeko; haien sabelak plataforman dauden gaztetxoenak baino beteago egon ohi dira bederen. Edozein kasutan, gaztaro laburra izango dute. Jaio eta urtebetera, antxoa horiek jada heldu bilakatuko dira, arrautzak erruteko gai; urteko heldu berri kopuru horri errekrutamendu esaten zaio.

Antxoaren gehiegizko arrantzak eta hainbat urtetan jarraian pairatutako errekrutamendu baxuak populazioa kinka larrian utzi zuen 2005ean, eta bost urterako arrantza-debekua ekarri zuen; antxoa belaunaldi baten bizi-ziklo osoaren iraupenekoa, hain zuzen. Halako bizitza motza izateak alde txarrak dituen moduan, onak ere izan ditzake. Guztiok ikasi genuen: zainduz gero, naturak erantzuten du; eta antxoek ere bai. Hala ere, ikusteke dago aldaketa klimatikoak zer ekarriko ote duen; dagoeneko antxoak ohi baino lehen erruten hasiak dira, eta 2022an tetrabrik baten luzerako antxoak harrapatu ziren Xixonen, 8 alek kiloa osatzen zutela (8 grano-ko antxoa esaten zaio). Pentsa, udaberrian 40-60 grano ingurukoa da hartutako “txikia”; 30-40-tik beherakoa, ‘handia’ (kontserberek bereziki estimatzen dutena); eta 90ekoa da arrantzaleentzat uztailetik aurrera ezarritako muga.

Neurriak neurri, ahalik eta freskoen hartu, goxoago. Eta sardinen kasuan bezala, ardorakoa (ilunabarrekoa) baino, albakoa (egunsentikoa) oraindik ere hobe. Beraz baloratu dezagun, eta gozatu dezagun. Beti gogoan edukita, itsasoan badirela beste asko, antxoaren beste garai larri bat etortzekotan, guk baino eragin serioagoak pairatuko dituztenak.

ANTXOA EDO BOKARTA Engraulis encrasicolus

TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: 15-20 cm.
NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoko ekialdean (Europa eta Afrika ipar mendebaldeko kostaldean) eta Mediterraneoan.
ZER JATEN DU? Intsektuak.
BABES MAILA: Kopepodoak eta krill-a (zooplanktona). Bestelako larben moduko harrapakin handiagoak ere bai, banaka.

Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste
Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso... (+)
Buruan urrea, gehiena akuikulturan ordea
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men... (+)
Mugarik gabe, baina ez mugagabe
         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren... Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko. (+)
Eztena, marmokena ez dena
Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan?... (+)
"Azken dantza hau" bisiguarena izan ez dadin
Txikitan kaian arrantzatu ohi genituen ‘pantxito’ gehienak ziurrenik bisiguak izango ziren, baina nekez ikusten genituen bisigu handiak. Izatekotan, jatetxe ezagunetan izango zen, arraindegietako bisigu gehienak... (+)
gora