Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aurten hogei urte betetzen ditu Azkorria kooperatibak. Hori ospatzeko, urriaren 17an Muskildin festa egingo dute. Hitzordua 09:00etan da, Azkorria dendaren atarian: ekoizleen merkatua egingo dute lehenik, eta ondotik bazkaria, 12:30ean.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
1999an Zuberoako artzain talde batek abiatutako hausnarketa prozesutik sortu zen Azkorria kooperatiba. "Garaian, industria bati saltzen zioten ardi esnea inguru honetako artzain guztiek, eta Ossau-Irati sormarkako etxaldeei prezioa igotzeko hainbat borroka egin ziren ELB sindikatuak bultzatuta, baina industriarekin ezer lortu ezin zenez, pentsatu zuten: 'Zergatik ez guk geuk muntatu, gure ideiekin, gasnategi bat?'", gogoratu du kooperatibaren hastapena Ekaitz Mazusta kideak. Eta horrelaxe egin zuten: hamazazpi laborari elkartu ziren, eta lanketa luze baten ondotik, 2006an atera ziren Azkorria izena zuten lehenbiziko gaztak merkatura.
Hasieratik argi izan zuten ekimenaren bultzatzaileek Ossau-Irati sormarkaren barruan zeuden ekoizle txikien kooperatiba izanen zela Azkorria, eta ez hori bakarrik: lekuko arrazekin lan egiten zutenak zeuden taldean, larratze sistemetan oinarritutako ekoizpenak zituztenak eta esne gordineko eta kalitatezko gazta egiten zutenak. "Beste araudi edo balio batzuk ere jarri zituen kooperatibak hasieratik, besteak beste, silo eta belar plastikodun horien erabilera kentzea", gaineratu du kideak. Helburu nagusia Zuberoako etxalde ttipiak biziarazteko kalitatezko ekoizpena bultzatzea zen, eta kooperatibaren eredua lehenetsi zuten bide horretarako. "Azkorriako erabakiguneetan derrigorrez ekoizle guztiak presente dira, ez da kooperatiba handietan bezala, haietan 500 kide dira eta erabakiak bospasei lagunen artean hartzen dituzte", dio.

Kolektiboaren eta taldearen indarra azpimarratu du laborariak, eta baita hasieratik eremu txiki batera mugatzeko egin zuten apustua ere. "Gure printzipioetan ezarri genuen eremu txikia hartuko genuela, Zuberoari lotua izanen zela proiektua, helburua ez zelako kooperatiba handi bat muntatzea. Alderantziz, beste toki batean antzeko egitasmoren bat egin nahiko balute, pozgarria litzateke guretzat: nahiago dugu bi txiki izatea handi baten ordez", gehitu du. Gaur egun, hamasei laborarik osatzen dute Azkorria.
Muskildiko eta inguruko herrietakoak dira kooperatibako kide gehienak, eta horregatik erabaki zuten bere garaian gasnategia bertan eraikitzea. "Garaian inbertsio potoloa egin genuen, baina diru-laguntzak izan genituen, eta duela bederatzi urte langileen lan baldintzak hobetzeko berriztatzea ere egin genuen", azaldu du kideak. Funtzionamendua honakoa da: kooperatibak ekoizleen esnea biltzen du, gasnategian egiten dute gazta, eta Azkorria markaren pean merkaturatzen dute.
"Hasieran hiru langile zeuden proiektuan, eta laguntzaile asko, baina poliki-poliki, egoera ekonomikoa hobetu ahala, laguntzaren partea txikitu eta langileena emendatu da", adierazi du. Urte osoko sei lagun dira kooperatibako langile gaur egun, eta sasoiko bederatzi langile. 550.000 litro inguru esne eta ehun tona inguru gazta ekoizten dituzte. "Salmenten zati handi bat Euskal Herrian bertan egiten dugu, eta beste bat Akitania inguruan eta frantses estatuan barrena", dio.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545