Asteroko buletina
Urtarrilean pinpirina ikusi baino, otsoa ardi jaten ikusi nahiago.

Iragarkiak

Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin badakit ez dela garai kontua soilik; alegia, udazkenak eta negu hasierak barrura begira jartze hutsa.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko abenduaren 09a

Albistegiak entzuteko, azken urteotan munduaren egoerak sortu didan apatia eta etsipen egoskorrei gehitu behar diet iragarkiek pizten didaten haserrea. Bereziki irrati publikoetan entzuten ditudanek. Baita irrati publikoetan iragarkiak entzuteak berak ere. Aspaldian ekin nion iragarki tarteen hasieretan irratia itzaltzeari –berdin, kirol tarteekin–.

Goizean goiz egiten zaizkit gogaikarrien. Uneak izango du bere pisua, baina neure onetik publizitatearen iturriek eta edukiek beraiek ateratzen naute. Azaroaren 11n egin nuen aproba: goizeko 7:00etan hasi eta 10:00etan bukatu. Hogeita hemezortzi iragarki. Hogeita hemezortzi. Irrati publiko batean. Zur eta lur geratu naiz. Senak zer edo zer xuxurlatu zidan...

Iragarleak. Hogeita hemezortzi iragarkien artean hamabi baino ez ziren erakunde publikoenak, bederatzi erakunde publikok jarritakoak. Hogeita sei iragarkien atzean ziren, beraz, enpresa pribatuak. Irrati publiko batean.

Iragarkien edukiak. Erakunde publikoen iragarkietan, batean baino ez zegoen informazio praktikoa; eta informazio praktikoen emankizuna enpresa pribatuek “babesten” zuten, kasu batean izan ezik. Gainontzeko guztietan, ustezko sentsibilizazio kanpaina zen edo erakundearen beraren publizitatea. Enpresa pribatuen iragarkiei eta jardunbideei dagokienez, asko dago esateko, baina gaur azpimarra jarri nahi diot oinarrizko eskubideen merkantilizazioaren naturalizazioari.

Emarian-emarian, egunero-egunero, irrati publiko baten bidez, bagoaz irensten kapitalaren mezua, eskubideak oparitzen –akaso, oraindik ez ekintzaz– eta natural-natural onartzen hanka bateko barize mingarriak kentzearren 3.000 euro ordaindu behar ditugula; hori bai minak ahanzteko eta hankak luzitzeko moduko mauka! Edo kanpoko inork abisua emateko deitu baino lehen, gurasoen zaintzaz arduratuko den enpresari deitu behar diozula. Unibertsitate pribatuen ahalmena ere irratira heltzen da; ikasturteko, hasi prestatzen 10.000 euroren bueltako aurrekontua, hori baita aukera bakarra etorkizun loriatsua izateko; herria ingeniarien faltan baitago. Ez arduratu, iragarki segidan banketxeak ere badira, eta laguntzeko prest daude. Janaria, noski, izango da naturala, bertakoa, kulturala, freskoa eta gurea, ohituraz zurekin dagoena; begira, orain, adibidez, Oreoak daude aukeran, eta Gabonetarako gozoak eta bonboiak %30eko deskontuarekin, tripa ongi betetzeko. Beti komeni den prezioan.

Horrelakoak entzun behar izaten ditugu, egunero-egunero, temati, irrati publiko batean. Maltzurra izanik, edonork pentsa lezake Euskal Irrati eta Telebistako administrazio kontseiluak lagundu nahi digula oinarrizko eskubideen publikotasunaren galera onartzen, dolutik pasa gabe, lozorroan.
Horretarako, gozo-gozo, haien “jasangarritasunaren” zertzeladez zipriztintzen dituzte mezu guztiak,  darien kiratsa estaltzeko esperantzaz, akaso; koherentzia lurrin-ontzietan salduko balitz bezala.

Aluminiozko kafe-kapsulen “jasangarritasunaren” mikatzak amata ditzala, arren, amaren kafetera italiarrean egindako kafe xumeak.

Itzul nazala, otoi, sen ona galdu ez duen mundura.

Banoa, artiletan sustraitzera.

Harreman toxikoez
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo... (+)
Lantokietako isilpeko doluaz
Hau irakurtzen duzunerako, ez dakit zenbat herri izango ditudan bihotzean eta zenbat gogoeta buruan. Idatzi hau bidali baino lehen, izan naiz Arantzan, Tolosan, Elgoibarren eta... (+)
Trenetik salto egin nahi
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik... (+)
Su artifizialak
Bitxia egiten zait oso askok su artifizialei dieten miresmena. Ikuskizunak sortzen duen itsutasun eta gorreria aukeran nonahi. Ni uxatu egiten nau giro piroteknikoak. Baina onartzea... (+)
Arrigorri
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora