Asteroko buletina
Jatea behar bat da, baina buru argiz jatea arte bat da

Ipurtargi gaziak

Zein gauza liluragarria argia sortzeko ahalmena izatea, ezta? Ipurtargiak, kakalardoen familiakideak, lehorreko izaki dirdiratsu ospetsuenak dira; baina itsasoan ere badira, ozeanoetan, distira egiten duten hainbat izaki biolumineszente.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko otsailaren 05a
Malko urdina (Noctiluca scintillans)

Taldea: Itsas dinoflagelatua /Protista: animalia, landare edo onddo ez diren organismoak.

Neurria: 200-2.000 mikrometro artean.

Non bizi da? Itsaso zabalean, modu pelagikoan, ur bero, hotz eta epeletan.

Zer jaten du? Planktona: diatomeoak, dinoflagelatuak, baita bakterioak, kopepodoak eta arrain-arrautzak ere.

Marea gorrien sortzaile da: Espezie honen elikagai-iturri nagusi den planktonaren kontzentrazio altuek, eta urtaroko aldeko baldintzek, malko urdina masiboki ugaltzea eragiten dute eta, ondorioz, “marea gorria” izenez ezagutzen den fenomenoa sortzen da.

Itsas animalien %76 biolumineszenteak dira, tamaina guztietakoak, krustazeo txikienetatik marrazo handietara, eta tartean baita txipiroi erraldoiak ere. Beraz, itsasoa “ipurtargiz” betea dagoela esan dezakegu, nahiz eta ez diren errazak ikusten, gehienak ur sakonetako espezieak baitira.

Baina nola sortzen du izaki bizidun batek argia? Naturak hainbat modu aurkezten dizkigu. Fotoforoa, substantzia kimiko jakin batzuen bidez (adibidez, luziferina) argia igortzen duen organoa da, itsas animalia batzuetan argi-puntuz osatua agertzen dena; arrainetan eta zefalopodoetan ikusten errazak izaten dira. Organo hau sinplea edo giza begia bezain konplexua izan daiteke, lenteak, kolore-iragazkiak eta islatzaileak baititu. Bestalde, badira beste hainbat animalia, argia, harrapakinen liseriketan xurgatzen dituzten substantzietatik abiatuta sor dezaketenak, espezializatutako zelulen bidez (fotozitoak), nahiz organismoak dituen bakterio sinbiotikoen laguntzaz.

Biolumineszentzia duten animalia entzutetsuenen artean, arrain abisopelagikoak daude, hau da, ozeanoetan, eguzki argirik iristen ez den 4.000-6.000 metro arteko sakoneratan bizi direnak. Bestalde, arrain lofiformeek, haragi distiratsuko beita bat dute, harrapakinak erakarri eta haiek irensteko, arrantza-teknika aurreratua bailitzan. Oroitzen Nemo-ren filmeko linterna-arrainaz? Bada, arrandegietan erosten dugun xapoa (Lophius budegassa) ere, familia berekoa da. Asturias parean inoiz topatu izan diren txipiroi erraldoiak (Architeuthis sp.) ere biolumineszenteak dira; horiek ere harrapakinak ehizatzeko erabiltzen dute argia. Egunez, sakonera handiko uretan egoten dira eta gauez sakonera txikiagoetara mugitzen dira, ehizatzera. Harrapakinak gerturatu ahala, argi distira bortitz batekin itsutzen dituzte, argazki kamera baten flash argia bailitzan.

Ur sakonetako marrazo batzuek (adibidez, Dalatias licha), hainbat hormonari esker (tartean melatonina edota prolaktina), argi ekoizpena kontrolatzen dute. Munduko marrazorik txikienak direnek (15 cm-koak) berriz, linterna-marrazoek (Etmopterus perryi), beren sexu organoetan duten fotoforoen argia espezie bereko kideei erakusten diete, harro, autopromozioa egiteko; horrela, ur ilun eta sakonetan bikotea topatzeko aukerak handitzen dituzte.

 

 

 

Malko urdina edo argi txinparta. Organismo ñimiño horiek itsas azaleko bibrazioekin kitzikatzen direnean –dela olatuengatik, dela beste organismo batzuen presentziagatik–, argia sortzen dute. Argazkia: Mutolisp / CC-BY-NC-SA 2.0

 

 

 

Ezin azken adibide hau aurkeztu gabe utzi: gure itsas “ipurtargi gazia”. Bizkaiko Golkoan badugu ipurtargien antzeko erreakzio kimikoa baliatuz argitzen den dinoflagelatu bat,  malko urdina edo argi txinparta bezala ere ezaguna (Noctiluca scintillans). Itsas planktonaren parte den organismo zelulabakar honek luziferina molekularen oxidazio prozesuaz sortzen du argia. Organismo ñimiño horiek itsas azaleko bibrazioekin kitzikatzen direnean –dela olatuengatik, dela beste organismo batzuen presentziagatik–, argia sortzen dute. Gure kostaldean itsasontzi batean gauez nabigatzeko aukerarik izanez gero, hauxe, hitz gutxitan, izan dezakezun bizipena:  txalupa baten muturrean, izurdeak brankako gilan saltoka, ilargi-igitai baten argitan eta ugaztunen bizkarretan barna, planktonaren biolumineszentzia. Txinpartaz, zipriztinez eta “ipurtargi gazi”-z bustitako ikuskizun paregabea. Itsasontzirik ezean, beste aukera, hondartzara iristen diren olatuek dakarten argia kontenplatzea. Baina, hori bai, hondartza basati samar batean beharko du, argi-kutsadurarik gabe, bestela, gure baitan pizten diren bazter miresgarri horiek ez baitira hain erraz ikusten.

Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle
2024-05-06 | Nagore Zaldua
Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri... (+)
Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko... (+)
Kanpaiak nonahi
2024-03-18 | Nagore Zaldua
Taxonomia, espezieen ezaugarri txikienak kontuan hartuz bata bestearengandik bereiztea eta identifikatzea helburu duen zientziaren alorra da. Mila jatorri, mila izen arrunt, eta izen zientifiko bakarra... (+)
Ur hotzetan ur epel
2023-12-18 | Nagore Zaldua
Hobeto ezagutzen dugu ilargiaren gainazala, inguratzen gaituzten ozeano, itsaso eta ur sakonak baino. Eremu urdin eta zabal horietan murgilduz gero, telebistako dokumentaletan lurralde urrun, bero... (+)
Haizea buruan eta ibili munduan
2023-10-30 | Nagore Zaldua
Ez dugu animalia lirdingatsu honen inguruko ezagutza handirik oraindik. Hala ere, uda honetan gure hondartzetan ospetsu izatera iritsi da. Izan ere, haize-orratzak hego-ekialdera begira jartzen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora