Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko gaia emango didala.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2024ko apirilaren 22a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Orduan euskaldunok lintsusa, plausta, sabuka, sakuta, txutxika eta aztunpa ere deitzen diogun sendabelar honen ikuspegi antropologiko eta etnografikoak izan nituen hizpide baina gaurkoan praktikotasunera jaitsiko naiz, kosta aldean aurreneko intsusa loreak ikusiak baititut eta berarekin lan egiteko garai ezin hobea baitugu hau. 

Egun eguzkitsua denean eguerdi aldera loreak bilduko ditugu, ondo zabaldutako lore buruak bakarrik, dozena bat edo. Ahuspez ipiniko ditugu erretiluan eta sukaldera eramango. Bi arrautza eta gatz pittin bat irabiatu eta aurreneko lore burua ongi igurtziko dugu, zartaginean olioa berotzen den bitartean. Akaso irina ere ipini nahiko diozue, niri arrautzetan pasa ondoren txitxirio irinez biltzea gustatzen zait baina aukerakoa da. Kroketak balira bezala frijitu ongi, gorritu arte, eta azpian papera ipinitako erretiluan utzi. Mokadu oso goxoa eta osasungarria egingo dugu, hesteetarako bereziki ona. Beherakoa eragiten badu gehiegi jan ditugun seinale, halakoetan pare bat janez hastea eta pixkanaka kopurua igotzea komeni izaten da.

Kosmetiko polita egingo dugu lore hauek oliotan beratuta. Buruz behera lehortzen utzi eta lehortu berri daudela ekilore olio ekologikotan beratzea gomendatzen dut. %25ean loreak ipini eta Maria bainuan ordu erdian berotuko dugu, ondoren gau osoan dagoen bezala utzi (beratzen jarrai dezan) eta goizean bi aldiz iragazi, lehenengo iragazki metalikoz eta gero oihal trinko bat erabilita. Kristalezko botila ilun eta hermetikoan ondo egongo da. Larruazala leuntzeko, baretzeko eta argitzeko erabiltzen da, antiinflamatorioa eta depuratzailea baita. Hala, makillajea kentzeko erabil daiteke baina baita masajerako ere. Oherakoan aurpegia garbitu eta pittin bat igurtziz gero hasiko zarete intsusa estimatzen. 

Lore lehortu berriak eta orain indartsu daukagun plantaina arraren (Plantago lanceolata) hosto lehortu berriak kopuru berean nahastu eta infusiotarako jasotzea ere ideia ona da. Udazkenean arnas bideetako gaitz eta ajeak hasten zaizkigunerako infusio egokia dugu hau. Azken urteotan niri biekin tintura egitea gustatzen zait, sendabelarra eskura edukitzeko oso modu ona baita. Tintura indartsuagoa eta inmuno estimulatzailea egin nahi duenak bildu ditzala udazkenean intsusaren aleak, lehortu eta egin dezala tintura (aleak %25ean). Udaberrian egindako tintura eta udazkenean egindakoa %50ean nahastu ondoren eta horra hor erremedio indargarri on bat: probatu duenak badaki.

Sendabelar lorea eta ale helduak seguruak dira baina hostoak eta ale heldu gabeak toxikoak dira. Ez ditugu ez barne erabileran eta ez kanpo erabileran hartuko. Haurdunaldian eta edoskitzaroan intsusa ez da segurua, odolaren oxigenazioa handitzen duela badakigu eta erabateko segurtasuna emango digun ikerketarik ez dago. Aleak ez dira bateragarriak immunitatea gutxiarazteko botikekin eta kortisonarekin baina loreak, aldiz, bai.

English remedies
Udaberriko loreez zirriborroa neukan egina gaurko artikulurako, naturaren zikloei begira idaztea eta garaian garaikoa ekartzea gustatzen baitzait baina artikulugile daramadan denboran ikasi dut maiz gaia... (+)
Gu ere lugorri
Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak... (+)
Samariar baltsamoa
Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat... (+)
Txikori-belarra udaberrian
Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino... (+)
Aurtengorako irakurgaiak
Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten... (+)
gora