Arrantza handi eta industriala defizitarioagoa da sozialki, ekonomikoki eta ekologikoki arrantza txikiaren alboan; arrantza txikiak baino dirulaguntza publiko dezente gehiago jasotzen ditu; eta are, soilik laguntza horiei esker bizirauten du. Horixe erakutsi du Frantziako arrantza ereduak aztertu dituen ikerketa batek, hain zuzen, gurean ere arrantza txikia desagertzen ari denean.
Frantziako Bloom elkarteak gidatu du ikerketa. Frantzian, baina baita haratago ere, itsasoaren eta arrantza artisauaren defentsan dabil gobernuz kanpoko erakundea. Kasu honetan, Bidarteko Biharamunen Lantegia ikerketa parte-hartzaileen kooperatibaren laguntza eduki du. Hainbat arrantza ereduren eragina, eraginkortasuna eta jasangarritasuna ikertzeko, ikuspuntu ekologikoa, sozioekonomikoa eta ekonomikoa uztartu dituzte.
Frantziako hainbat tokitako datuak bildu dituzte, batez ere Atlantikoaren ipar-ekialdean aritzen diren itsasontzi txikiz osatutako ontzidienak. 2.720 ontzi dira eta Frantziako lehorreratzeen %70 ordezkatzen dute.
Emaitzak oso ezkorrak izan dira, batez ere industria arrantza handiarentzat eta hondoko arraste-sare ontzientzat: ekologikoki oso suntsikorrak dira, besteren artean, espezie oso ustiatuentzat, ale gazteentzat eta itsas hondoarentzat; bereziki CO2 isurketa ugariren erantzule dira; lanpostu eta balio erantsi gutxi sortzeko gaitasuna daukate, batzuetan defizitarioak izatera iritsi arte; horrenbeste da horrela, ezen ez balitz jasotzen dituzten dirulaguntza publiko ugariei esker, ez lirateke errentagarriak izango.
Arrantza txiki eta artisauak kontrako emaitzak jaso ditu adierazle horietan guztietan, espezie zaurgarrien (itsas txori eta ugaztunak) harrapatzeetan izan ezik. Hala beraz, “zentzugabekeria ekonomiko, sozial eta ekologikoaz” ohartarazten du txostenak.
Leo Belaustegi 12 milia elkarteko kidea da, itsasbazterreko lehenengo 12 miliak babestearen aldeko elkartekoa. Mutrikuko arrantzale ohiari galdetu diogu gaiari buruz, eta ondokoa adierazi du: “Txosten oso aberatsa da, irakurritako sakonenetarikoa. Datu asko biltzen ditu. Oso ondo azaltzen du nola dauden gure itsaso eta kalak”.
Leo Belaustegi, 12 milia elkarteko kidea: “[Arrantza txikian] Euskal Herrian 52 bat itsasontzi geratzen dira eta ehun arrantzale baino gutxiago”
Bloom elkarteko arrantzaren trantsizio sozio-ekologikorako proiektu zientifikoen koordinatzailea da Léna Fréjaville. Azaldu du dezente zabaldu dutela ikerketa, besteren artean Euskal Herriko arrantzale txikien artean, eta momentuz ez dutela berau ezbaian jartzen duen argitalpenik aurkitu.
Datuok zeresana eman dezakete Euskal Herrian, momentu honetan. Alde batetik, itsaso kudeaketa eta arrantza ereduen eztabaida mahai gainean dagoelako Getariako (Gipuzkoa) zimarroi haztegiengatik eta Eusko Jaurlaritzak kostalderako jaso berri dituen konpetentzien transferentziagatik. Baina bestalde, eta oro har, itsasoek eta bertako arrantzek duten egoera kaskarragatik.
20 urtean arrantza txikia erdira Euskal Herrian
Krisi eko-soziala hainbat modutan eragiten ari da itsasoengan: urak azidotzea, oxigeno galera, ura berotzea, eta korronteetan aldaketak, besteak beste. Horrek eragin handia eduki du itsasoetako biomasetan; esaterako, ozeanoen %55 arrantza industrialaren presio arriskupean dago, eta Ipar itsasoan 16 kg baino gehiagoko bizidunak %99 murriztu dira industrializazioa hasi aurretik.
Gurera etorrita, arrantza txikiaren egoerari buruz argi dio Belaustegik: “Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantza txikiaren egoera oso kaskarra da. Arrantza industrialak gaina hartu dio, izugarrizko txikizioa ekarri du, eta ondorioz, itsasoan dagoen arrain biomasa asko gutxitu da. Gainera, itsasontzi txikietan ez dago belaunaldi berririk, itsasontzi txikiek errentagarritasun gutxi baitaukate horiek erakartzeko. Amaierara doan sektorea da”. Ikerketak ere bat egiten du irakurketa horrekin, Frantzian itsasbazterreko arrantza, txikiena eta artisauena, ontzien %70a, horren gainbehera handia bizitzen ari da. Desagertzera bidean dagoela esan daiteke.
Errealitate hori zenbakitan jarrita, Belaustegiren arabera, Euskal Herrian arrantza txikiaren egoera muturrekoa da: “20 urtean erdira murriztu da. 52 bat itsasontzi geratzen dira egun, eta horietan 100 arrantzale baino gutxiago. Gainera, horietako askok erretiroa oso gertu dute, eta laster arrantza utzi egingo dute, inork ez diolarik itsasontziaren jardunari eutsiko”. Frantzian ere, 1995 eta 2020 artean, arrantza txikiaren flotaren %30 galdu da, eta 2020 eta 2021 artean bakarrik, arrantzale txikien %20k utzi du”.
Arrantzak ondorio sozial eta ekologikoak ere baditu
Egoerak hala eskatuta, hainbat elkarte eta eragileren elkarlanaren ondorio izan da txosten hau. Aipatutakoez gain, The Shift Project karbono-osteko ekonomian aditua den hausnarketa taldearekin elkarlanean antolatu dute proiektua. Hala, ikerketa egiteko Frantziako Agro Institut, AgroParisTech eta Zientzia Sozialetako Goi Mailako Ikasketa Eskolako (EHESS) arlo anitzetako ikerlariak bildu dira.
Hain zuzen ere, hainbat arlotako adierazleak bildu ditu diziplinarteko perspektiba integratzailearekin. Karbono balantzea ideian oinarrituta, txostenak arrantza ontzidien itsas balantzea ebaluatu du, aldi berean aztertuz haien jardunak dituen ondorio ekonomikoak, sozialak, baina baita ingurumenean dituen eraginak ere. Bereziki azpimarratu dute arrantzaren sektorea jada ezin dela aztertua izan soilik produkzioaren prismatik, baina hori ere kontuan hartu behar dela. Eta hori litzateke, haien esanetan, azterketaren berrikuntzetako bat. Emaitzetatik haratago, metodologian datza ekarpena, eta arrantza “iraunkorraren” oinarria aurkitzeko hamar adierazle proposatu dituzte.
Hamar adierazle ekologiko, sozial eta ekonomikoak
Horien artetik bost ingurumen adierazleen artean kokatu dituzte: neurriz kanpoko ustiaketa aztarna, arrantza mota bakoitzak neurriz kanpo ustiaturiko stocketatik lehorreratzen duen tona kopurua; arrain gazte aztarna, ontzidi bakoitzak arrantzatzen duen arrain gazte kopurua; itsas hondoen urradura aztarnak arrantza flota bakoitzak arrantza-erremintak (arraste-sare, draga edo senu daniar) arrastaka erabiltzen dituenean hondatzen duen eremua neurtzen du; espezie zaurgarriak aztarnak arrantza flota bakoitzak espezie zaurgarriak harrapatzeko duen arriskua kuantifikatzen du, esaterako itsas ugaztunak edota itsas txoriak; eta azkenik, karbono aztarnak negutegi efektuko gasen isurketa neurtzen du ontzidi bakoitzaren CO2 isurietan oinarrituta.
Bestalde, adierazle ekonomiko eta sozialak daude: balio erantsiak flota bakoitzak sortzen duen aberastasuna neurtzen du termino monetarioetan; ontzidiek sortzen duten enpleguak flota bakoitzak lanaldi osoaren baliokidean zenbat lanpostu sortzen duen zenbatzen du; flota bakoitzaren lan kostuak ontzidi bakoitzean lanaldi osoaren baliokideko lanpostu bakoitzak duen kostua neurtzen du; ustiapen soberakin gordinak sektore bakoitzak kostuak kendu ostean sortzen duen balio erantsia neurtzen du, hau da, sektore bakoitzaren errentagarritasun ekonomikoa; eta azkenik, dirulaguntza publikoarekin, flota bakoitzak jasotzen dituen dirulaguntza publikoak neurtzen ditu. Puntu honetan dago ikerketaren gakoetako bat, izan ere, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE, ingelesez OCDE) zeharkako dirulaguntza gisa aitortzen ditu zerga kargak arintzen dituzten kenkariak. Horien artean, produktu energetikoen kontsumoari buruzko barne zergaren (TICPE) karga arintzea kontuan hartu du ikerketak, beste ikerketa batzuetan egiten denaren kontrara. Ikerketaren emaitzetan berebiziko aldaketa eragin du aldagai horrek, ikusiko den antzera.
Ingurumen eragin handiena eta txikiena duten arrantza motak
Baina ontzidiez ari delarik, zer adierazi nahi du ikerketak? Arrantza moten sailkapena egin du ikerketak, hala, bakoitzak dituen emaitza sozio-ekonomiko eta ingurumen-inpaktu zehatzak arrantza teknika eta tamaina bakoitzarekin lotu, eta eraginkorrenak eta jasangarrienak direnak eta ez direnak ondo ebazteko. Arrantza teknikei dagokienez, lau multzo handi daude: arte geldoak, dragak eta lanbide polibalenteak, arraste-sare eta senu pelagikoak, eta hondoko arraste-sare eta senuak. Aldi berean, hiru multzo egin dira ontzien tamainaren arabera: itsasbazterrekoak, 0-12 metro artekoak; itsas zabalekoak, 12-24 metro artekoak; eta industrialak 24 metro baino luzeagoak.
Ikerketa teknika eta arrantza eredu bakoitzaren emaitzak aldagaiz aldagai, edota aldagai multzo txikika ematen ditu. Hala, neurriz kanpoko ustiapenean, 12 metro baino gehiagokoak diren eta nagusiki arraste-sarearen teknika erabiltzen duten ontziek dute ardura gehien. Arraste ontzi handiak, arrantzaturiko bolumena kontuan hartuta, harrapatzeen %62 ordezkatzen dute eta neurriz kanpoko ustiapenaren %84. Aldiz, arte geldoak praktikatzen dituzten arrantzale txikiek harrapatzeen %10 ordezkatzen dute eta neurriz kanpoko ustiaketaren %6.
Arrain gazteen arrantzari dagokionez, hondoko arraste-ontziek bakarrik, izan itsas zabal zein industrialak, arrain gazteen harrapatzeen erdia baino gehiagoren ardura dute. Kontrara, aparailu geldoek ale gazteen gaineko aztarnaren %22 ordezkatzen dute (eta horietako %9 soilik itsasbazterrekoek).
Itsas hondoen urradura aztarnari dagokionez, ikerketak ondorioztatzen du Atlantikoaren ipar-ekialdean jarduten duten Frantziako flotek 500.000 eta 800.000 km karratu arteko itsas hondoa karrakatzen dutela urtero, batez beste 600.000: hau da, Frantzia metropolitanoaren azalera bezainbeste urtero. Horietatik %90 hondoko arraste-sareen eta senuen erabilerari lotua dago, eta soilik %6 draga polibalenteei. Hondoko arraste-sareen aztarna, berriz, bereziki handia da itsas zabaleko ontzien eta ontzi industrialen kasuan, %52 eta %22, hurrenez hurren.
Espezie zaurgarrien gaineko aztarna da emaitzen joera orokorra hausten duen aldagaia. Txostenak dio horri lotutako estimazioek oraindik ere ziurgabetasun handia dutela, baina litekeena da espezie sentiberen harrapatzeen hiru laurden baino gehiago sare eta amu arrantzarekin lotuta egotea. Ontzien neurria gehituta, badirudi aipatutako harrapatzeen erdia baino gehiago dagokiola itsas bazterreko arte geldoen ontziei. Arte horien artean badira ere diferentziak, itsas ugaztunen harrapatzeak itsasbazterreko arrantzari lotuak baitaude, eta amu arrantzak txori gehiago: arrantzatutako 1.000 tonako 100 eta 200 itsas ugaztun eta 1.000 txori artean, azken teknika horrekin. Kontrara, eta logikoki, nasen kasuan ez da ia halako harrapatzerik.
Azkenik, CO2aren isurketen neurketek ere noranzko berean egiten dute, industria eta itsas zabaleko hondoko arraste-arrantzak CO2 isurketen zati handienaren iturri baitira: isurketen %57, jakinda arrantzatutakoaren balioaren %34 ordezkatzen dutela, sare mota hauek tiratzeko trakzio potentzia handia behar baitute. Kontrara, aparailu geldoek eta flota pelagikoek isurketen %17 eta %12 ordezkatzen dute, baina arrantza balioaren %34 eta %11 ordezkatzen dute, hurrenez hurren.
Arrantza artisauak sortzen du enplegu gehien
Adierazle sozioekonomikoetara igarota, arrantza txiki eta artisauak aurrea hartzen dio arrantza handi eta industrialari. Hasteko, arrantza artisauak itsas zabaleko eta hondoko arraste-ontzi industrialek baino bi eta hiru arteko enplegu gehiago sortzen du. Jarraitzeko, arrantzatutakoak sortzen duen balio ekonomikoari erreparatuta, itsasbazterreko sareek, amu hariek eta nasek hondoko arraste-ontzi eta senu industrialek baino bi aldiz balio erantsi gehiago sortzen dute. Are eta amaitzeko, kapitalaren inbertsioaren errentagarritasunaren ikuspuntutik ere, esplotazioaren soberakin gordinari, kapitalaren irabaziak sortzeko gaitasunari erreparatuta, ikerlariek erakutsi dute inbertitutako kapital unitate bakoitzeko errentagarritasun onena duten flotak direla itsasbazterreko zein industria sare, amu-hari eta nasak, itsasbazterreko arraste-sare pelagiko ttipiak eta draga flotak. Arraste-sare eta senu industrialak baino 3-4 aldiz errentagarriagoak dira.
Hau dena kontuan hartuta, ze arrantza eredu laguntzen dira dirulaguntza publikoekin? Bada, bai, asmatu duzu: itsas zabaleko arrantzak dirulaguntzen %55 eskuratzen ditu, eta industrialarekin batera %85 osatzen du. Edo bestela esanda, arrantzaturiko kilo bakoitzeko, hondoko arraste-sare eta senu ontziek 50 eta 75 zentimo arteko laguntza jasotzen dute, eta gainontzeko flotek, kilo bakoitzeko 30 baino gutxiago. Hau horrela da, aipatu bezala, zerga kenkariak dirulaguntzen artean kontuan hartuta; hori egin gabe irudia guztiz bestelakoa zatekeen.
Hondoko arraste-ontziek bakarrik, izan itsas zabal zein industrialak, arrain gazteen harrapatzeen erdia baino gehiagoren ardura dute.
Hala beraz, “zentzugabekeria” hori borobiltzeko, arraste-sareko ontzidien gehiengoak dirulaguntza publikoen menpeko errentagarritasuna du, errentagarritasun artifiziala, eta dirulaguntzei esker bizi da, ikuspegi ekologiko eta sozio-ekonomikotik defizitarioa den bitartean. Kontrara, arrantza txikia eta artisaua ez da menpekotasun horri esker bizi.
Horren guztiaren aurrean, bai Fréjavillek eta bai Belaustegik hainbat proposamen egin dituzte. Alde batetik, Bloomeko kidearen arabera, “arraste-sarea, eta bereziki hondoko arraste sarea erabiltzen duten ontzi industrialen dirulaguntza sistema deseraiki behar da, ikerketaren arabera, kaltegarria baita”. Horretarako, biek diote Europako erabaki-gune politikoetara jo beharra dagoela, esaterako Fréjavilleren esanetan, “eztabaida oso eraikitzaileak” eman baitira han txosten honen inguruan.
Europari eutsita, Belaustegik dio azkenaldian Mediterraneoan ematen ari den egoerara iritsi aurretik neurriak hartu beharra dagoela Euskal Herrian, Europak kuota oso zorrotzak ezarri baititu Mediterraneoko itsasoen egoera kaskarraren ondorioz, eta arrantzaleak kinka larrian geratu dira.
Horretarako, “lagunak eta aliatuak bilatu behar dira hemen. Gizartearen kontzientzia piztu beharra dago, orain arte soilik sektorean izan gara kontziente itsasoan gertatzen ari denaz”. Zentzu horretan, biek ala biek bat egiten dute arrantza txikian eta artisauan kokatzen etorkizun jasangarria ekologikoki, sozialki eta ekonomikoki. Mutrikuko arrantzaleak adibide zehatz bat ematen du horretarako: itsasbazterrean 12 itsaso-miliako babesgunea ezartzea arrantza handi eta industrialik gabe.
Fréjavilleren arabera, jarduerak aldarazteko helburuarekin, arrantzale artisauak sistematikoki txertatu nahi dituzte egin beharreko bide-orrian, eta horretarako, besteren artean, Euskal Herriko arrantzaleekin ari dira lanean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545