Asteroko buletina
Edozein belar pila ez da meta

Hiru lore hori iluntasunari

Gauak luze eta egunak gero eta ilunago ditugun garai honetan zuetako askok argi falta nozituko du ziurrenik. Tristura, nahigabea, gogo falta edo hotzera egokitu ezina izango duzue akaso, biziari gusturik hartu ezina ere bai bakarren batek. Halako trantzea bizi duenari uda betean loratzen zaizkigun hiru lore hori gomendatu izan dizkiogu.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2023ko abenduaren 04a

Izan ere, eguzki erako hiru lore eder baditugu gure artean, elkarrekin hartuta aipatutako egoeretarako erremedio egokia osatuko digutenak. Ilena (Calendula officinalis) dugu bat; kamamila edo larranbiloa (Chamaemelum nobile) bestea eta Santio-belarra (Hypericum perforatum) hirugarrena. Horiaren eta laranja kolorearen bizitasuna dute eta eguzki ikurtzat irakurriak izan dira denak.

Udako solstizioaren inguruan loratzen dira indar betez. Hori bai, ez goaz hemen eperik ezartzera badaezpada ere, eguraldia eta lekuaren ezaugarrien arabera epeak aldakorrak baitira. Eguzkiari begiratzen diotela badakigu eta eguzki argi asko pilatzen dutela ere bai, udazkeneko iluntasunean edo neguko hoztasunean gaudela oso eskergarri izango zaizkigu. Norbere argi faltan lore hauek eman diezaguketena baliagarri zaigu nonbait.

 

 

 

Kamamila. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

 

 

 

Hiruren kasuan lore buruak lehortzen dira eta osorik jaso, garaia denean. Ondoren hirurak kopuru berean nahastu eta infusioa presta dezakegu, 250 ml ur irakin, sua itzali eta postreko bi koilarakada ipiniko ditugu, bost minutuz tapatuta eduki ondoren iragaziz. Egunean infusio bat afalondoren hartzea da gomendioa. Bederatziurrena eginez edo berrogeialdia osatuz, hori bakoitzaren barru giroak eta aldarteak aginduko du.

Ilena eta kamamila ezin dira haurdunaldian erabili eta asterazea familiako landareei alergia izanez gero ere ez, biak ala biak asterazea familia botanikoko landare belarkarak baitira. Santio-belarra haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili, arrisku potentzialengatik eta behar bezala ikertu gabe dagoelako.

Hala ere, badira traba gehiago Santio-belarra hartzeko orduan. Izan ere, depresio arinen tratamendurako erabili izan da eta jakin behar da depresioaren kontrako botikek eragin ohi dituzten arazoak eragin ahal dituela, hau da; urdaileko arazoak, urduritasuna, buruko mina, ahoa lehortzea eta gosea eragitea. Ez dira ohiko erreakzioak baina bai gerta daitezkeenak.

Buruko gaitzetarako hartzen diren botikekin ez da bateragarria. Ezta analgesikoak, anestesikoak, antisorgailuak, antirretrobiralak, digoxina, tiroxina, botika antiarritmikoak eta onkologikoak hartzen direnean ere.

 

 

 

Santio-belarra. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

 

 

 

Ez ahaztu Santio-belarraren infusioa hartutakoan edo ukendua erabilitakoan ez dela eguzkirik hartu behar. Izan ere, hiperizina izeneko printzipio aktiboak fotosentsible bihurtzen du eta larruazalean orbanak aterako zaizkigu. Horregatik gomendatzen dugu argi gutxi den garai hauetan eta gauez erabiltzea. 

Intsusaren bigarrena
Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza... (+)
Ez duzu maiteko baina berak zainduko zaitu
Udaberri usainean gara eta hasi zaizkigu iristen gibela garbitzeko tratamendu miragarriak, belardendako erakuslehioan edo sare sozialetan azken egunotan detox hitza da gehien irakurtzen dudana. Denak... (+)
Plantaina
Bortxain-belarra, bost-zainetako belarra, zaintiratu-bedarra, zain-belarra edo plantainaz ariko naiz gaur. Gutxi izango dira hain ugariak eta hala ere ezezagun handia dugu, begiz ezagutzen dugu baina... (+)
Tu Bishvat zuhaitzen eguna
Ez doa negu goxoa aurtengoa. Handik eta hemendik galdezka ari zarete: gripeak egurra emandakoan zein sendabelar den suspergarria, ospelentzat zein zen ukendua, xarabea gehiegi hartzitutakoan... (+)
Ezkaia udazkenean
Udazkenak udatik duena galtzen hasia dugula dirudien honetan, hego haizea apaltzen eta gauak hozten ari direlarik zuetako askok jantziko zenuten dagoeneko berokia. Gure etxean beroki... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora