Intxaurrak baino hotsak handiago

Erle maisuak: herri jakituria galzorian?

Aspaldiko garai batean, Gipuzkoako baserrietan eztia ez zen gaur bezain erraz lortzen. Ez zen dendara joan eta poto bat erostea; ezta gaur egungo erlezain profesionalen antzera ere. Eztia lortzeko artea erle maisuen esku zegoen –bila ibili naiz baina ez dut garai hartako erle maistren erreferentziarik aurkitu–: jakinduria handiko gizonak ziren, herriz herri eta baserriz baserri ibiltzen zirenak, erleak zaindu eta eztia ateratzeko.

Mattin Jauregi
Mattin Jauregi

Balerdipeko erleak proiektuko kidea


2025eko urriaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Martxel Aizpurua erlezainak ondo jaso du haien memoria: erle maisuak ez ziren baserri batekoak soilik, herrialde osokoak ziren. Herritarrek haiengana jotzen zuten, erlauntza bat irekitzeko ausardia falta zitzaielako edo erleekin jarduteko trebetasun berezirik ez zutelako. Baserritarren artean beldurra ere bazegoen: erleek ziztadak ematen zituzten, eta ezin da ahaztu botikak ez zeudela gaur bezain eskura. Horregatik, erle maisua etxera gonbidatzea segurtasun eta jakinduria ekartzea zen.

Erle maisuek beren tresnak izaten zituzten, gaurko erlezainontzat ezagunak: ke-eragailua (hauspoa), dezopilatzeko labana, mozorroa, txingarra, aizkoratxoa edo mailua, eta noizbehinka marko-liztarrak askatzeko gailua. Baina, batez ere, beren begirada zorrotza zen giltza. Erlauntzak aztertu, eztia noiz ateratzeko moduan zegoen neurtu, eta erle-familien indarra zaintzen zuten. Ez zen beti berdin; batzuek eztia baserriari uzten zioten, beste batzuek parte bat kobratzen zuten, edo zatiren bat haientzat gordetzen. Horrela osatzen zuten euren bizimodua, artisau ibiltari baten moduan.

Gipuzkoan, XX. mendearen lehen erdira arte iraun zuen figura horrek. Herriz herri errepikatzen ziren izenak: Aizarnan, Oñatin, Seguran edo Leintz bailaran erle maisuen berri izan da. Haien lana funtsezkoa izan zen erleen zaintza bizirik mantentzeko, eta baserritarrek etxeko eztia izateko. Baina pixkanaka, erlauntza modernoak hedatzen hasi ziren, eta erlezain profesionalei lekua egiten hasi zitzaien. Etxean ikasitako ofizio hura, belaunaldiz belaunaldi transmititu zena, desagertzen joan zen.

Gaur egun, erle maisuak gure oroimen kolektiboan baino ez dira geratzen. Baina badute irakaspen argi bat: erleekiko errespetua. Ez ziren teknikari edo zientzialariak, baina bazekiten erleek bizi propioa dutela eta horiekin aritzeko pazientzia behar dela. Ezti poto batean hori baino askoz gehiago dago: herri baten bizimodua, naturarekiko harreman zuzen bat, eta jakinduria xume baina sakon bat.

Eta hemen dator nire gogoeta: gaur egungo erlezain profesionalak, neurketa, tranpatze eta makineria berriekin, neurri batean ez al dira erle maisuen oinordeko? Haiek bezala, erleekin bizi gara, haien zikloak ezagutzen ditugu eta gure lanbidea horren inguruan antolatzen dugu. Gaur egun emakume erlezainen presentzia handia da, nire erreferenteak erle maistra handiak dira.

Eta aldi berean, lehengo baserritarrak, noizbehinkako erlezaintzan aritzen zirenak, ez al dira gaurko erlezain zaletuen aurrekari? Bi mundu horien arteko parekotasunak erakusten du erleek gure gizartean izan duten garrantzia ez dela aldatu: aldatu dena, gure lan egiteko modua da.

Beharbada, erle maisuak desagertu dira. Baina haien irakaspena gure artean mantentzen bada, agian ez dira guztiz galduko.

Erleen dantza: Naturaren hizkuntza ahaztezina
2025-06-09 | Mattin Jauregi
Lurraren historian espezie askok komunikazio konplexuak garatu dituzte, baina gutxik dute erleen dantzaren pareko kode sofistikatua. Erle langileek elikagai-iturrien kokapena adierazteko erabiltzen duten dantza ez... (+)
Erle beltza mehatxupean
Badira sei urte nire lehen erlezaintzako ikastaroa egin nuela. Gaur gaurkoz erlezaintza da nire ogibidea. Lehen erleak erosi nituenean ez nekien arraza ezberdineko erleak zeudenik... (+)
Behar adina egin
Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian… (+)
Garbitasuna
Erleek jaiotzetik hil arte duten joera bat da garbitzeko gaitasuna. Jaio bezain laster hasten da bera jaio den abaraska garbitzen, puskatu dituen argizari zatiak erlauntzatik... (+)
Erleetan nork du agintea?
Erlauntza batean erregina bakarra dagoenez eta denen ama denez, bera dela agintari esaten da, baina ez da erabat zuzena. Erregina oso garrantzitsua da, baina erabaki... (+)
gora