Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kantauri Itsasoko iturri azpian iragazki bat jarriko bagenu, begi-bistara ikusezin bezain ezezagun zaigun ornogabe txiki mordoa atzemango genuke. Krustazeo-zopa horretan ugarienak kopepodoak izanik ere, sare trofikoan haiek bezain garrantzitsu diren bestelako izaki garden eta lirdingatsuek ere aipamena merezi dute. Haien artean bada bat, ugariena, “Kapirote txikia”: planktoneko sifonoforo arrunta.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Kapirote txikiaren bi formak: ezkerrean fase eudoxidoa (sexuala) eta eskuinean fase poligastrikoa (asexuala).
TALDEA: Ornogabea / Sifonoforoa.
NEURRIA: 3-12,5 mm artean.
NON BIZI DA? Kosmopolita da. Mundu osoko ur epel eta subtropikaletan bizi da: Ozeano Atlantikoan, Mediterraneoan, Ozeano Barean eta Indikoan.
ZER JATEN DU? Kopepodoz elikatzen den harrapari gautiarra da. Sare trofikoaren erregulatzaile bikaina da.
BITXIKERIA: Itsasoaren tenperatura aldaketekin eta elikagaien eskuragarritasunarekin lotuta dago bere populazio ugaritasuna eta beraz, urte sasoiaren araberakoa da. Bizkaiko Golkoan populazio gailurrak maiatza-ekaina eta iraila-azaroan izaten dira. Adierazle ekologiko bikaina da.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Munduan 175 sifonoforo-espezie ezagutzen dira. Guztiak hiru gorputz atalez osatzen badira ere, forma eta tamainaren aniztasuna izugarria da. Kapirote txikiaren kasuan, gasez beteriko puxika (“pneumatoforoa”) desagertu egin da, eta gorputzaren enborra (“nektosoma”) joare edo igeriketa-kanpai bakarrak osatzen du (“nektoforoak”). Hain da handia kanpai honen eraldaketa, ezen joare itxura baino, Aste Santuko kapirote forma hartu duen. Horratx emandako izen arruntaren arrazoia. Kapirote honen barnealdean, flotaziorako organoa den zaku luze eta liraina dago (“somatozistoa”). Bertan sarritan olio tantak topa daitezke, eta baita ernalketarako eta elikadurarako erabiltzen dituen polipo-kateak edo haria (“hidroezioa”) ere. Kapirote txikien kolonien ugalketarako bi belaunaldiren txandakatzea ematen da: sexuala eta asexuala. Bereziki azpimarragarria da belaunaldi sexualak (fase eudoxidoak), hau da, arestian aipatutako hidroezioak askatzen dituzten aleek, erantzukizun handia dutela espeziearen dispertsio eta hedapen azkarrean. Eta hori itsasoaren tenperatura eta zabalpenerako korronte egokiak topatzen dituztenean egiten dute.
Honakoa ez da kolore biziz eta apaingarri bereziz beteriko animalia, baina erne, itsas-ekosistemen dinamiketan ezinbesteko garrantzia baitu. Besteak beste, Ipar Itsasoan espezieak izandako hazkundearen ondorioz, hauen harrapakin diren kopepodo kopuruak gainbehera nabarmena jasan zuen: izan ere, kapirote txiki bakoitzak eguneko 5-10 kopepodo irentsi ditzake. Hala, fitoplanktonaren (alga mikroskopikoak) neurrigabeko hazkundea eman zen bertan, eta kostaldeko ekosistemaren oreka kolokan jarri zuen. Are esanguratsuagoa izan zen Norvegiako fiordoetako izokin haztegietan eman zen galera ekonomikoa, izan ere, akuikultura-industriak 100.000 izokin baino gehiago galdu zituen kapirote txikiaren “populazio-eztanda” batean.
Zaila egiten zaigu itsasoko geruza urdinaren azpian dagoena ikustea, eta bertako ekosistemaren garrantziaz jabetzea. Are zailagoa da sakoneko izaki garden eta zeharrargiei erreparatzea. Baina komunitate hau ere zaindu beharrekoa da; hala egin ezean, ondorioak guk ere jasango ditugulako. Aste Santuan errezatu nahi duenak, egin dezala, kapirotearekin edo gabe; baina kapirote txiki gehiegi eta azkarregi elkartuz gero, seinale txarra. Eta uraren tenperatura igotzeak, besteak beste, hori dakar. Izaki gardenen munduan, ikusi nahi ez duen hura baino itsuagorik ez dago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545