Apirila euritsu, urtea kakatsu.

Hau irakurtzen duzunerako

Hau irakurtzen duzunerako, orain artekoa bukatuta izango dugu; hemendik sei hilabetetara atzean utzi dugun horri, berriz ere, heltzeko.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2023ko uztailaren 24a
Argazkia: goshua.com
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hau irakurtzen duzunerako, gaztandegiko esne-usaina apalagoa izango da. Esne-ontzia arin-arin irristatuko da, esnea berotzeko barruko urik gabe. Trasteak garbi eta bertan jasota, zain, otsaila noiz helduko, berriro esnearen epela sentitzeko. Hilabetetan, gaztandegiko oihartzunak ez du zer errepikaturik izango; geldirik egongo baitira pala, lira eta moldeak. Esne-jauzirik ez, dena lehor.

Sukaldetik ez da ardirik entzungo. Jezteko makinak ere isilik pasako ditu hurrengo hilabeteak; ez ardi, ez zereal, ez ate hotsik. Ardi marruak tartekatuago entzungo dira bazterretan; astean behin-edo ekarriko ditugu etxera –mineral-harrietan marruska dezaten, herrenak zaintzeko...–, baina ez da gauza bera izango...

Etxe ingurua garbiegi egongo da, hau irakurtzen duzunerako. Ezin jolastu arkorotzak ez zapaltzera.

Belardiak basamortu berdeak izango dira, ardirik gabe; zuriuneek utzitako hutsuneak ere berde, berdeegi dena.

Sudurrak jasoko duen munduak ez du ardi-lurrinik izango; ez egunero behintzat. Arditara joateko tira egingo digu, bi egunetik behin, usain-eztanda horren peskizan abiarazteko: segi mendian gora, arren, goazen ardiekin!

Ezin, bada, ezezkoa eman! Eta bagoaz mendira, arditara. Belardian egongo dira, zabal-zabal, larratzen; eta gu ikustean, deika hasiko dira; pelikuletan maitaleak elkartzen diren moduan bat egingo dute, artzainak eta ardiek. Lizarren kontra eseri, eta ardiz osatutako borobila izango du inguruan. Eskuek, sudurrarekiko elkartasunez, ardiak laztanduko dituzte, behin eta berriz; poroek gainezka egin arte. Eta kasualetik gutxi zuen enkontrua amaitutakoan, jada etxerako bidean, artzainak eskuak aurpegira eraman eta ardiak usainduko ditu, bere kontsolamendurako.

Joan-etorri horiek utzitako tarteetan, lanean ari dela, ardiak gogoan izango ditu artzainak. Gogoan, hurrengo negurako belarretan ari dela; berdin, sailak esku-motosegaz pasatzen dituenean ere.

Gogoan, udako azoka ekologikoetan gaztak saltzen ari dela edo abuztuaren hasieran ahariak eta ardiak batzen dituenean. Gogoan, urrian, garotan ari dela, ardiek negurako azpigarri goxoak izan ditzaten.

Dena hemendik sei hilabetera arkumeak jaioko diren esperantzarekin. Konturatu gabe, otsailetik aurrera jetzitako esneaz egingo dituen gaztekin amestuko du. Denak ere herrikideak elikatzeko.

Hau irakurtzen duzunerako, orain bukatutakoak hasiera emango dio etorkizuneko artaldeari. Eta etortzeko dagoen herriari.

Enegarren aldiz.

Komunitateaz (eta III)
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen... (+)
Otero jaunari
Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan... (+)
Komunitateaz (II)
Susmoa dut komunitatea hustuketa prozesu betean dagoela, eta beldur naiz, beste askori gertatu eran, mamirik gabeko bilgarri ez ote den bilakatuko, jada bilakatu ez bada.... (+)
Komunitateaz (I)
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi... (+)
Artile, karena eta oritza
Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola,... (+)
gora