Martxo kaldartxo, ez ardi eta ez artantxo. (urteko ardia)

Harroputzetik artaputzera

Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak, burdingileak, ikazkinak, basolangileak, karreto itzainak, sagardogileak, zurginak eta erriberako arotzak, marinelak, kai-langileak, ontzijabeak eta abar, isuri honetako euskaldunak erabat industrialak eta hiritarrak ziren, dirudunak. Nekazariak, bakan batzuk.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko uztailaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Garia jaten zen orduan (Triticum aestivum), batez ere; gariari “ogia” esaten zaio, gero hura egiteko erabiliko den gaiari. Lekuko dira ogizko opila, ogi-belar, ogi-landa, ogi-zelai, ogi-jorra, ogi-zango, ogi-meta, ogi-landare, ogi-epaile, ogi-mulu, ogi-zama, ogi-lasto, ogi-orrazi eta abar. Gure herriaren hegoaldean, ondroso ematen dute gariak eta laboreek, polita da behar duten lanaren eta ematen duten mozkinaren artekoa. Oraintxe ari dira makinak gau eta egun uzta jasotzen; Nafarroan sekulako oparoena espero da aurten. Iparraldean, berriz, hezetasunak gariaren langintza zailtzen du eta uzta zapuzten. Bustidurak eta afoinuak onddoak biziberritzen dituzte, eta bere erasoak suspertzen, laster da txertetxa edo ogi-usteldura.

Hori zen, baina, ikasia zuten nekazaritza. Neolitoa Euskal Herrira iritsi zenean, laboreak izango ziren estraineko mozkinak. Aurren-aurreneko luberriak ogi-lurrak izango ziren. Nekeza zait asmatzea gari aleak erein eta lehen ogi-orratzak, lur azalean lehen kimuak azaldu zirenean, erotzat joko zituzten lehen lurlangile haien aurpegia.

Bazen, ordea, beste ogi bat ere: artoa. Artos hitza grekoa da eta “hartzitutako ogia” esan nahi du. Garai batean gaur artatxiki arrunta (Panicum miliaceum) esaten diogun landarea izango zen artoa. Urte askotan ogia eta artoa elkarren bistan landuko zituzten; ogia lur emankorretan eta artoa lur agor eta zekenetan.

XVII. mendean, bukatzen hasi ziren euskaldunon harropuzkeriak. Espainiako errege hamalau buruiritzi handiusteen zorakeriak diru etorri errazik gabe utzi zituen euskaldunak. Eta jatekorik ez. Eta arto berria (Zea mays), iritsi berria. Hasieran azienda elikatzeko baliatzen zena laster bihurtu zen lagunen tripa-zorrien isilarazle: arto, mestura, tremes, artogi, artopil, maizopil, morokil, artore, artabigun, arto erre, arto-mokol, borona, arta-zuku, arta-talo eta talo. Orduan hasi zen benetako Euskal Herri hezearen lurraldearen kolonizazioa, baserriak eraiki eta eraiki. Artoak gariak baino zazpi aldiz gehiago ematen omen zuen. Eta gosea behinik ez zuten izango.

Eromena ere ekarri zuen artoak eta monolaborantzak lurrak pobretzen eta uztak kaskartzen zituen. Simaur eta luar ongarriketa karearen osagarriarekin erabiltzen ikasi behar izan zuten. Apaizaren onespena ere behar zuten soroek eta ordainetan ogiairea eman behar hari ere; hura ere mantenuan. Bestelako kontrariorik ere bazuen artoak. Harrak baditu, arto-mutila edo arto-makila eta alea bera ere jaten dutenak. Baina denetan bereziena arto-ilintia edo arto-ikatza edo arta-moskana edo artaputza edo arto-ustela da, hau da, Ustilago maydis onddoaren erasoa. Ustilago-k erredura esan nahi du eta maydis-ek, artotik jaten duena. Landare osoa jo dezake, baina ikusgarriena artaburuko aleetan sortzen dituen tumoreak dira. Euskaldunoi ustel, putz eta antzekoa dakargu burura, baina milaka urtean ezagutzen duten Amerikako kulturetan gutizia paregabea da, huitlacoche esaten diote. Halakoren batean ikasiko dugu geuk ere.

Arto goiztiarrenak loratzen hasi dira dagoeneko eta laster azalduko dira buruak. Saiatu horiek miatuz ilintia topatzen… Goiz erein ziren lehen arto haiek “elorria lore, artoa lurrera” egingo zuten agian, baina beste esaera ziurrago bat bada, Gotzon Garatek Azpeitiko Odriozolatxo baserrian jasoa: arto hazia egiten hasterako, etxekoandreak gonak jaso, eta lurgainean eseri. Lurra behar beste bero ote dagoen…

Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
gora