Enara batek ez du udaberria egiten

Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatearen sentimendua gora doa Mayotten eta, tamalez, eskuin muturra da garaile.


2024ko maiatzaren 09a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ez pentsa pobreziari eta miseria sozialari loturiko kolera eritasuna Frantziako Estatutik desagertua denik. Desagertua baldin bada Metropolitar Frantziatik, oraindik hor dute Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Mayotte irlan. Bertako Koungou herriko 3 urteko ume bat zendu da koleragatik, Frantziako Osasun Agentziak maiatzaren 8an jakitera eman duenez. Martxoaren 19an identifikatu zuten irlako kolera kasu bat eta orduz geroztik zenbaturiko 58 kasuetatik lehen heriotza da.

"Populazioaren kontzentrazio altuek, ingurumen-higiene eskasarekin lotutakoak, dakartzate kolera epidemiaren agerpena eta garapena", irakurri daiteke Frantziako Osasun Agentziaren webgunean. Egoera horretan da Frantziako Estatua ere eta eritasunaren garapenak agerian utzi ditu, beste behin, Parisek bideraturiko gobernantzaren eskasiak: bigarren mailako herritartzat ditu bere menpe segitzen duten itsasoz haraindiko departamenduetako eta eskualdeetako biztanleak. Mayotte irlaz gain, Guyanan ere agertu dira kolera kasuak. Sentimendu hori dute bertakoek, eta frogak dituzte egunerokoan: soldata minimoa Metropolitar Frantzian baino %20 apalagoa dute, laguntza sozialak ere apalagoak dituzte, Parisetik bideraturiko erabakiak inposatuak zaizkie –uraren krisiari emandako erantzunak, kasu–, langabezia tasa %34koa dute –Metropolitar Frantziakoa %7,5ekoa denean–, eta abar.

Froga bat gehiago dute kolera eritasunaren garapenari emandako erantzun eskasarena. Parisetik etorri beharra zaie Mayottera maiatzaren 9an Osasun ministro Frédéric Valletoux, eta ikusteke dago zer nolako erantzunak emanen dizkien. Osasun zerbitzuari dagokionez, 54 erizain, 36 osasun langile berezitu eta bost dentista zituzten 2019an 100.000 herritarrentzat –hurrenez hurren, 139, 177 eta 64 direlarik Metropolitar Frantzian–.

Ura: haserre iturri

"Lotura handia dago koleraren transmisioaren eta ur edangarriaren eta saneamendu-instalazioetarako eskuragarritasun eskasaren artean", Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez. Ur edangarria lortzeko arazo larriak dituzte Mayotten eta baldintza gogorretan pasa behar izan zuten iazko uda. Jakin behar da erabilitako uraren %80 gainazalekoa dutela (erreketakoa, urtegi naturaletakoa…) eta klima larrialdiaren eraginez baliabide hori gutituz doala –berriki arte euri sasoiek azarotik martxora irauten baldin bazuten, gaurko egunean urtarriletik martxora dute bakarrik–.

Aterabide gisa, hiru egunetatik bitan ura moztu zitzaien, eta gaur egun, oraindik, hiru egunero dute iturria agorturik. Saneamendu sistema kaskarra dutenez, ur edangarria ez da herritar guztien eskura jarria. Kaltetuenak dira Afrikatik etorritako etorkinak, txaboletan metaturik bizirauten dabiltzanak.

Ondorioa: xenofobia gora

Funtsean, arazoaren oinarriari begiratu beharrean, migranteak dauzkate miseriaren kausatzat bertako jende anitzek, eta otsaileko manifestazio eta blokeoak izan ziren horren isla. "Frantziak abandonatu izana" salatzen duten arren, aterabidetzat jartzen dute migratzaileen aurkako borroka. "Segurtasunaren" izenean, mugen kontrol handiagoa eta paper gabeko pertsonen kanporaketa galdatzeko mobilizazio jendetsuak bideratu zituen Forces Vives [Indar Biziak] eskuin muturreko taldeak. Lehen indarra atera zen Marine Le Pen, 2022ko lehendakaritzako bigarren itzulian, botoen %59 jasota.

Tonu berean dabil erantzuten Frantziako Gobernua. Wuambushu operazioa burutu zuen Frantziako Poliziak iazko apirilean, 1.000 txabola-hiri suntsitzeko eta paperik gabeko 10.000 pertsona kanporatzeko asmoz. Giza eskubideen aldeko egiturek gogorki salaturiko neurri baten berri eman zuen otsailean Frantziako Gobernuak: Mayotten sorturiko paperik gabeko umeentzat lur-eskubidea –Frantzian sortuz gero frantses herritartasuna lortzeko eskubidea– kenduko lukeen konstituzio moldaketa bideratzekoa du Emmanuel Macron presidenteak. Hots, Frantziako Estatuak bermaturiko eskubide guztiek ez dute balio itsasoz haraindiko bere lurraldeetan.

Migrazioaren aurkako mugimendu azkarra dute Mayotten. Miseria ororen oinarrian jartzen dituzte etorkinak.

Astelehen honetan ere bideratu dituzte immigrazio zerbitzurako bulegoen kontrako ekintzak, zeinetan koleraren kasuak etorkinen presentziari lotzen dituzten.

INSEE estatistika institutuaren 2022ko datuen arabera, 300.000 biztanle dira Mayotten bizi eta horietarik erdia da etorkina –papergabeak %30 lirateke–. Indiako Ozeano erdian dago Mayotte eta gerrak eta goseteak harturiko Afrikako herrietakoentzat bada helmuga itxaropentsua hortik hurbil, 300 kilometrotara duten Frantziako Estatua.

Transgenikoak: krisi klimatikoari egokitzeko soluzio faltsu eta arriskutsua
Transgenikoei zuzenduriko arauditik TGB Teknika Genomiko Berriak izendaturiko transgenikoak kentzeko bidea ireki zuen 2023ko uztailean Europako Batzordeak, eta ekainaren 17 honetan alde agertu dira eurodiputatuak.... (+)
Abereen okupazioa abiatu dute Kanboko Marienian
Mobilizazio eguna finkatu dute iganderako eta 11:00etan abiatuko dute egun osoko egitaraua. Dokumentu urbanistikoan eraikigarri gisa sailkatuak dira lur horiek, eta laborantzara bideratuta izatea da... (+)
Aurtengo El Niño fenomenoa "orain arteko bortitzena" izan daitekeela dio Munduko Meteorologia Erakundeak
El Niño fenomenoa ekainetik abuztura bitartean gertatzeko probabilitatea %80koa da, eta azarora bitartean gertatzekoa, %90ekoa. Alarma piztu du NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere, klima larrialdia... (+)
Baserriko Uzta ekimenaren lehen hitzordua Lezaun upategian jarri dute, Ines Osinaga lagun
Maiatzaren 24an izanen da 2026 urteko lehen Baserriko Uzta Lakar herrian, Nafarroan. Kontzertuaz gain, upategiaren bisita, hamaiketakoa eta bazkaria ukanen dute bisitariek. (+)
Babes zabaleko herri mobilizazioa Argentinan, glaziarretako estraktibismoa ahalbidetuko lukeen legearen kontra
Glaziarrak eta inguru periglazialak babesteko legea malgutu du Javier Mileiren gobernuak, meatzaritza proiektuak ahalbidetzeko gisan. Herritarren partetik aurkako mugimendua indartuz doa egunez egun. (+)
gora