Gauza guzia bere denboran, baba zabala abenduan

Ezin usainik hartu

Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta memoriaren arteko zubia azkarrena ez bada, bizkorrenetakoa bai. Ezaguna zaigun usain batek amaren batean egiten du memoriaren artxiboko apalen arteko neuronen ibilbidea, ziztuan, eta begien aurrera ekartzen digu usain hari lotutako ariera, egoera edo gertakaria. Usaina ezaguna izatea, noizbait aditu izana, bereizteko moduko bereizia behar du izan. Eta usaintzen dugun aldiro berrituko da gertakaria. Gertakaria gertatu zenean beharbada ez genion usainari aparteko axolarik eskaini, baina hor gorde zen, neurona habia jakin batean.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urtarrilaren 13a
Mihilua (Foeniculum vulgare).
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Landareek entzun egiten dutela badakigu, joan bestela ARGIA pare bat lehenago ilarraz (Pisum sativum) aritu ginenekora. Usaimenik ba ote duten ez dakit, baina gure usaimena aztoratzen dutela bai, zenbat usain zabaltzen dute landareek, azaletik, zuretik, egurretik, hostotik, loretik, fruitutik… Batzuk gustukoak, beste batzuk atzera eragiten dutenak. Denok ez dugu gustu berbera, zuk atsegin, nik ez ordea, eta alderantziz. Baina landareak beti usain bera sortuko du.

Usaina ezaguna izatea nioen lehen gure bizitzako txinpartak biziberritzeko. Eta usain hori zer landarek sortzen duen ere ezagutu behar, ereiteko edo landatzeko, lehortuta eskuratzeko, edozertarako. Eta hor zikulu-saltsa ederra dugu euskaldunok. Batean eta bestean izen bera bi landare edo gehiago izendatzeko, eta landare batek izen mordoa ere bai…

Usain harrigarri ona du ezamihiluak (Anethum graveolens). Aneta, anado, anedo, anero, meillu, migelo, molu, mierlu, anis-belar, esateko izen asko du. Badu beste landare batek “ezamihilu” izena bera, mihiluak berak (Foeniculum vulgare). Honela ere esaten diogu: berbena, erbasanta, milu, muhuilu, milu-belar, puhuilu, mehula, anis-belar eta xarpot behintzat bai. Forma, loraldia eta abar oso antzekoak dituzte, eta hortik nahasitasuna eta iluntasuna bereizterakoan, gero izendegian jaso dena, hiztegietan eta abar. Biak usaintsuak dira: mihiluak anis usain gozoa du eta ezamihiluak, aldiz, usain astun ez oso gozoa. Hona nahasketa argitzeko bidea; baina pituitariak ondo al dituzu? Usaimen arrastorik ba al duzu? Gure hiztegigileek ez, agidanean. Sukaldaritzan erabiltzen dira, batez ere, baina ez da gauza bera zopa bati bata edo bestea eranstea, eta hor bai, sukaldariek ederki bereizten dituzte; usaimena egokia izatea eta jalearen zentzumen guztiak asetzea, baita mirrinenarenak ere, jatetxeko negozioaren oinarria da.

Badaukagu izen saltsa argitzen lana. Ezamihilua biei; anis-belar biei; miellu, milu... a zer izen emultsioa! Eta anisa (Pimpinella anisum), benetako anis-belarra, gaurko errezetan sartu gabe. Panorama hau ikusita mihiluak negar egiten du: bere zaurietako jarioari “milu-lerde” edo “milu-negar” esaten zaio.

Izen nahaste-borraste hau argitzera ea nor jartzen den; indarra beharko du, bai. Anisa egokia horretarako. Anisa edari bizia eta baita landarea ere; Pedro Prudenzio Hualde Mayo bidangoztar apaizak (1823-1879) anisari “sonto-belarra” esaten dio: sontotzea osatzea, sendatzea eta sendotzea da.

Kuia jendearen festak
2025-11-10 | Jakoba Errekondo
Kuia jendea esanda zer familia etortzen zaizu burura?  (+)
Erretxina, sendagai bikaina
2025-11-01 | Jakoba Errekondo
Gaztetan erraz erretxintzen nintzen; aspaldiko kontuak dira, ordea, horiek; behin batean erabaki nuen ez zuela inola ere merezi energia alferrik galtzea eta, harrezkero, lerdoak alde... (+)
Landare meteorologoak eta eguzki-lorea
2025-10-27 | Jakoba Errekondo
Mozolo hutsak gara. Galdua dugu eguraldiaren nondik norakoak iragartzeko gaitasun osoa, ez dakigu ezta hemendik hiru ordura ere zer etor daitekeen. Telebixtak esaten digu zer... (+)
Iroldegia
2025-10-20 | Jakoba Errekondo
Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa,... (+)
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
gora