Asteroko buletina
Urriko ilberrian elurra ageri bada, zazpi ilberritan ikusiko dezu

“Etorkizuneko janaria lurrari lotua izango da, edo ez da izango”

Food For Future kongresua egin dute maiatzean BECen, “elikagaien industriako berrikuntza teknologikoak" erakusteko. Aztik ingeles hutsean antolatu duen "negozio plataforma” horretan elikagai sintetikoak eta 3D inprimagailuak egon dira ikusgai. Bezperetan, baserritar txiki batzuek BEC aurrean elkarretaratzeko deia egin zuten. Hauengana jo dugu, etorkizuneko janariaz galdezka.


2023ko ekainaren 08a
Azpeitiko Sakona baserrian elkartu gara hiru kide hauekin: ezkerretik eskuinera, Kelo Arribas, Nerea Arrizabalaga eta Joxerramon Arrieta “Exkerra”. Argazkia: Irantzu Pastor.

Adierazpena atera zenutenean izan genuen lehen aldiz "Egurra Ta Kandela" ekimenaren berri. Nortzuk osatzen duzue eta zertarako sortu da?

Kelo Arribas: Laborantza ekologikoko elkartea da Biolur eta bertako kideak gara batu garen guztiok. Baserritar txiki eta agroekologiako langile gisa ez genuen gure ahotsa ordezkatuta ikusten, batez ere Gipuzkoan. Faltan ikusten genuen erakunde bat, antolatzeko eta gure erantzunak bideratzeko.

Zortzi lagun batzen ari gara, hamabostean behin. Sindikatu beharra planteatu dugu, baina pausoz pauso lortu behar dela ikusten dugu. Hausnartzeari eta ekintza batzuk planteatzeari ekin diogu, ortzimugan sindikatua izanik.

Exkerra: Gauzen aurrean gure ikuspegia elkarrekin lantzeari ekin diogu. Food For Future bezalakoen aurrean erantzun bat eman nahi dugu: gure ekintzek gutaz hitz egiten dute eta ekintza horien bidez hitz egiten dugu guk.

Nerea Arrizabalaga: Baserritar txikiak gara, beste erritmo batean bizi garenak, naturaren erritmoarekin batuago. Mundua ikusteko beste ikuspegi bat daukagu: soilagoa, gure ekoizpena ezagutzen dugu bertan lan egiten duten pertsonen neurrikoa delako, gertutasuna dugu gure produktuak kontsumitzen dituztenekin...

Exkerra: Denok zuzeneko salmenta egiten dugu, ez dugu supermerkatuetan saltzen ez bitartekari handiei, beste baserri eredu bat lantzen ari gara...

N. Arrizabalaga: Baina kokatuta gauden sisteman beste gauza batzuk bultzatzen dira: makroekoizpena, makroproiektuak, Food For Future bezalako foroak... hori guztia gizarteratu nahi dugu.

K. Arribas: Askotan, beste eragile batzuek hitz egiten dute baserritarren izenean, adibidez, elikadura burujabetzaz. Eta hori ongi dago, borondate onenarekin egiten dute eta askotan guk baino hobeto. Baina langile bezala baserritarron artean elkarlana sortu behar dugu, eta antolaketa, gure ahotsa gizarteratzeko.

Nerea Arrizabalaga: "Food For Futuren ez dago animaliarik, ez dago baserritarrik... Nola liteke horrelako foro bat deitzea, janaria ekoizten dugunok kontuan hartu gabe?!".

Zergatik erabaki zenuten Food For Futureri aurre egitea?

N. Arrizabalaga: Izenak berak esaten du, etorkizuneko janaria hori omen da. Eta gu non gaude? Gu gara gaur egungo janaria eta etorkizunekoa ere izango gara. Gure eredua da zabaldu beharko litzatekeena, horrela ez genuke janari faltarik izango, nahiz eta Ukrainan gerra izan edo mugetan arantzelak jarri. Beraiek aurkakoa saltzen dute: etorkizuneko janaria artifiziala izango dela, ez dakiguna oso ongi nondik datorren, intsumo pila bat beharko dituena, energia pila bat kontsumituko duena...

Exkerra: Agintariak eta multinazional horien interesak ez doaz herritarren beharrak asetzera, ezta baserritarren bizimodua erraztera ere. Horren aurrean, egiteko beste modu bat badagoela adieraztea da gure nahia.

"Agroekologia da modu bakarra panorama berri honi aurre egiteko: klima aldaketa, energiaren agortzea, gerren sistema..."

K. Arribas: Eusko Jaurlaritzarena oso bide motza da. Gauden krisi ekologiko eta sozialean, denok dakigu eredu aldaketa behar dugula. Etorkizuneko janaria lurrari lotua izango da, edo ez da izango. Bide bakarra agroekologia da eta hori ez dugu guk esaten, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak esaten du. Hori da modu bakarra jendea elikatzeko.

N. Arrizabalaga: Ingurua guztiz suntsitu gabe.

Exkerra: Lurra martxan iraunarazteko. Edo gu Lurraren barruan.

K. Arribas: Modu bakarra panorama berri honi aurre egiteko: klima aldaketa, energiaren agortzea, gerren sistema...

Harrigarria da Food For Futuren ez dagoela inolako baserritarrik.

N. Arrizabalaga: Ez dago animaliarik, ez dago baserritarrik... Nola liteke horrelako foro bat deitzea, janaria ekoizten dugunok kontuan hartu gabe?!

Kelo Arribas: "Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak esan zuen Euskal Herrian ez dagoela gaitasunik herritarrak elikatzeko. Horretan ados, baina egin apustu jendea elikatzeko lurretik, ez 3D inprimagailuetatik". Argazkian, Food For Futureren aurrean laborari txikiek egindako mobilizazioa.

K. Arribas: Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak esan zuen Euskal Herrian ez dagoela gaitasunik herritarrak elikatzeko. Horretan ados, baina egin apustu jendea elikatzeko lurretik, ez 3D inprimagailuetatik. Horretarako gaude baserritarrok, eta elikagaiak sortzen ditugunok gehiago izan gaitezke, berak ere bidea errazten badu eta jendeari laguntzen badio. Hain justu bere esku dago behar beste ekoiztu ahal izatea.

N. Arrizabalaga: Euskal Herrian dauzkagun lurrekin, Orozi lotsa eman behar lioke elikatzeko ez garela gai esateak. Noski, gaur egun kontsumitzen dugunaren %3-4 soilik da hemen ekoizten dena. Bada, bultzatu hemengo ekoizpena! Egun administrazioaren presioa da guretzat pisurik handiena. Lurrak eskuratu ditugunok eta martxan gaudenok itotzen gaituzte izan ticketbai, izan exigentziak, izan kontrolak... horrek pisu handi bat jartzen digu gure lanaz gain, eta pentsa sartu berria den batentzat! Lurra gero eta artifizializatuago dago, lurra lortzea ia ezinezkoa da...

Exkerra: Eta ez utzi komertzializatzaile handi horien eskuetan. Baserritarra estutzen dute bere oinarrizko beharrek, zereala edo pentsuak direla, argindarra dela, gasoila dela... horiek prezio finkoa dute, baserritarrek ezin dute erabaki, eta berak ekoizten duenari, adibidez esneari edo okelari, bestek jartzen diote prezioa. Hor estutzen gaituzte, eta ondorioz ez dago ekoizlerik, normal, nor hasiko da ekoizten? Ez dago erreleborik.

N. Arrizabalaga: Azken urteetan bultzatu duten tamaina handiko etxalde horiek txikiagotzeko prozesuan ere asko lagundu dezakete erakundeek, akonpainamendu handia egin dezakete eta ez dute ezer egiten.

3D inprimagailuetan ekoiztutako haragi sintetikoaz zer diozue?

K. Arribas: Proteina krisiaren diskurtsoarekin jokatzen dute, hori 3Dko makina batek konponduko duela esateko. Zer, berriz ere multinazional baten esku utzita?

Exkerra: Euskal Herriko gizartea justu proteinaz gainezka dago.

N. Arrizabalaga: Baina jendeari buruan sartzen diote ideia hori, behin eta berriz errepikatuta. Su bajuan lantzen doaz 3D janariaren kontu hori, normalizatu eta jendeak probatu arte, eta etorkizuna  hori dela sinesteko.

Exkerra: Elikadura birpentsatu beharreko gai bat da. Proteina gehiegi jaten dugu. Gure aurrekoek astean behin jaten zuten okela, eta arraina hilabetean behin. Jende bat euro bat baino gutxiagorekin elikatzen da: saltxitxa horiek euro bat azpitik erosteko, supermerkatura plastiko horretan bilduta iritsi direnerako... agian hobe da hori ez jan eta garbantzuak edo lentejak janda.

N. Arrizabalaga: Gure buruan egunero haragia jateak dakar estatusa, eta ezin badugu kalitate maila onekoa erosi, kalitatea jaisten dugu, astean behin edo bitan kalitate onekoa erosi eta beste egunetan lekaleak jan beharrean.

"3D pobreentzako janaria izango da"

K. Arribas: 3D pobreentzako janaria izango da. Zeren dirua duenak beti nahiago izango du benetako txuleta.

N. Arrizabalaga:  Baina 3D haragia ez zuten honela aurkeztu: lehenik esan zuten oso garestia dela ekoiztea eta bazirudien eliteentzako izango zela. Baina Iraken egunean bi tona ekoizteko prestatu dira jada eta jende xumeagoarena izango da.

Exkerra: Bada haragi sintetikoa interesgarri ikusten duen beste korronte bat, beganoena.

N. Arrizabalaga: Kontraesankorra izan daiteke, beganoek eztirik ere ez dute hartzen erleek ekoiztua delako, eta haragi sintetikoa egiteko ama zelulak ez dakit bizidun kontsideratu daitezkeen... Nondik datoz edo zerekin elikatzen dituzte zelula horiek?

Nerea Arrizabalaga: “Dependentzia sorrarazi nahi digute. Ez badugu lurrik elikagaiak ekoizteko, beraiek erabakiko dute zerekin elikatuko garen”. Argazkia: Irantzu Pastor.

Energia berriztagarrien makroproiektuek landa eremura jo dute...

Exkerra: Badatoz lehendik bazter guztiak txikitu dituzten horiek beraiek soluzioa eurak direla saltzera. Hori beraientzako soluzioa da, dirua egiten jarraitzeko sistema, lurrak okupatuta. Orain lurrak multinazional horiei ematen badizkiegu, elikatzeko lurrik gabe gara.

N. Arrizabalaga: Dena da negozio.

"Ulertzen dut energia berriztagarriak beharko direla, baina lehenik AHT gelditu dezatela"

Exkerra: Ulertzen dut energia berriztagarriak beharko direla, baina lehenik AHT gelditu dezatela: utzi horretan dirua eta energia gastatzeari. Artifizializatutako eremuekin bakarrik ez omen dugu behar beste energia aterako, baina oraindik lur horien ehuneko oso txiki batean jarri dira eguzki plakak, eta jadanik bagoaz soro eta belardien bila. Badago non egina herrietan, industriaguneetan, eta gero gehiago behar bada, hitz egingo dugu.

K. Arribas: Hau beste negozio bat da, ez konponbidea. Berriztagarriekin elektrizitatea sortzen dute eta elektrizitatea energia kontsumoaren zati txiki bat da. Kontsumo nagusia gasoila da eta ez diogu horri begiratu nahi. Zergatik? Horrek eredua aldatzea eskatzen duelako eta ez dugu nahi. Hau adabaki bat da, ezertarako balio ez duena, batez ere multinazionalei negozioa egiteko eta politikariei diskurtsoa emateko, “konpontzen ari gara” esan dezaten. Eta ez da sinesgarria, datuak oso argi daude. Horregatik, oso ikuspegi motza da, baina denok jaten dugu diskurtso hori. Okerrena da orain gure lurrak jokoan daudela.

"Dependentzia sorrarazi nahi digute. Ez badugu lurrik elikagaiak ekoizteko, beraiek erabakiko dute zerekin elikatuko garen"

N. Arrizabalaga: Iruditzen zait dependentzia sorrarazi nahi digutela. Ez badugu lurrik elikagaiak ekoizteko, beraiek erabakiko dute zerekin elikatuko garen, ez digutelako beste aukerarik utziko. 3D janaria ipintzen badizute beste ezer ez daukazunean... badirudi koskaz koska horra eraman nahi gaituztela.

Exkerra: Burujabetza izateko tresnak izateak ematen dizu indarra eta zeure buruan konfiantza. Multinazionalei eta Food For Future bezalako ebentoei ez zaie interesatzen horrelakorik, hortik ez dutelako negoziorik egiten: agroekologia da irtenbide bakarra baina herri bakoitzak bere lurraren eta bere janariaren kudeaketa egiten badu, ez dago negoziorik, ez dago bolumen handirik, geure artean geratzen da ondasuna.

N. Arrizabalaga: "Hirugarren mundu" deitzen diogun herrialde horiek bezala bihurtzen gara, Norbegiako enpresa batek esplotatuko ditu hemengo eolikoak eta dirua berak eramango du, eguzki plakekin antzera, gainera ezingo dugu gure janaria ekoiztu... Afrikako lurrak etorri zaizkit gogora, herrialde aberatsok espoliatzen duguna...

Exkerra: Kolonialismoa da. Nekazal lurretara etortzen dira, dirua dute edo okerrago dena: ez dute dirurik, gero izan litekeen diruarekin ari dira gauzak egiten. Hipotekatzen ari dira, ez eurak, hurrengo belaunaldiak baizik, erraustegiarekin egin duten bezalaxe. Gainean gero eta zama handiagoa hartzen ari gara, eta gero nork hartuko du horren ardura? Ezeren ardurarik ez daukate.

K. Arribas: Hiriaren kolonialismoa ere badago landa eremuan: Euskal Herrian herritarren %90 bizi da lurraldearen %10ean. Hiriak ezin du landa gehiago suntsitu, aski da landa kolonizazioa egiteaz! Jarri itzazue aerosorgailuak Kontxan! Han dago kontsumoa, utzi bakean mendia, bertan bizi garenak justu beste eredu batean ari gara, ez dugu hainbeste energia behar. Gizarteak kritiko izan behar du eta bere kontsumoaren jabe egin behar du.

Kalea eta mendiaren arteko harremana ahulduta dago?

Exkerra: Nik ez dut kaletar eta baserritar dikotomia ongi eramaten. Kalean egoteko moduak eta baserrian egoteko moduak daude. Denean dago gauzak kontziente eta ongi egiten ari den jendea eta denean dago hala moduz eta egoismo hutsez egiten ari dena. Baserri munduan ere horretatik asko dago.

Baserrietan eta landa eremuetan jende beharra dago. Gu bizi garen zonaldean, dozena bat baserri daude bueltan eta soilik bi etxetan bizi gara. Gure kasuan, errelebo bila hasi beharrean gaude eta segur aski askoz erakargarriago litzateke gure seme-alabentzat edo kanpotik datorren batentzat, inguruan bere moduko batzuk baleude pozak, nekeak eta biziak konpartitzeko. Hutsik dauden baserri horien jabeak gure moduko jendea dira, eta haien asmoa ahalik garestien saltzea da.

N. Arrizabalaga: Kontsumitzaile gisa, bere janaria non erosten edo bilatzen duenari begiratuta, baserritik oso urrun dago orokorrean jendea. Jende edadetuagoa baserrian jaio da edo gertu dauka, baina gazte jendea eta umeak ez: eskolak bisitan etortzen zaizkigu eta patatak lurrazpian daudelako harritzen dira, edo leka ikusi eta ez dute ilarrekin identifikatzen. Horrek zer pentsa eta ardura ematen du.

K. Arribas: Urrun xamar ikusten dut nik ere. Denborarekin pauso batzuk eman dira, kontzientzia gehiago dago, baina asko falta zaigu. Halako krisiek batzuei zer pentsa ematen diete: gure janaria Ukrainaren menpe dago? Bolada batez jendea janariaz kezkatuta eta haziez ikasteko gogoz nabaritu nuen, baina jada pasatu da. Ukrainako gerra hasi zenean batzuek gerra nuklearraren kezka izan zuten eta gure haziak egin, gorde eta baratzea egiteko erreflexua izan zuten. Oso gutxi dira halakoak, baina agian gero eta gehiago dira, krisia gero eta jende gehiagorengana iristen delako. Eredu aldaketaren bila ari dira.

Badator ezinbestean eredu aldaketa, baina "azken buelta bat" dugu oporretako amets...

"Begiradaren norabidea aldatzea da gakoa. Pertsonaren beharrak oso sinpleak dira eta egun, horiek dira balio gutxien dutenak"

Exkerra: Begiradaren norabidea aldatzea da gakoa. Pertsonaren beharrak oso sinpleak dira eta egun, horiek dira balio gutxien dutenak. Oinarrizko horietara jo beharko genuke eta uste dut baserriak hor baduela bere lekua, bere egiteko modua. Gizarte bezala badakigu gauza batzuk norabide onean egiten. Hor jarri beharko genuke indarra.

K. Arribas: Prestatu egin behar gara aldaketarako. Nola? Elkar zainduz, elikadura burujabetza landuz eta autosufizientziaz ikasiz, ez izateko menpekotasunik, ez multinazionalena, ez armena, ez gobernuena.

N. Arrizabalaga: Jendeak ez du orain arteko bizi erritmoa utzi nahi, ez gara prestatzen ari. Eta kuriosoa da, hain justu burujabetza ikuspegitik aurrera jarraitzeko erremintatxo bat dugunok gara aldaketarekin kezkatuen gaudenak, badatorrela ikusten dugunak. Zenbat eta beranduago ekin, orduan eta aldaketa bortitzagoa izango da.

Prezio igoera bai, baina elikagai krisia ez da hizketagai kalean.

Exkerra: Adibide bat jartzeko, ardiei ematen diegun zereal dena ingurutik ekartzen ahalegintzen gara eta badirudi inguruko zerealik ez dela apenas izango eta dagoena oso garestia izango dela. Lehortearen ondorioa da. Guri horrek eragingo digu, seguru.

K. Arribas: 2008ko krisiaren eraginez Afrikan elikadura krisi oso gogorra egon zen eta jende askok esaten zuen erne ibili beharra zegoela, gu ere dependenteak garelako. Beraz, ez da gai berria baina ez dugu ikusi nahi. Eta noski arriskuan gaudela. Pentsatzen dugu guretzako beti egongo dela janaria, dirua dugunez pribilegio hori dugulakoan. Eta ez dut uste denontzako egongo denik. Pobretzen ari gara eta kezkatuta nago: Nafarroan uzta galdu da, baina baita Gaztelan, Andaluzian eta Katalunian ere. Argentinan ere lehorteak izan dira eta han ekoizten dute soja, ondoren Kataluniako makrogranjetako zerriak elikatzeko erabiltzen dutena. Lehen elikagai krisiak Tunezen ikusten ziren, baina gero eta gertuago ikusten da.

 

Donostian zabalduko duten Biotech Foods haragi sintetiko enpresaren sozio nagusia Brasilgo ustelkeriarekin lotua

Biotech Foods-ek laborategiko haragiaren Europako lehenengotako fabrika irekiko du Donostian, 2024an. Eskusaitzeta poligonoan 11.000 metro koadroko lantegia egingo dute. Enpresak azaldu duenez, abereei biopsia eginda giharretako zelulak hartzen dituzte eta altzairu inoxidableko tankeetan elikatzen dituzte hazi daitezen. Haragi sintetiko hau ondoren elikagai prozesatzaileei salduko diete.

EHNE sindikatuak Etxalde aldizkarian jakitera eman duenez, Biotech Foodsen akziodun nagusia Brasilgo JBS enpresa da: 36 milioi euro inbertitu ditu 2021ean, kapital anpliazioa estaliz. JBSko zuzendari eta administrazio kontseiluetako kide ohiek onartua dute Brasilgo 28 alderditako 1.800 politikari sobornatu zituztela eta azken 15 urteetan 180 milioi dolar erabili zituztela horretan. JBS munduko haragi ekoizlerik handiena da.

Kelo Arribas: "Inori ez zaio aurpegia lotsagorritzen, baserritarrak kanpoan utzi eta horrelako jendeei lekua egin zaielako BECen, Food For Future kongresuan".

Ustelkeria kasu hau dela-eta, Norbegiako Pentsio Funtsak JBS enpresaren akziodun izateari utzi dio.

"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun... (+)
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta... (+)
"40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko"
2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu... (+)
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer... (+)
"Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da"
2024-04-12 | Estitxu Eizagirre
Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora