Beti pentsatu izan dut, baratze bat izatea lagun leial eta on bat izatea bezala dela

“Erlezainik gabe, erleak jada ez dira gai beraien kabuz aurrera egiteko”

Azkainen izan da Mattin Jauregi Egonarria saioko aurkezlea eta erlezaina, mundu horretan erreferentea den Mikaela Untsainen etxean. Erleak iraun dezan gaur egun erlezainen beharra dagoela azaldu dio, erlezainik gabe galdu egingo dela. Zein oinarriren gainean lan egiten duen arrazoitu du eta pasarte irrigarri bat ere kontatu dio.


2024ko otsailaren 15a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Mikaela Untsainek 21 urte daramatza erlezaintza profesionalean. Bere irakasle lanbidea utzi eta erlezaintzan hasi aurretik, munduan zehar hainbat eredu ezagutzen aritu zen. Gaur egun ekologikoan egiten du lan, bertako erle beltzarekin. Etxe ondoan ditu erlauntzak. Hemen ikusentzun daiteke erreferentea den erlezainaren eta erlezain gaztearen arteko elkarrizketa osorik:

Mattin Jauregi Egonarria saioko aurkezle eta erlezainak galdetu dio ea zer harreman sortzen duen erleak etxetik horren gertu bizitzeak. Untsainek alde positibo asko eta negatibo bakarra azaldu ditu: "Niri gustatzen zait erleak beti begipean ukaitea, zeren horrela ulertzen dut pixka bat beraien dinamika, zertan ari diren: udaberrian noiz eta ze lorerekin hasiak diren lanean... Erlauntza bat ireki gabe, etxetik bertatik, terrazatik, beraien soinuari esker, beraien aktibitateari esker eta erlategian den usainari esker ere, badakit zertan ari diren. Erlategi bat ukaitea etxean bertan, horrek ematen dit [informazioa] beste erlategietan zer dinamika ukanen dudan hemendik hamar egunetara. Beraz, horrek nire lana antolatzen dit eta oso baliagarri zait. Arazoa da liztor asiar asko denean, ikusten dudala erleak nola hondatuak diren, nola liztorrek jaten dituzten, eta horrek min egiten du. Baina egia erran, erleak ez baditut etxe inguruan zerbait eskas sentitzen dut".

"Erlezaintza xinple bat nahi nuen eta bertakoa"

Uruguayen erlezain praktikak egiten aritu zen baina 21 urte daramatza Euskal Herrian erlezaintzan, aitzindarietako bat da. Bertako erle beltzarekin ari da eta ekologikoan. Zera esan dio Jauregi aurkezleari ereduari buruz: "Eredu asko ikusi ditut, baina zu erlezaina izanik, ziur naiz zuk egiten duzun erlezaintza eta nik egiten dudana ez dela guztiz berdina. Nire ustez, garrantzitsua da bakoitzak bere eskualdean beretzat aproposa den erlezaintza atzematea. Niretzat garrantzitsua zen bertako erlea baliatzea, bertako loreak ahal bezain ongi baloratzea, ezagutzea... Hemen bertan, Azkainen, eztia egin eta ahal bezain hurbil saldu. Beraz, erlezaintza xinple bat nahi nuen, eta bertakoa. Bertakoa bai arrazan, bai egiteko lanean, bai loreetan eta baita salmentan ere".

Idoki etiketa dute bere produktuek. Horretaz galdetu dio Jauregik: "Idoki da Ipar Euskal Herrian duela 20 urte baino gehiago sortu zuten label bat, frogatzen duena gure lan etika. Bertako laborantza ziurtatzen du, etxalde txikiena, batere ez industrializatua. Etxalde edo baserri txikiak dira, oinarritzen direnak lurraren errespetuan, abereen errespetuan, laborariaren errespetuan eta noski, eroslearen errespetuan. Idokin ehun bat baserritar gara, Ipar Euskal Herrian sare bat osatzen duguna".

Zertan aldatu da erlezaintza 21 urte hauetan?

Galdera hori egin dio Jauregik eta hauxe Untsainen erantzuna: "Arrazoi duzu, gauzak aldatzen ari dira. Garai batean behar bada erlezaintza gehiago egiten zen autokontsumorako, eta pixka bat gehiago. Baina erlezaintza gero eta gehiago profesionalizatzen ari da. Beraz, produkzio handiagoak behar dira, etekin gehixeago, eta jakin behar dira produktuak baloratzen. Beraz, horretarako ikasi egin behar da. Horrez gain, klima aldatzen ari dela-eta, gu erleekin guztiz naturan ari gara. Liztor asiatiko gehiago bada, barroa gehiago... Nire ustez, egin behar dena da erleak hazten ikasi, zeren ez badugu ikasten erleak hazten, galduko dira. Duela 30 urte arte erle ume basak atzematen ziren zuhaitzetan-eta. Orain, Ipar Euskal Herrian behintzat, behar bada barnealdean gehixeago, baina eskualde honetan ez da gehiago erle basarik atzematen. Horrek erran nahi du, erlezainek ez badituzte hazten erleak, erlerik ez dela. Beraz, ikasi behar da. Nahi badugu erleak aitzina segi dezan, bizirik segi dezan, ulertu behar ditugu eta hazi behar ditugu, bestela beraiek ez dira gehiago gai erreproduzitzeko gure eskualde hauetan. Eta teknikotasun gehiago behar da, ikasi behar da, eta horregatik hasi nintzen ikastaroak ematen, bai nire etxaldean, bai elkarteetan, jendeak hainbat teknika ikas ditzan. Eta erlezainak bildu daitezen hitz egiteko, beren esperientziak trukatzeko... Hori oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan".

Bitxikeria: erlauntzarik garaiena

Jauregik istorio bitxiren bat kontatzeko eskatzen die bisitatzen dituen laborariei. Untsainek benetan irrigarri bat kontatu du: "Ezpeletan bada erlezain portugaldar bat. Erlauntzak ditu urez betetzen den lur eremu batean, zeren badu erreka txiki bat azpian pasatzen dena. Beraz, esan zidan erlauntzak jarri zituela pixka bat alturan eta nire ikuspuntua nahi zuela, ikusteko nola zituen erlauntzak, indarrean zirenentz, arazorik zutenentz... Joan nintzen bere erlategira eta... erlauntzak alturan ezarriak zituen, baina bi metro eta erdiko alturan! Hara igotzeko zulubirik batere ez edo txar bat, nolabait igo nintzen, eta hankak taula txar txar baten gainean nituela egon behar, bi metro eta erdiko alturan, erleak bisitatzen. Eta irri egin genuen, zeren berak zuen kezka bakarra erleena zen eta nik nuen kezka bakarra zen oreka atxikitzea taularen gainean. Horrelako istorioak gertatu izan zaizkit. Erleei esker egoera oso ezberdinetan izan naiz, jende oso-oso ezberdinarekin eta hori zinez aberasgarria da".

"Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko"
2025-09-10 | Estitxu Eizagirre
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik... (+)
Beste itzalaldi bat saihesteko eta negozio elektrikoa berpizteko dekretuari ezezkoa eman dio Espainiako Kongresuak
2025-07-24 | Estitxu Eizagirre
7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an. (+)
Frutazaintza ekologikoa ezagutzeko txangoa deitu du Biolurrek
2025-07-22 | Estitxu Eizagirre
Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia... (+)
Lurraldeko ogi ekologikoaren balio nutrizionalak aztertu dituzte HoBBea proiektuaren baitan
2025-07-07 | Estitxu Eizagirre
HoBBea proiektua hiru elkarte hauek elkarlanean egina da: Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Biolur eta Hazialdeko. Nekazari-okinaren figura indartu nahi dute HoBBea proiektuaren bidez, eta lurraldeko ogi... (+)
gora