Neguko eguzki txuriaz ez fidatu.

“Liburuak jaso du euskaldunok nola erlazionatu izan garen zuhaitzekin”

Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian du izenburu Jakoba Errekondorentzat bere “bizitzako liburu inportanteena” denak, Markel Arriolabengoak “liburutegi batean aurkitu nahiko” lukeenak eta Iñaki Etxebesteri begirada bere ikerketa marko zehatzetik Euskal Herriko 116 espezietara zabaldu dionak. Ekainaren 6an Ziburuko Azokan eta 13an Gasteizen aurkeztuko da liburua, eta ordura arte ARGIAren Azokan dago aurresalmentan. Hiru egileekin mintzatu gara, ia 500 orriko lan hau Antza inprentan papereratzen hasi den momentuan.


2026ko apirilaren 29a
Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste, "Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian" liburuaren egileak.Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Liburura sartzen denak zer aurkituko du bertan? [PDF honetan ikus daitezke hainbat orri]

Markel Arriolabengoa. Uste dut liburuan ekosistema aberats bat aurkituko duela. Irakurri ahal izango du zuhaitzen ezaugarrien inguruan, erabileren inguruan, zuhaitzek gure kulturan eta hizkuntzan duten pisuaren inguruan... Liburua baso aberats bat da, bazter bakoitza aztertzeko aukerak ematen dituena. Saiatu gara idazkera ulergarria erabiltzen, ezagutzak dituenak zein ez dituenak gozatu eta ikasi ahal izan dezan.

Jakoba Errekondo. Liburu hau edozeinentzako da erabilgarria eta aberasgarria. Zuhaitzak eta arbolak izaki bezala ezagutzeko, identifikatzeko, era erraz bat ematen digu, hosto bat hartuta ikus dezakeguna. Eta, era berean, zuhaitz horrek sortzen duen ekosistema ere badakar liburuak: bizidun mordo bat. Horien artean gaude gu, hau da, zuhaitzek gure kulturan, gure jendartean, gure bilakaera historikoan izan duten eraginaren laburpen bat da liburua. Hori ikusten da hizkuntzan, esaera zaharretan, bertsoetan, abestietan, eta zuhaitzek izan dituzten erabilera anitzetan. Esaterako, hostoak izan dira janari, azala ere bai, fruituak zer esanik ez, eta egurrak eta zurak erabilera mordoa izan dituzte: izan dira energia, eraikuntza, ontziak, tresnak... Esan dezakegu gure aurreko belaunaldira arte, zuhaitzek eman dituzten materialak izan direla gure kulturak erabili dituen lehengai nagusiak. Beraz, zuhaitzek eta arbolek gure kultura sortu dute eta gure kulturak ordainetan paisaia kultural bereziak sortu ditu, egokiak zaizkion zuhaitzekin.

Hori dena dago liburuan, eta batzuei baso sistemak interesatuko zaizkie, beste batzuei basogintza, beste batzuei izenak, egurraren terminologia, bertsoak, esaerak...

Liburuaren hasierako atala, jakintza orokorreko gaiak azaltzen dituena. Liburuko orri askotan aurkituko ditugu esaera zaharrak.

Iñaki Etxebeste. Argazki askoz osatutako argazki handi bat ere bada, ikuspuntu ezberdinak biltzen dituena eta momentua ere jasotzen duena: 2026an argitaratua, Euskal Herrian, Markelek eta Jakobak esandako horiek denak erretratatzen dituena momentu honetan. Eta ez bakarrik hiru egileon begiradatik, baita ere argazkilarien ikuspuntutik, eta horrek paisaia kulturalaren irudi bat, momentu honetakoa, erakusten du. Argazki bilduma polit bat.

J. Errekondo. Garrantzitsua da hori, liburuan biltzen da gaur egun gure paisaian dagoen panorama, zuhaitzen eta arbolen ikuspegitik. Baina era berean, liburuan biltzen da argazkigintza historikoan nola dauden jasota gure zuhaitzekiko harremana eta erabilerak. Dani Blanco argazkilariak egin duen lan erraldoiari esker, eta guk egin dugun bilketen ondorioz, 1.000 argazki baino gehiago daude.

Artelatzaren orriak. 116 espezie jasotzen ditu lliburuak, eta bakoitzaren ezaugarriak, argazkiak, kokapen mapa, ilustrazioa, gaitzak eta izurriteak, erabilerak, bitxikeriak, animalia eta onddo lagunak, esaerak...
Eskuratu liburua abantailekin

Tapa gogorra
493 orrialde, koloretan
Neurria: 23 x 33 cm

Ezohiko prezioa: 50 euro. Liburu aberats hau ahalik eta preziorik eskuragarrienean jarri nahi izan dugu, maila honetako erdal liburuek izan ohi duten preziotik oso urrun. Izan ere, hasieratik proiektu honen helburua izan da euskaldunok belaunaldiz belaunaldi jaso dugun zuhaitzei eta arbolei buruzko jakintza eta kultura ahalik eta etxe gehienetara zabaltzea, ondorengoek ere ezagutu dezaten.

Hau ez litzateke posible izango, proiektua ongarritu duten Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 55 udalen inplikaziorik gabe.

Aurre-salmenta: jaso liburua egileek sinatuta eta bidalketa gasturik gabe. Maiatzaren 29 baino lehen ARGIAn erosten baduzu, etxean jasoko duzu liburua, bidalketa gasturik gabe, eta egileek sinatuta. Erreserba ezazu lehen argitaraldiko liburu bat, eta ekainaren 8ko astean jasoko duzu, inprentatik atera berri:
              azoka.argia.eus
              (+34) 943 37 15 45

Liburua opari, ARGIAko kide egiten bazara maiatzaren 8 baino lehen. Horretarako:
             argia.eus/eginargiakoa
             komunitatea@argia.eus
             (+34) 943 37 15 45

Argazki horrek zer panorama erakusten du? Zein da basoek egun Euskal Herrian duten egoera?

M. Arriolabengoa: “Euskal Herrian azken mendeetan izan dugun zuhaitz kopururik handiena dugu. Baina badugu zer hobetu zuhaitz horien kudeaketan”

M. Arriolabengoa. Duela mende eta erdi inguru, Euskal Herriak inoizko zuhaitz azalera txikiena ezagutu zuen. Gaur egun, aldiz, Euskal Herrian azken mendeetan izan dugun zuhaitz kopururik handiena dugu. Baina horrek bere horretan ez dakar interpretazio positibo bat. Datu bat da baina badugu zer hobetu zuhaitz horien kudeaketan.

I. Etxebeste. 2026an dugun egoera paisaia kulturalaren ondorio da, eta beste prozesu batzuena. Ez da zuhaitz espezie kontua, kudeaketa kontua da. Era bateko kudeaketak egin dira eta emaitza egungo argazkia da. Egoera hori ona edo txarra den, ikuslearen arabera aldatzen da eta Euskal Herrian oso leku eta egoera ezberdinak ditugu, oso anitza da. Leku batzuetan egoera oso larria da, bertan dauden zuhaitz espezieak mehatxu etengabean bizi direlako, eta beste leku batzuetan oso ona eta egonkorra da... Garai polita da, aldaketa handikoa, optimismorako zein pesimismorako daude arrazoiak, eta ahal dela optimismoari heldu nahi diogu. Eragin ahal badugu eta liburu honen bidez beste ikuspuntu bat eraiki, hobeto.

J. Errekondo. Zenbakiei begiratuta, ezin gara kexatu, Euskal Herrian basoak duen estaldura kopurua ikusita. Baina gakoa da ze kalitateko basoa daukagun. Eta harago joanda, oraindik ez dakigula garbi basoa zertarako daukagun, ze etorkizun eraiki nahi dugun baso horrekin eta baso horretatik, eta hemendik atzera ze tratu emango diogun gure paisaiari.

Gainera, “basoa” soilik baso gisa hartzen badugu, nire iritziz, hanka sartzen ari gara. Egun basogintzaz hitz egiten dugunean, gure paisaiako gauza asko ahazten ari gara. Guk inoiz ez dugu hitz egin “basoaz”, guretzat beti izan da “mendia”. Mendiak basoak ditu, baina baditu beste gauza asko ere: ura, larreak, lehengaiak, inaurkina, otea, fruituak... Hori dena batera pentsatu arte eta horri buruz erabakiak hartu arte, basogintza beti herrena izango da. Hortik, gaur egun gertatzen ari den bezala, erabaki okerrak hartzen dira.

M. Arriolabengoa. Guk, aldiz, Jakobarentzat “mendi” den horri, beti “baso” esan diogu. Aramaion guztia da basoa, eta “basoko bizikleta”, “basoko botak” eta “basoko arropa” esaten diegu, nahiz eta mendi tontorrera igo. Ezagutzen genituen ezberdintasun horiek, baina idazten ari ginela, azpimarratu eta landu egin nahi izan ditugu horietako batzuk, eta horietako bakoitza lantzeko adituengana jo dugu eta adituek idatzi dute gai horiez liburuan. [ikus aditu bakoitzak landu duen gaiaren zerrenda koadroan]

Euskal Herria lurralde txikia den arren, askotarikoa da, eta eremu bakoitzean egin den kudeaketa oso ezberdina da. Gipuzkoan eta Bizkaian basoek egoera oso larria bizi dute, baina beste lurralde batzuetan egoera oso ezberdina da. Beraz, saiatu gara Euskal Herri osoko panorama hori kontuan hartuta hainbat argazki ateratzen, mosaiko hori sortzeko.

Gakoa baso edo mendien kalitatea dela esan duzue. Eta nolakoa da kalitatezko zuhaizti bat?

M. Arriolabengoa. Kasuaren arabera. Liburuan saiatu gara ekosistema hori azaltzen: zuhaitzek nola duten eragina gure kulturan –gure kulturaren oinarrizko zutabe dira–, eta alderantziz, gure bizitzak eta egunerokotasunak ere nola duten eragin handia zuhaitzengan; eta oreka topatzen dugunean sortzen ditugu ekosistemak, zuhaitz horiekin harremanetan. Ekosistema horiek izan daitezke lorategiak, baserri inguruko lizardiak, baso oso konplexuak... Baina badugu erronka oreka hori berreskuratzen, hau da, lortu behar dugu gizarteak dituen beharrak asetzea, naturak dituen beharrak alde batera utzi gabe, eta ekosistemen osotasuna eta osasuna alde batera utzi gabe.

J. Errekondo: “Zuhaizti baten kalitatea neurtu dezakegu etekin ekonomikoaz harago eman dezakeena neurtuta”

J. Errekondo. Esango nuke zuhaizti baten kalitatea neurtu dezakegula etekin ekonomikoaz harago zuhaizti horrek eman dezakeenaren tamaina neurtuta. Adibidez, landare batzuek erabilera errituala dute, ez dute bestelako erabilera handirik. Zuhaitz edo arbola bakoitzak bere atala dauka liburuan eta bertan azaltzen dira bera izendatzeko izenak. Euskaraz izen gehien dituena elorri beltza da, patxarana egiteko erabiltzen dena. Pentsa ze bazterreko erabilera duen. Eta seguruenera, ongi gurea izan den arboletako bat da, eta bere arantzak medio, oso erabilera garrantzitsuak izango zituen: hesiak egiteko, zuhaitzak babesteko landaketak egitean, bere fruitua, lorea... egun, jende gehienak ezagutu ere ez luke egingo, mendian ikusita.

Horrekin lotuko nuke kalitatea, zenbateraino gurea den eta izan den, eta horren arrastoak nonahi topatu ditzakegu: gure paisaian, hizkuntzan, erabiltzen ditugun metaforetan, esaeretan noraino sartuta dauden... Horrek markatuko luke kalitatezko arboladi bat.

Hiru egileak Antza inprentan. Eskuinean, liburuko orriak inprimatzeko plantxak. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Aurkezpenak

EKAINAK 6, ZIBURU:

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztuko dute egileek liburua, 16:00etan,  eta ARGIAren mahaian egongo dira egunean zehar, liburuak sinatzen.

EKAINAK 13, GASTEIZ:

Goiz pasako ospakizuna izango da, Olarizun. 10:30 aldera ibilaldi gidatua egingo dugu egileekin, ondoren liburuaren aurkezpena, eta amaitzeko zizka-mizkak.

ZURE HERRIAN AURKEZPENA LOTZEKO: idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera.

Euskal kulturatik idatzitako liburua da. Zer dira arbolak euskaldunontzat? Liburu honen bidez zuhaitzei buruzko ezagutza jasotzeak zer ematen dio, kulturalki, irakurleari?

J. Errekondo. Liburu hau egiteko arrazoietako bat hauxe izan da: ia bizitza guztian sentitu dut premia gure identitateari eta izakerari arrazonamendu sendo bat, lurrean ongi errotutako bat emateko, eta horretarako garrantzitsuenak zuhaitzak dira. Zuhaitza da mundu honek eman duen izakirik konplexuena, eta oraindik ere ez daukagu gaitasunik bera benetan ulertzeko.

Kulturalki galdetzen digutenean, “zer da hagina?”, gure lehen azalpena joaten zaigu Irlandara, han zer egiten duten, eta zeltentzat zer esanahi zuen, eta Austrian ez dakit zer erritualetan erabiltzen dutela... eta euskaldunok? “Aginaga” leku-izena hor dugu, baina gehiago ez dakigu. Eta ezkia? “Bai, nire abizena Ezkiaga da...”, eta dakiguna da tila Mantxan edo Valentzian biltzen dela eta infusioan hartzen dugula... Euskaldunontzat zer dira horiek? Zer eragin dute gure gaurko izaeran? Horrek azaltzen du, batetik, liburua zergatik egin nahi genuen, eta, bestetik, kulturalki ze oinarri dagoen.

M. Arriolabengoa: “Liburuak jaso du euskal kulturaren zati bat, kontziente izan gaitezen, nola harremandu izan garen zuhaitzekin”

M. Arriolabengoa. Gizakiok naturarekiko harremanean gaur egun dugun krisi handienetako bat da, nire ustez, banatzearen krisia. Esango nuke natura momentu askotan zaindu dugula gaizki, beste askotan ongi, eta momentu horiek historian errepikatzen direla, baina ematen ari den bereizketa hau inflexio puntua dela, aurretik modu honetan eman ez dena, eta hortik hartzen direla askotan zuhaiztiak kudeatzeko erabakiak: erabaki oso intentsiboak, gainontzeko elementuak kontuan hartu gabe; edo horren kontrako erabaki irrazionalak edo ez hain lurreratuak. Liburuak zentzu horretan ekarpena egin nahi du, euskal kulturak orain arte egin duen ibilbidearen zati bat jasotzen du, kontziente izan gaitezen nola erlazionatu izan garen zuhaitzekin, eta nola erlazionatzen garen orain ere.

I. Etxebeste. Espero dut hartzaileak bilduma lana ikusiko duela: ez nintzen oso jabetuta sentitzen iritzi batzuk, teknika batzuk edo jakintza batzuk idazteko, eta biltzaile lana da egin dudana. Itxaropena da laburpen horiek erabilgarri izatea, beste batzuentzat abiapuntu. Adibidez, Izaba aldetik bikea egiteko prozesua bildu dugu, eta orain arte jarduera hori Gaztela eta Suediarekin lotzen nuen, ez nuen Euskal Herrian kokatzen. Barrutik kanpora egiteko balio dezala, Euskal Herri barruan zer jakintza eta harreman egon diren jakiteko.

Liburu bakoitzeko m2 bat baso

Liburu honek bat egiten du zuhaitz eta arbolen kulturari, ekosistemen zaintzari eta baso-lehengaien kudeaketa orekatuari eutsi nahi dion olatuarekin. Horregatik, saldutako liburu bakoitzeko metro koadro bat baso sortuko dugu, Tantai Baso Jabe Kooperatibaren laguntzarekin.

Modu honetan, liburuaren sorrerak eragin duen aztarna ekologikoa arinduko dugu.

Liburua bezain aberatsa den ekosistema bat sortuko dugu elkarrekin.

Adi neguko landaketa deialdietara!

Gizakiok zuhaitzekin izan ditugun harremanak aipatu dituzue. Eman harreman on eta txarren adibideak...

J. Errekondo. Komunitatearen edo euskal jendartearen ikuspegitik, isurialde atlantikoan, zuhaitzekiko harreman onaren adibide garbi bat da moarroen asmakuntza edo garapena.

J. Errekondo:  “Moarroak asmatu ziren arte basoa borroka toki hutsa zen”

Ordura arte, mendia borroka toki hutsa zen. Hasteko, larreak baliatzen zituzten batzuek, eta behin ganadua botaz gero, ez zitzaizkien axola zuhaitzak eta gainerakoa. Beste batzuek burdina nahi zuten eta egurra bota, txikitu eta sua egiten zuten, ikatza lortzeko. Eta beste batzuek, itsasontzi erraldoi famatu haiek edo baserri handiak eraikitzeko, kalitatezko zura nahi zuten. Horien arteko borroka handia izan zen ehunka urtetan. Horregatik, asmakuntza tekniko izugarri garrantzitsua izan zen moarroa, eta liburuan ere garrantzi handia du.

Moarroa zuhaitza altuera batean moztea da. Izan ere, zuhaitzari probetxua ateratzeko ipurditik mozten badugu, ipurditik sortuko dituen altsumak behiek jango dituzte eta arbola ez da berritzeko gai izango. Moarroarekin asmatu zuten zuhaitza 2,5 edo 3 metrora moztea eta berritzen diren adarretan, horietako batzuk bereziki ipintzea (“ipinabar” esaten zaie). Ipintzen ziren bi adar,
bat zuzen eta bestea oker, eta horiek batez ere ontzigintzan erabiltzen ziren: adar okerra erabiliko zen galeoiaren zurokerra edo tripa egiteko, eta adar zuzenarekin kubiertak egiten ziren. Bi ipinabar horiek urtetan uzten ziren hazten, eta bitartean, bi horien inguruan azaltzen ziren adarrak 6-10 urtetik behin mozten zituzten, egurretarako eta ikatzetarako. Beraz, arbola berak hiru gauza ematen zituen: azpian larre libreak, eta goian bi mailatako egurrak eta zurak. Hau da, garai hartako hiru premia ekonomiko garrantzitsuenak aldi berean asetu ahal izateko basogintza asmatu zuten. Mundu mailan ez dago beste inon Euskal Herrian bezainbeste moarro, oraindik ere.

Gaur egun antzeko zerbait pentsatu beharko genuke. Ze erabilera behar ditugu? Mendiak kiroldegi bihurtuta ditugu, hori nola asetu behar du mendiak? Aisialdia, perretxiko zaleak, ehiztariak, artzainak, egurra behar dutenak, zura behar dugunak, paisaiaz gozatu nahi dugunak... hori dena nola korapilatu eta nolako ereduetara jo beharko genuke? Ez daukagu planteamendurik eta ez dago zalantzarik ere mahai gainean. Uste dut gaurkoa txarraren eredu dela.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA.

M. Arriolabengoa. Gorbeialdean badago idatzi bat, 1743koa, eta bertan hitz egiten da Bostibaieta edo Albina inguruan eta Zuian zeuden haritz tantai batzuen inguruan. Haritz tantai horiek lur publikoetan zeuden, eta herritarrek baliatzen zituzten, eraikuntzak egiteko: beharren arabera moztuko zituzten, eta berriak landatuko. Zuhaitz horiek garrantzi handia zuten herrian eta eskualdean. Luis I. erregeak fragatak eraikitzeko lapurtu zituen haritz erregearen kontra.

Horrek adierazten ditu bi eredu, egun ere errepikatzen direnak: bata dira herriaren beharren arabera kudeatutako basoak, oreka batean kudeatutakoak; eta bestea dira kanpoko interes partikularren arabera hartutako erabaki bortitzak. Gaur egun ere gertatzen dira horrelakoak Euskal Herrian: badaude hainbat Luis I. eta badaude hainbat Gorbeialde. Hori ere bada zuhaiztien egoeraren erantzuleetako bat. Hau da, zein interesen arabera eta zergatik kudeatzen eta zaintzen diren zuhaitzak. Hori Euskal Herriko eremu bakoitzean oso ezberdina da. Askotan hitz egiten dugu Gipuzkoaz eta Bizkaiaz Euskal Herri osoa izango balira bezala, eta kontua da bi lurralde horietan hain direla bortitzak basoetan egiten diren ekintzak, ezen oihartzun handia hartzen baitute eta guztiok hitz egiten baitugu horien inguruan. Baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan baditugu eredu oso politak, oraindik badirautenak: adibidez, oraindik badaude Garden intxaurrondoak eta Apilaizen gaztainondoak, familia batekin lotura dutenak. Familia horiek oraindik gordetzen dute zuhaitz horiek ematen dituzten fruituak eskuratzeko eskubidea, eta zuhaitz horiek zaintzeko ardura.

J. Errekondo. Eredu onak eta txarrak, denetik ditugu. Baina zuhaizti eta arboladi aldetik, bi Euskal Herri dauzkagu. Bat da Gipuzkoa-Bizkaia eta bestea gainerako Euskal Herria. Hau da, nagusi da eredu eta erabilera onak oraindik mantentzen diren Euskal Herria, eta Gipuzkoa eta Bizkaia desastre izugarri bat dira. Eta argi esan beharra dago zein den horren arrazoia: lurraren jabegoa. Lurraren jabego publikoa mantentzen den Euskal Herrian zuhaizti eta arboladi eredugarriak ditugu. Aldiz, jabego pribatua nagusi den tokietan, zuhaizti oso kaxkarrak eta komunitatearen eta herriaren ikuspegitik oso txarrak diren ereduak ditugu.

I. Etxebeste. Bere egunean nire tesi zuzendariak zuzenketa bat egin zidan, barneratu nuena: badugu joera aurrekoek egindakoa epaitzekoa. Ona eta txarra izendatzekoa. Eragin batzuk hor daude, argi dago, eta ekosistemetan eta kudeaketan ondorio batzuk badaude. Baina egoera bat jaso dugu, eta zerbait aldatu bada, daukagun informazioa eta jakintza da. Desberdina da, behar bada oso garrantzitsuak ziren gauza batzuk galdu egin ditugu eta horiek jasotzeko saiakera ere badago liburuan, agian zuhaitzekiko lotura eta harreman hori lehen oso bitala zen... baina, aldi berean, egun daukagun informazio kopurua ez da gure aurrekoek zeukatena.

I. Etxebeste: “Ez dagokigu guri aurreko belaunaldia epaitzea, dagokiguna da zer zuhaizti dauzkagun ikustea eta hemendik aurrera zer nahi dugun pentsatzea”

Amak entzuten gaituenean hitz egiten edo proposamen ezberdinak egiten, kulpatik esaten du, “aurretik etxean gauzak gaizki egin ditugulako da? Pinua sartu dugulako?”, eta ez dut uste ona-txarra edo ongi-gaizki denik kontua. Sasoi hartan informazio bat zegoen eskuragarri eta horren baitan hartu ziren erabaki batzuk. Nire ustez, ez dagokigu guri epaitzea, dagokiguna da zer daukagun ikustea eta hemendik aurrera zer nahi dugun pentsatzea. Ikusi behar dugu gizartean zer behar ditugun, ze ekosistema zerbitzu jaso nahi ditugun baso horietatik, eta lekuan leku aztertu, ez baita berdina baso ekosistema bati edo zuhaizti bati eskatu behar dioguna Urdinarben edo Aramaion. Egokitzen jakin behar dugu, garaiaren arabera beharrak ere aldatzen baitira, eta gaur ona dena bihar txarra izan daiteke, beste informazio bat eta beste behar batzuk izango baitituzte.

J. Errekondo. Kontua ez da seinalatzea ongi egin zenuen edo ez, gakoa da galdetzea ea hautatu zenuen eredu hori ona edo txarra den. Batzuetan informaziorik ez zegoen, eta bestetan informazio hori ezkutatuta zegoen, edo bideratuta... Markelek eman duen adibidean, erregearen erabakia arrazoitzeko seguru izugarrizko diskurtsoak egin zirela orduan ere Gorbeialdean, gaur egun eukaliptoarekin edo pinuarekin egiten ari diren bezala. Markatu beharko genukeena zera da: egiten ari garen mendi klase edo eredu hori egokia da toki honetarako? Daukagun klima panoramarekin? Gure jendartearen beharrak asetzen ditu?

116 espezie azaltzen ditu liburuak, taldetan antolatuta. Hau da hezurdunen taldearen sarrera. Liburu osoan anitzak dira gaiari lotuta irakurgai dauden kantu, bertso eta poemak.
Liburuaren ekosistema

Hiru hitzaurre: Itxaro Borda, Onintza Enbeita eta Xabier Agotek eginak.

Adituen artikuluak:
- ‘Zuhaitz’ edota ‘arbola’? Adierazlearen auzia, Markel Lizasoain
- Basoen mikrobiota, Ana V. Lasa
- Enborrak zerratzea, Iñaki Errekondo
- Baso, mendi, oihan, Oskar Arana
- Moarroak, Alvaro Aragon
- Zuhaitzei begira leku-izenetatik, Mikel Belasko
- Egurra suari, Sagrario Aleman
- Baserria eta zurezko bilbadurak Euskal Herrian, Ibon Telleria, Josue Susperregi
- Juanita Larando patatxa, Mikel Leoz
- Arbolez dakiguna, bilakaera bat, Garbiñe Larrea
- Lurretia: aldats handiko lekuetan, lurra gora ekarri behar, Nahia Gartzia
- Euskal Herriko Zuhaitz Egunen jatorriaz, Iñaki Sanz-Azkue
- Donienatxa edo arbolak jaien ikur, Igone Etxebarria
- Zura artean, Aintzane Erkizia
- Gipuzkoako armarriko hiru zuhaitzak, Patxi Olabarria

Jakintza orokorrak: zuhaitzaren edo arbolaren egitura, izendapena, ekologia, zuhaitzekin lanean, ilargia, basogintza, paisaia eta erabilerak.

116 zuhaitz eta arbola espezie: bakoitzaren ezaugarriak, erabilerak, bitxikeriak, gaitzak eta izurriteak.

1.096 argazki: horien artean, Dani Blancok liburu honetarako berariaz ateratakoak.

Diseinua: Unai Gaztelumendi.

100 ilustrazio: horien artean, Espe Latorrerenak.

86 mapa: espezie bakoitzaren kokapenak.

Euskal Herriko 235 zuhaitz eta arbola aparten mapa

5.000 hitzeko hiztegia

Zuren argazkiak: Zegamako (Gipuzkoa) Anduetza parketxeko xilotekakoak, Imanol Artolarenak.

500 erreferentziadun bibliografia

Bizitzako une esanguratsuetan jo izaten da zuhaitzetara. Adibidez, pertsona bat jaiotzen edo hiltzen denean zuhaitza landatzeko errituala hor dago. Markel, entzuna dizut hiltzen zarenean ez duzula nahi zuri zuhaitz bat landatzerik. Zergatik?

M. Arriolabengoa. Uste dut basoekiko eta orokorrean ekosistemekiko ezagutza asko sinplifikatu dela, eta batzuetan, landaketak egiten ditugunean, uste izaten dugu zuhaitz bat hemen landatzen badugu eta beste bat hor, ehun urte barru zuhaitz horiexek egongo direla toki horietan, eta horrek baso baten logikan ez dauka inolako zentzurik. Kasu zehatz batean izan daiteke zuhaitz bat landatzea eta hainbat urtez leku berean irautea, adibidez, zuhaitz lepatuak edo moarroak egiterakoan, edo lorategi batean, edo... Baina basoko dinamika orokorra ez doa hortik. Baso bat ekosistema bizia eta dinamikoa da: landaketa egiten dugun momentuan zuhaitz batzuk sartzen ditugu, lehenbiziko itzala emango dutenak, ekosistema horretako lehenbiziko prozesuak abiatuko dituztenak, baina ekosistema hori etengabeko aldaketan egongo da, zuhaitz batzuk hilko dira, beste batzuk agian moztuko ditugu... zuhaizti hori transformatzen egongo da.

Horregatik, handikeria handi samarra iruditzen zait pertsona baten izenean zuhaitz bat landatzea baso batean, ze nolabait esparru hori ematen hari gatzaizkio 200-400 urterako, estatikotasun bat, eta basoak ez du estatikotasunik.

J. Errekondo. Zuhaiztiak sortzerakoan arrazoi oso pertsonaletara joatea ez zait gustatzen. Uste dut gehiago pentsatu behar
dugula komunitatean, eta hor adibide polita dira hilerriak, edo lorategi publikoak, edo mendi publikoak: denonak direnak. Toki askotan ikusten dira adibideak: jaiotzen den haur bakoitzeko, herriak zuhaitz bat landatzen du. Ados. Eta zuhaitz horren landaketa plangintza baten barruan dago? Edo denak izango dira espezie bereko zuhaitzak? Hori ez dagoen bitartean, dena da itxurakeria. Eta jabego kontu hori, “hemen dago lurperatuta nire aitona” edo “gure alaba jaio zenean landatu genuen, gure alabarena da hau”. Horrelako gauzak soberan ditugu eta gauza garrantzitsuak ez ditugu egiten: adibidez, herri horretan nola planifikatzen da berdegunearen kudeaketa? Baina gaurko munduan hori ez da garrantzitsua, eta itxura bai.

I. Etxebeste: “Heriotzarekin ere lorratz ekologikoa uzteko modu oso traketsa dugu”

I. Etxebeste. Hilerri baten bueltan ibili denak badaki zer dagoen hor, eta niretzako hilkutxa mesedez ez dadila egon margotuta, ez tratatuta, ez ezer. Zeren eta hilerrietan sortzen den anabasa metafora bat da, sortzen ari garen kutsadurarena. Heriotzarekin ere lorratz ekologikoa uzteko modu oso traketsa dugu.

Liburuak espezie bakoitzaren egurra zehazki zertarako erabili izan den ere azaltzen du eta neurrien izenak ere badakartza.

Zer da liburu hau zuetako bakoitzarentzat?

J. Errekondo: "hau da nire bizitzako libururik garrantzitsuena"

J. Errekondo. Nire bizitza landareekin lotzeko arrazoi garrantzitsuenetakoa izan da gure aitona zerraria zela, eta basoan egurra ateratzen zuela, eta gero egur hori landu egiten zuela, eta horrekin eraikuntzak egiten zituela, eta jakintza erraldoia zuela. Horregatik, hau da nire bizitzako libururik garrantzitsuena.

Saiatu gara liburu anitza eta ikuspegi asko biltzen dituena egiten, eta horrek asetu nau: mundu asko dira zuhaitzekin eta arbolekin osmosian daudenak, bertsoa, sorkuntza, mundu ikuskera... eta horiek denak azaltzen dira liburuan.

Urte askotako lana izan da. Liburu honetarako azken bederatzi urteetan egin dudan lan garrantzitsuena izan da nire bizitza osoan beste liburuetan neuzkan oharrak eta papertxoak jasotzea eta horiei arrazoi bat ematea.

M. Arriolabengoa: "Liburutegi batera joan eta nik aurkitu nahiko nukeen liburua da"

M. Arriolabengoa. Liburutegi batera joan eta nik aurkitu nahiko nukeen liburua da. Liburu hori idazteko zortea izan dut. Izugarria
izan da Jakobarekin eta Iñakirekin egin ahal izatea, eta horrez gain, ARGIA lantalde osoarekin, hor izan ditugulako Dani argazkigintzan eta beste hainbat kide haien onena ematen, eta talde horren lanaren emaitza delako lan puska hau. Oso pozik nago lanarekin, eta gogoz, kaleratzeko eta jendearen harrera ikusteko.

I. Etxebeste. Liburu honen aukera sortu zenean, ikerketatik nentorren, eta Markelekin lan-ibilbidea hasi berri. Inertzia batzuk banituen, ohituta nengoen oso marko zehatz eta zorrotzean idaztera eta ez euskaraz, beste hizkuntza batzuetan baizik.

I. Etxebeste: "Ikerketan lauzpabost gaitzetan espezializatuta nengoen, eta polita izan da prisma zabaltzea"

Nire gaia gaitzak eta izurriteak dira, baina ikerketan lauzpabost gaitz eta izurritetan zentratuta eta espezializatuta nengoen, eta oso esperientzia polita izan da liburu honetarako prisma zabaltzea zuhaitz eta arbola guztietara, Euskal Herri mailara, eta kulturara.

Eskertu nahi ditut Markel eta Jakoba, nigandik tiraka ibili direlako, nire momentu bitala intentsua izan delako.

J. Errekondo. Liburu hau lan erraldoi bat da. Bai arakatze lanetan, bai proposamenen aldetik... ARGIAko lantaldea, kolaboratzaileak, hitzaurre egileak... argazki bila joan garenetan ere denak laguntzeko prest azaldu zaizkigu eta sekula ez dugu nahikoa eskertuko hori guztia.

M. Arriolabengoa. Liburu kolektiboa izan da, ze guk hirurok hartu dugu idazteko lana, baina ehunka pertsona egon dira informazioa ematen, zuzentzen (hizkuntza kontuez gain, baita edukia ere)... sare handi bat izateak asko edertzen du emaitza. Hori izan da gako handietako bat.

J. Errekondo. Adibidez, obsesionatu egin nintzen Lekeition dantzatzen den kaxarranka famatuarekin, eta jakin nahi nuen ze egurrekin eta noiz eraikia den. Hasten zara, eta “honi galdetu”, “hari galdetu”, “bai, baina aldatu egin zen...”. Informazioa ematen egon den jende hori guztia, ez naiz gai gogoratzeko ere. Jende askok edo mundu batek egindako liburua da, euskaldunon munduarentzako.

ESKAINTZA | Liburua opari, maiatzak 8 baino lehen harpidetuz gero
2026-04-30 | Estitxu Eizagirre
Antza inprimategian ari dira papereratzen Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek idatzi duten liburu ederra: Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian. ARGIAra maiatzaren 8a baino... (+)
Legebiltzarrera joateko prest, mendiko urari kontagailurik jarri behar ez izateko
2026-03-13 | Estitxu Eizagirre
Ura agentziatik gutun masiboa jaso dute baserritarrek, eta bertan esaten diete menditik hartzen duten urari kontagailua jarri ezean, arriskua dutela isunak jasotzeko eta ur kontzesioa... (+)
Hernaniko "Ikatz Gane" makroproiektu elikoaren aurkako sinadura bilketa eta hitzaldia deitu dituzte Urumeako Mendiak Bizirik eta Sagarreta taldeek
2026-03-09 | Estitxu Eizagirre
Urumeako mendietan aurreikusita zeuden hiru makroproiektu eolikoetako bat ("Ikatz Gane" deitua) jendaurrean jarria du Jaurlaritzak eta apirilaren 10 arte dago alegazioak jartzeko epea. Urumeako Mendiak... (+)
Amillubi erosketaren "azken txanpan" sartu da eta "Eskola Haziak" formazio saio teoriko-praktikoak eta Udaberriko Festa iragarri ditu
2026-03-05 | Estitxu Eizagirre
2023ko abenduan abiatu zuen laborantza ekologikoaren Biolur elkarteak Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta baserria eta bere lurrak kolektibizatzeko Amillubi proiektua eta 390.000 euro lortzea jarri zuen helburu... (+)
“Erabat hirietatik teorizatzen dugu eta buelta asko eman behar dizkiogu landa eremuan zaintzaren gaiari”
2026-02-25 | Estitxu Eizagirre
Onintza Enbeita eta Maribi Ugarteburu elkarrizketatu ditu Eli Pagolak Egonarria saioan, haien liburuak eskutan. EHNE Bizkaia sindikatuko hamar emakumeren testigantza jaso du Maribi Ugarteburuk Erein,... (+)
gora