Sasoi guztietan behatzaile izaten saiatu. Baratzeak zuri erakusteko zerbait berria eta zoragarria du egunero

Energia onez kargatu ziren igandean herritarrak Zizurkilen

Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak antolatuta, egun pasa berezia bizi izan zuten bertaratutako herritarrek urriaren 22an Zizurkilen. Bertso saio biribila osatu zuten Aitor Bizkarra, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaranek, gaiak azertu handiz jarri zituen Saroi Jauregiren harian. "Energiak ezbaian" izeneko bertso saio honetan umore kritikoa izan zen nagusi. Osagai ekologikoz egindako bazkari ederra gozatu zuten ondoren bazkaltzera geratu zirenek eta kantuek eta elkarrizketek girotu zuten arratsaldea. Bere urteurrena ospatu zuen egun honen bidez mugimenduak, eta "mendietan eolikorik ez" mezuak hartu zituen Zizurkilgo hormak.


2023ko urriaren 23a
Argazkia: Aiurri hedabidea.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urtebete bada Elosun 200 metroko haize errota irudikatu zutela herritarrek, energia berriztagarriak ekoizteko "makro-zentral industrialak" mendietan ez ezartzeko eskatuz. Urtebeteko ibilbidea balioan jartzeko eta aurrera begira indarrak hartzeko, Zizurkilen egun pasa egin zuen urriaren 22an Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak.

Bertso saioa, herritarren artean elkarrizketa bultzatzeko

"Bandoen gudan" erori gabe, energiari buruzko elkarrizketak plazara ateratzea eta herritarrei horretarako gonbidapena zabaltzea bilatu zuen bertso saioak. Gonbidapenari erantzunez, hainbat herritatik etorritako publikoak goxo bete zituen Zizurkil Goiko elizaren beheko bankuak eta goiko korua. Lehen aldia zen bertan bertso saioa egin zena.

Energia ardatz hartuta jarri zituen gaiak Saroi Jauregik (argazkian ezkerretik hasita bigarrena) eta bertso saio bikaina osatu zuten hasieratik bukaerara, Aitor Bizkarrak, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Oihana Iguaranek. Argazkia: Aiurri hedabidea.

Saroi Jauregik gaien bidez hasieratik bideratu zuen saioa, jarrera eta ikuspegien zabaltasuna oinarri gisa balioan jarriz. Energiaren gaiari angelu anitzetatik kantatu zioten bertsolariek. Eguneroko bizitzaren autokritika egin zuten bertso bidez, boterearekiko eta "berdezko zurikeriarekiko" kritika fina ere bai, eta egoera guztietan umorea atera izana estimatu zuen entzuleak. Hasi eta buka saio biribila osatu zuten, intentsitatea goi mailan mantenduz saio osoan zehar.

Lehen aldiz egin zen bertso saioa Zizurkil Goiko elizan. Argazkia: Aiurri hedabidea.

Aiurri hedabidean ikusentzun daitezke saioko hainbat bertsoaldi:

- Egaña eta Iguaran zizurkildarrak, Ezkeltzuko zentral eolikoa aurkeztera etorri zaien multinazionaleko ordezkariaren hitzaldia entzun ostean

- Egaña inteligentzia artifizialeko erabiltzailea eta Lujanbio bere gidaria

- Laurak energia burujabetza lortu nahi duten teilatupe bereko bizilagunak, txirrindari eragiteko txandak egin dituztenak

- Bizkarra eta Iguaran, On Kixote eta Sancho Panzaren paperean

- Lujanbio beste hirurei kantuan, energia toxikoa eta energia ona duten laguntasunez

- Bizkarra eta Lujanbio puntuei erantzunez

- Saioaren bukaera, lauak puntuka

Bertsoa hedabidean ikusentzun daitezke saioko beste bertsoaldi hauek:

- Egaña eta Bizkarra, haize erroten eztabaida "bi bandoen herrian"

- Iguaran eta Lujanbio, "berdea"ren konotazio anitzez

Elikagai ekologikoz osatutako herri bazkaria, Zizurkilgo zimiterioan. Argazkia: Aiurri hedabidea.
Herri bazkaria eta bazkalosteko giroa

Lehengai ekologikoz osatutako bazkari ederra gozatu zuten bertso saioaren ostean bazkaltzen geratu ziren ehun lagunek. Elikagai bakoitzaren jatorria eta zehazki zein ekoizlerena zen zehaztu zuen antolakuntzak karteletan.

Bazkalostean kanturako giroa jarri zuen Ezkeltzu Bizirik taldeko kide Patxi Otegik, kitarra eta musu-kitarra eskuan kantu herrikoiak kantatu baitzituen, bazkaltiarrak ere kantuan jarriz.

Zentral eolikoko proiektu zehatzei aurre egiteko herrietan sortu diren taldeetako kideek bazkalostea baliatu zuten berriketan aritzeko, bakoitza zertan ari den, egoeraren zer irakurketa egiten duen... nekeari eta giro hotzari aurre egiteko energia batu zuten, elkarri emandako berotasunetik.

Amasa-Villabonako Udala Premier enpresarekin negoziatzen ari da Amasamendiko herri lurretan bi haize errota jartzeko baldintzak
2025-05-06 | Estitxu Eizagirre
Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako zinegotzia da eta EH Bilduko Legebiltzarkidea. Premier ESPF Ipaz Haizea enpresak Amasamendin ezarri nahi dituen bi haize erroten orain arteko prozesua nola... (+)
Zer dezake udal batek makroberriztagarrien aurrean?
2025-04-30 | Estitxu Eizagirre
Bizitza ez-berriztagarriak filma ikusentzun zuten atzo 70 inguru lagunek Villabonan. Francisco Vaquero egilea bertan izan zen eta emanaldiaren ostean hitza hartu zuten herritarrek, kargu publiko... (+)
Bizi Baratzea Orria: ARGIAk abiatu duen aldizkari berria, Bizi Baratzea proiektuaren 10. urteurrenean
2025-03-23 | Estitxu Eizagirre
Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu. Formato oso berezia du: plegatutako orri handi bat da eta... (+)
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako 'Euskal Herria ez dago salgai!' lelopean
2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia,... (+)
"Paradisu zineman ikusiko gara...", haizeari puzka ari beharrean
2025-03-17 | Estitxu Eizagirre
Martxoak 15 goizean elurrak zuritu zuen Arano. Bertako herritarrek eta ingurutik eta ez hain ingurutik bildutakoek bete zuten plaza eta elkartasunaren beroan gozatu zuten eguna:... (+)
gora