Gasetik sortutako elektrizitate ekoizpena bosgarren urtez jaitsi da, eta jatorri fosileko elektrizitate sorkuntza orokorra minimo historikoan dago, Ember erakundearen European Electricity Review txostenaren arabera.
Ember Erresuma Batuko irabazi asmorik gabeko erakundea da, trantsizio energetikoa aztertzen duena. 2025ko European Electricity Review txostena argitaratu berri du iragan ostegunean, aurreko urteko datuak aztertzen dituena. Horren arabera, Europar Batasunaren elektrizitate ekoizpenean energia fotovoltaikoak ikatza gainditu zuen lehen aldiz iragan urtean. Oro har, energia berriztagarriak izan dira (fotovoltaikoa, eolikoa, eta biomasa) energia elektrikoaren jatorriaren ia erdia, % 47.
Azterlan energia kontsumo batzuk hartzen ditu aintzat —gure etxeetako argiztapena elikatzen duena, industria askok erabiltzen duena eta bateria duten garraiobideak, esaterako—, baina ez ditu beste mota batzuk barne hartzen, hala nola ekoizpen-sektore batzuetan edo garraiobide tradizionaletan erabiltzen direnak.
Txostenak azpimarratu du erregai fosilak EBko energia sisteman duten nagusitasuna galtzen ari direla. Chris Rosslowe ikerketaren egile nagusiaren arabera, “2019an Europako Itun Berdea hasi zenean, jende gutxik pentsatzen zuen EBren trantsizio energetikoa gaur dagoen tokian egongo zela”. Haize- eta eguzki-energiaren hazkundeak ikatza bazterrera utzi duela eta gasaren egiturazko gainbehera bultzatu duela nabarmendu du.
Gasetik sortutako elektrizitate ekoizpena bosgarren urtez jaitsi da 2024an, eta jatorri fosileko elektrizitate sorkuntza osoa minimo historikora iritsi da: 2019an elektrizitatearen %39 sortzetik 2024an %29 sortzera igaro dira. Aldi berean, energia berriztagarrien pisua% 34tik% 47ra igo da.
EBko herrialdeen erdiak baino gehiagok ikatza bere mix energetikotik kendu dutela edo %5era baino gutxiagora murriztu dutela ere azpimarratu du ikerketak. Eguzki energia, berriz, gorantz doa kontinente osoan.
Aurrerapausoak eman diren arren, sektore batzuetan ahaleginak azkartzeko beharra ohartarazi du txostenak. Rosslowek jakinarazi du sektore eolikoak egungo gaitasunak bikoiztu baino gehiago egin behar duela 2030erako. Bestalde, SolarPower Europe erakundeko zuzendari nagusi Walburga Hemetsbergerrek nabarmendu du oso garrantzitsua dela Europako sistema elektrikoaren malgutasuna eta biltegiratze-ahalmena hobetzea, energia berriztagarrien ezaugarrietara egokitzeko.
Emaitza horien irakurketa kritikoa egin du Espainiako Ecologistas en Acción taldeko kide eta ikerlari den Tom Kucharz-ek, Diario.red-ek jaso duenez. Arreta kontsumoaren murrizketan jarri behar dela azpimarratu du Kucharzek: "Mix elektrikoan energia berriztagarriak gora egiteak ez digu ahaztu arazi behar zeintzuk diren metabolismoaren, hau da, fluxu material eta energetikoen ezaugarriak, Europar Batasuneko eta, bereziki, Espainiako ekonomian: nazioartekotze, linealtasun eta berriztagarriak ez diren substantziekiko mendekotasun oso handia. Energia kontsumo horri eusteak harreman kolonialak, baliabideengatiko gerrak, giza eskubideen urraketa sistematikoak eta ingurumen larrialdia dakartza. Espainiaren eta EBren helburu nagusia energia kontsumoa murriztea izan behar du".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545