Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela hartu” salatu dute Zaldibar Argitutik.
Iganderako, otsailak 9, elkarretaratzea deitu du Zaldibar Argitu taldeak Eitzagan, 12:30ean, Zaldibarko zabortegiaren hondamendiagatik erantzunkizunak eskatzeko eta bertan hil ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogora ekartzeko. “Euskal Herriko hondamendi ekologiko handienetakoa diru goseak eragin" zuela deitoratu dute deitzaileek, eta Eusko Jaurlaritzak “ahalbidetu zielako egin zutela” salatu. Gaineratu dutenez, ezbeharretik bost urtera Jaurlaritzatik inork ez du “ardura txikiena ere bere gain hartu”.
Otsailaren 6an bost urte beteko dira 2020ko otsailaren 6an, Verter Recycling 2002 SL enpresak kudeatutako Zaldibarko zabortegia amildu zela. Ezbeharrak bi langile lurperatu zituen eta AP-8 autobidearen zati bat blokeatu. Amianto kopuru handia askatu zuen luiziak, eta hainbat egun iraun zuen sutea eragin zuen.
Ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituen auzia, bost urte igarota, oraindik instrukzio fasean dagoela salatu dute, eta “gogaituta” agertu dira. Hala, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze ekarriko dituzte gogora igandean.
Nahi beste sinbolismorekin, 2,8 milioi tona tona hondakin biltzen dituen zabortegi toxikoa amildu zen Bizkaia eta Gipuzkoa artean. Bi langile desagerrarazi, autopista moztu, sutea piztu, irregulartasunak agerian utzi eta inguruetan hodei gaixotzaileak zabaldu ditu, besteren artean. Instituzioen kudeaketa politikoa jo-puntuan jarri zuen, Eusko Jaurlaritzak 40 urtean izan zuen hegemonia krisirik handienean EAJ eta PSE murgiltzeraino. Erreportaje honetan jorratu genuen gertatutakoa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545