Belar asko bildu duzu! Maiatz luzeak jango ditu.

Ene bioleta maitea

"Dantzan egizu martxea" datorkit bihotzeko fonotekatik bide bazter itzaltsu eta hezeetan Viola odorata loratzen ikusitakoan. Ez dakit Oskorrik Violetaren martxa kantan kantatu bezala berdin apurtuko ote dituen euskaldun jendeak katea eta zapata parea, ez dirudi samurra dagoenik. Hori bai, katea apurtzea egokitzen zaigunerako burdinak eragindako azaleko zauri errea eta zapata parea apurtzeak sortutako oinetako mina baretzeko eta sendatzeko loretxo txiki leun hau erabil dezakegula, hori bai, hori esan dezaket.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2023ko apirilaren 17a
Argazkia: Dani Blanco.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Biola-lorea, brioleta edo sagu-belarra ere badu izena nahiz gehienok izen botanikoaren odorata-ri erreparatzen diogun. Izan ere, usaintsua da, usain hauskor bezain iheskor eta preziatu horren bila ibili ohi gara bai edari hartzitua egiterakoan, bai ukendua edo goxokiak egiterakoan. Lurringintzan eta gozogintzan estimatua da Europa guztian eta horregatik sendabelar gisa duen balioa atzean gelditu dela dirudi; adierazgarria da sendabelar modura ez dela merkaturatzen. Zuetako askoren etxean amonak Lourdeserako peregrinaziotik ekarritako lore erako karamelu more haien bidez ezagutu zenuten lorea, ziur naiz. Hala, bihotzeko aromatekan amonaren karamelua izango da beti gutako askorentzat.

Loreak erabili izan ditugu, nahiz hostoekin eta sustraiekin ere badiren hainbat erabilera. Segurtasunari eta eraginkortasunari erreparatuz gero loreak dira gomendagarriak, printzipio aktiboetan aberatsenak ere loreak direlarik. Bioleta zuriak eta horiak ere badira baina gure artean era basatian jaiotzen dena morea izan ohi da, more oso iluna askotan. Garai honetan kolorea ahultzen hasiak eta bakantzen hasiak izango ditugu, berez udaberri hasierakoak izanda ere negu erdi alderako loratzen direla ari garelako ikusten. 

Kanpo aldean azala eta barruan mintzak baretuko dizkigu beti. Berdin dio infusiotan, tintura eginda edo oleato zein ukendutan darabilgun, hori du muzilagotan aberatsa izateak, narritadura oro baretzeko gaitasuna baduela. Gurinarekin nahastuta gosaltzeko edo entsaladan janda urdailerako baregarri suertatzen da, probatu duenak badaki ondo. Oraindik ere loretan ikusten badituzu eta eskukada pare bat lore biltzen baduzu, lehortu eta eduki eztarria urratzen zaizunerako. Halakoetan, ondo ezkontzen da plantainarekin (Plantago lanceolata) eta malbarekin (Malva sylvestris), infusiotan.

Bitxikeriei eta kondairei buruz sekulako dokumentazioa daukagu, dozena bat artikulutarako eta, are, tesi baterako ere emango luke. Izaera erlijiosoa duten bi daturekin amaituko dut, Aste Santua eta Ramadana apirilean ditugularik: Mahomaren lore kuttunenetakoa zela dago jasoa eta Kristoren gurutzeak egin zuen itzalean bioleta landareak zeudela ere badio kondairak. Hain zuzen ere, Kristoren oinazearen lekuko fidel izanik makurtu egin omen ziren loreak. Aukeran, Oskorriren Violetaren martxa kantuaren alaitasunarekin agurtuko zaituztet.

Gu ere lugorri
Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak... (+)
Samariar baltsamoa
Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat... (+)
Txikori-belarra udaberrian
Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino... (+)
Aurtengorako irakurgaiak
Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten... (+)
Birika-belarra
Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta... (+)
gora