Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bizitzen ari garen egoeraren arabera ez da erraza izaten ikustea eskertzeko zenbat dugun. Bizirik egotea bera bada mirarizkoa. Edo? Zenbat gauzek –nimiñok, txikik eta handik– ez ote dute ongi funtzionatu behar gure gorputzetan eta gure gorputzaren bueltan daudenenetan zu eta biok orain hemen egoteko? Hortik abiatuta, infinituraino eraman ditzakegu esker oneko hitzak. Ala ez.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
"Denak hartzeko klasekoak izateari utzi eta ematen hasi behar dugu. Ezer baino lehen, bakea bizidun orori. Eta eskerrak: heriotza barreiatzen duen sistema elikatu arren, bizirik gaudelako". Ilustrazioa Vanina Starkoff-ek egina da, eta 'Eskerrik asko, Amalurra!' liburuan ilustrazioetara eraman du irokiar herriek bizidun guztiei eskerrak emanez goizero elkarrekin errezitatzen duten testua.
Maite nuen emakume bat denak hartzekoak dituzten horien ezinez kexatzen zen. Arrazoi faltarik ez zuen Doloresek. Nekagarria baita denak hartzekoak dituztenen jarrerak jasotzea, egunak joan eta egunak etorri. Tentsioa antzematen zaie hazpegietan. Orokorrean, xurgatu egiten dute, gutxitan jaso, eta are gutxiagotan eskertzen dute.
Doloresek “eman eta hartu” abiapuntutzat dutenak zituen gogoko –bera eskuzabala zelako, akaso–. Konturatu gabe, arnasa ere ematen dute horrelakoek. Eremu askeagoak sortzen dituzte inguruan, zurruntasunak ez du lekurik. Emataileen aurpegiek baretasuna dute marraztuta. Eta euren ahotan beti izango da "eskerrik asko" bat.
Egungo jendartean denak hartzekoak dituztenak gero eta ugariagoak direla esango nuke. Dena dugu jasotzeko. Dena merezi dugu. Kapritxoak, eskubide. Horrek geure buruarentzat eta ondokoentzat zer dakarren, bost!
Hartzeko klasekoa den jendartean, janaria kontsumitu egiten da. Musika ere bai. Oporrak. Arropa. Liburuak. Ez da jaten. Ez da entzuten. Ez dira gozatzen. Jantzi ere ez. Ezta irakurri ere. Dena kontsumitu, agortu. Hiztegia barne.
Eta konturatu orduko, susmoa dut, bizitza bera kontsumitzen ari garelakoan, geure burua agortzen ari garela. Gorputz hauetan mirari nimiño, txikiak eta handiak sortzen dituztenen bizitzak barne.
Eta honaino heldu bagara, irakurle, heldu gara gure aurretik emataile asko izan ditugulako. Geure gorputz hauek bizirik mantentzeko gai ez ginenean ere, dena eman zigutelako. Baita gerora ere. Zenbat ez ote dugu jaso orriotara heltzerako –eta ez naiz materiaz bakarrik ari–... ai, ama...
Udaberrian oparitu zidan Garoak orain bukatu berri dudan Robin Wall Kimmerer idazlearen Una trenza de hierba sagrada liburua –Capitán Swing, 2021–. Altxor asko jaso ditut orriotan –horrela dago liburua, azpimarrak eta tolesdurak nonahi–, eta buruan bueltaka ditudan horietako bi Uzta Ohoretsuaren oinarrien zerrendari dagozkio. Lehena: ezagutu zu zaintzen zaituztenen ohiturak eta beharrak, zuk haiek zaindu ahal izateko. Azkena: babestu sustengatzen zaituztenak eta lurrak betiko iraungo du.
Non geratzen da lehen oinarria jaten, entzuten, gozatzen, janzten eta irakurtzen ez duen jendarte batean? Ez dakigu gu zaintzen gaituztenen ohiturak eta beharrak zeintzuk diren. Zaindari horiek nortzuk diren ere... Gure egoa puztera datozen esperientziaren ondorengo galdetegien diseinatzaileak al dira geure zaindariak? Horiek al dira geure bizitza, zentzu zabalenean, sustengatzen dutenak?
Eta Uzta Ohoretsuaren azken oinarriak zer toki du? Asteotako beroaldiek eta lehorteak –besteak beste– argi uzten dute geuk ez ditugula babesten gu sustengatzen gaituztenak, bizitzari begira sistema ekonomiko eta sozial bezala porrot egin dugula.
Barne produktu gordinak neurtzen omen du jendarte honen uztaren kalitatea. Barne produktu gordin horren zer zati sar genezake Uzta Ohoretsuaren baitan? Nire ustez, sistema honek sortzen duen uztak, orokorrean, ohoretsutik ez du ezer. Duintasuna garapenaren izenean utzitako era guztietako gorpuetan datza, hilik.
Lurrak betiko iraungo badu, jendarte honek planto egin behar du, gelditu, eta bizitzak agortzeari utzi.
Denak hartzeko klasekoak izateari utzi eta ematen hasi behar dugu. Ezer baino lehen, bakea bizidun orori. Eta eskerrak: heriotza barreiatzen duen sistema elikatu arren, bizirik gaudelako.
Carmen Martín Gaitek zioen bezala, arraroa bizirik egotea baita.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545