Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bai, etxegabetzearen gai krudela basoetara ekarrita esan dezakegu, dudarik gabe, monolaborantzak etxegabetzen duela eta, are gehiago, komunitateak desagertze bidean jartzen dituela, bai gizakienak zein gainontzeko bizidunenak.
Modu askotan suntsitu daiteke bizidun bat, eta etxegabetzea da muturreko egoera horretara eraman zaitzakeen prozesu bat, bizitzeko duzun ingurumena, lurraldea, antolakuntza, baliabideak, etxea lapurtuz, aurrera egiteko aukerak erabat murriztuz edota ukatuz… heriotzara eramanez, azken batean.
Planetan zehar horren adibide ugari ditugu, izan egur produkzioagatik, palma-olioagatik edota edozein estraktibismo industrialengatik. Monolaborantza, beraz, motor nagusia da baso primarioak galtzeko, bereziki Latinoamerikan (Peru, Kolonbia, Guatemala, Brasil) eta Asian ( Indonesia, Malaisia), berotegi-efektuko gas kopuru handiak askatu eta lurra ustiatu ondoren basamortu bidean jartzeko, alegia.
Korporazio handiek oligopolioa finkatzen dute, egurraren estraktibismoa lehenesten duena kontserbazioaren eta tokiko bizidunen eskubideen gainetik. Argentinan, Txileko bi taldek baso-negozioaren %70 kontrolatzen dute, 2 milioi hektarea gobernatzen dituzte elkarrekin,eta era guztietako gatazkak sortzen dituzte baso-soiltzearen eta lurralde jabetzearen ondorioz.
Horrelako jokabideak direla eta, adibidez, Curanilahuen, Txileko Biobio eskualdean, 3.000 familiek neguaren erdian etxetik ateratzeko berehalako arriskuari aurre egin behar izan diote. Errealitate krudel hori lehentasuna interes forestalista pribatuei ematen dien eredutik sortu da, herritarren etxebizitza duina izateko eskubidea alboratuta. Hori da paradoxa krudela: estatuak beste aldera begiratzen duen bitartean, lurrak monolaborantzaren korporazioek monopolizatuta jarraitzen du, nahi dutena egiteko eskubide zitalarekin.
Burua altxatzen edo salatzen saiatzen direnek, besteak beste “auto istripuak” edo jazarpenak izan ditzakete, korporazioen egurra mugitzen duten garraio enpresengandik. Lur-eremu hori handiegia da burua altxatzen duten maputxeen aurka egindako mehatxuak kontrolatzeko; egur korporazioen lurralde iluna da.
Gurera etorrita, gogoratu behar dugu EAEko enpresa batek, urtetan, lurrak erosi dituela Uruguain eukaliptoa ekoizteko eta ekartzeko bere fabriketara, hona, gure lurraldera; gure lobby forestalistak ere baditu ardurak kate horretan.
Batetik, korporazioek ingurumena babesteko legeak ahultzen dituzte (Mexikoko basoen legea edo Europar Batasuneko ingurumen proiektuak, adibidez) lobby bidez, eta bitartean ikerketa partzialak finantzatzen dituzte; azken hori oso arrunta da eukaliptoaren azterketen inguruan Espainiako Estatuan, eta baita EAEn ere. Ikerketa horien bi eredu aipatuko ditugu segidan, nahiz eta emaitza kontrajarriak izan, eukaliptoaren monolaborantzaren eredua finkatzen dutenak: bata da ENCEk Huelvako Unibertsitateari eskatu ziona, non emaitzak eukaliptoaren aldekoak izan ziren; eta bestea da EAEkoa, non Eusko Legebiltzarrak eskatu zien EHU unibertsitateari eta Aranzadi Zientzia Elkarteari azterketa bat eta emaitzak eukaliptoaren kontrakoak izan ziren. Zer egin zuen Jaurlaritzak? kaxoian gorde. Ikerketen emaitzek, positiboek zein negatiboek, ez dute baldintzatu eukaliptoaren hedapena penintsulan, alderantziz baizik.
Basogintzari lotutako enpresek, historikoki, tokiko gobernuek baino botere politiko handiagoa izan dute egurraren sektorean eta uzten duten ondarea ekozidioaren parekoa da
Trikimailu horien guztien batura kontuan hartuta, emaitza lurraren lapurreta eta monopolioa da, beti ere estraktibismoaren norabide bakarrean, kontuan hartu gabe bertako bizidun ororen eskubideak. Munduan basogintzari lotutako enpresek, historikoki, tokiko gobernuek baino botere politiko handiagoa izan dute egurraren sektorean eta uzten duten ondarea ekozidioaren parekotzat jo daiteke: lur higatuak, basamortutzea, komunitateen lekualdatzea-etxegabetzea eta biodibertsitatea suntsitzea.
Biodibertsitatean, monolaborantzen hedapenak faunaren eta floraren etxegabetze bortitza eragiten du, ekosistema bioaniztunak "basamortu biologiko" bihurtzen ditu, non espezie generalistek edo izurrite erresilienteek bakarrik irauten duten bizirik. Fenomeno hori gertatu da habitata suntsitu, paisaia sinplifikatu eta agrokimikoen eta makinaria astunaren erabilera intentsiboa erabili delako, eta horrek kate trofikoaren oinarria, sostengua, ezabatu duelako. Horrek guztiak erabateko eragina du funtsezko espezieetan, hala nola hegazti eta polinizatzaileengan.
Europar Batasunean, 1980tik 600 milioi hegazti galdu direla kalkulatu da, eta adibidez, txolarre arruntaren populazioaren %50 murriztu da. Ekialdean, olio-palmak orangutanak, pumak eta espezie polinizatzaile kritikoak desagerrarazi ditu. Gurera ekarrita, norbaitek ikusi al ditu basurdeak edota orkatzak, oreinak, eukaliptoetan bazkatzen? Asko jota atsedenleku gisa erabili ditzakete, oihanpea desagerrarazi dutelako. Beraz, prekarietatean bizi dira ingurune horretan.
Monolaborantzak eraldatutako ekosistemetan ondorio hauek eragin ditu, besteak beste: lurzoruko intsektuak eta mikroorganismoak murrizteak ahuldu egiten du erresilientzia ekologikoa, pestiziden mendekotasuna areagotzen du eta ekosistemak izurriteei naturalki aurre egiteko duen gaitasuna murrizten du. Horri erantsi behar zaio, batetik, lur higadura sortzen duela lur emankorrena errekan behera bidaliz eta bestetik, monolaborantzak erabiltzen dituen espezieak pirofitoak direla, hots, suaz baliatzen direla bere hedapena errazteko eta gainontzeko florari, zuhaiztiei aurrea hartzeko, fauna desplazatuta; horrekin batera, uraren kalitatea eta kantitatea nabarmen murrizten da monolaborantza guneetan, kontsumo behar handia baitute.
Ezin dugu sistema estraktibista industrialarekin jarraitu gure ura, lurra, osasuna, eta biodibertsitatea itzulerarik gabeko egoeran jarrita
Aldaketa klimatikoak dakartzan muturreko fenomenoei aurre egiteko gure mendietan, bueltatu behar gara bertako basoetara, hauek baitira mendetan zehar erresilientzia, egokitzapena eta sostengua eman digutenak; gure gizartea baso horiei esker eraiki da neurri handi batean, nahiz eta Naturak parterik txarrena jasan behar izan duen gure etengabeko ustiaketagatik. Bada garaia beste begirada bat lantzeko, beste irizpide batzuk adosteko eta gauzatzeko basoarekin daukagun harremanetan; ezin dugu sistema estraktibista industrialarekin jarraitu gure ura, lurra, osasuna, eta inguratu behar gaituen biodibertsitatea itzulerarik gabeko egoeran jarrita, Naturaren mugak kontuan hartu gabe.
Erantzuna Baso Bizien aldeko dinamiketan parte hartzea da, batetik, eta bestetik, bidea ixtea gurean horrelako basogintza politika industrial hutsak babesten eta bultzatzen dituztenei. Basoa denon etxea eta babesa da, defenda dezagun.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545