Astelehenero 8:00etan zure epostan
Sabino abuztuan joan zaigu, Donostiako kaleetatik Kantujiran kantatzen ari zela. Urrian, Orhi mendipean, ikusmira zoragarriaren aurrean, lagunek agurra kantuz kantu egin genion.
Bere anaia Sagus, txistulari porrokatua, berarekin batera ezagutu genuen. Garai hartan Lemoiz eta beste proiektu nuklearren aurkako leloak kantatzen ziren Euskal Herrian. Martin Ansok gogoratu zigun moduan, Sabino ekologista zen komite antinuklearren hasierako garai horretan, zeinetan ekologismoak Ipar Europako doinu burgesa eta ez fidagarria baitzuen.
Geroago, 1987. urtean Euskal Herriko Komite Antinuklearrak jadanik lelo ekologistarekin bat egin zuenean, Sabino Eguzki talde ekologistaren proiektuan murgildu zen buru-belarri. Horren testigantza dugu Lemoiz apurtu! liburu grafiko eta historikoa, euskal borroka antinuklearrak modu koralean egindakoa, baina Sabinoren esku hartze nabarmenarekin. Aldiz, bere batuta ikusezin egin zen bere borondatez.
Ekologismoa zen bere hasierako instrumentua, gazte arotik Egin egunkarian kazetari lanetan hasi zen, baina melodia ekologista galdu gabe. Urte batzuetan Egin-ek asteazkenero argitaratzen zuen Ingurugiroa gehigarri monografikoan murgildu zen. Euskal prentsaren eta mugimendu ekologistaren historian garrantzi handia izan zuen argitalpenak. Ekologismoari espazio finko eta sakona eskaintzen zion, borroka ekologisten eta naturaren defentsaren bozgorailu garrantzitsua izan baitzen.
Ekologismoa zen bere hasierako instrumentua, gazte arotik 'Egin' egunkarian kazetari lanetan hasi zen, baina melodia ekologista galdu gabe
Musika militarra ez zen Sabinoren gustukoa. Aldiz, bestelako instrumentuak eta harmoniak (antimilitarismoa eta bakezaletasuna edota ez-biolentzia, hain zuen ere) ongi maneiatzen zituen, modu magistralean.
Joxemi Zumalabe Fundazioaren Patronatuko kidea izan zen, eta horrek kartzelara eraman zuen zortzi hilabetez, bere ahots kantaria isildu nahian. Ez zuten lortu! Proiektu askotan ibili zen, beti erritmodun doinuarekin, errepresioaren ikerlari, memoria eta biktimen aitortzaren eta gizarte mugimenduen esperientzien transmisioaren helburuarekin (Argituz eta Bidea Helburu taldeetan).
Baina inoiz ez zen ekologismotik urrundu. Euskal komiki eta dokumentalen partituretan ere burua sartu zuen. Horren lekuko da 2004an Mattin ilustratzailearekin batera argitaratu zuen Ez naiz pegata hutsa! Gladys eguzkiarekin maitemindu zenekoa. Eta geroago, 2019an, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa, Bertha Gaztelumendirekin elkarlanean egin zuen filma. Areto eta gaztetxe askotan disfrutatu dugu beraren aurkezpen eta hitzekin.
Sabino beti prest, ahots samur eta atseginarekin. Ez adiorik!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545