Intxaur urte, arto urte

Ditxazko eta desditxazko gure mihura

Nola soinu, hala dantza. Agiantza hoberenak. Bai, desio hoberenak, baina mihura hiltzera goaz. Mihura (Viscum album) sasoirik okerrenera iritsi da, kiski-kaska lepoa mozten zaion sasoira. Mihura soinuak eta mihura dantzak. Mihura neguko solstizioa ospatzeko, noizbait egun-argiak laburtzeari utzi eta egunez egun pittinka-pittinka luzatzeari ekin diola goresteko: pozaren mihura. Orain etxeak mihura bitxiarekin apainduta ikusiko dituzu. Bada, ordea, zoritxarraren mihura ere.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko urtarrilaren 15a
Argazkia: Jakoba Errekondo / ARGIA-CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Mihurak ez daki lurrean errotzen. Landareen zuhaitz genealogikoan ez dakigu noiz, gehiengoarengandik bereizi eta bizimodua lurrean moldatu beharrean, beste zuhaitz eta arbolen gainean bitxi bizitzea erabaki zuen, haien adarretan sustraiak sartu eta izerdia zurrupatuz. Zestoarren erretolika liburuan ederki asko jaso zuen Agurtzane Azpeitia Eizagirrek herri horretan nola argitzen duten mihuraren bizilegea: “Mihura parasito bat izatea, sagar-arbolai odola txupauko baliyo bezala bizi da”. Bizkarroia edo parasitoa da bai, izerdia kentzen dio ostatatzaileari; hobeto esanda hemiparasitoa da, erdi parasitoa alegia; haustorio izeneko sustraiek izerdi gordina lapurtzen diote arbolari eta mihurak berak egiten du fotosintesia behar dituen azukreak sortuz.

Zuhaitz eta arbolentzako apopilo txarra. Mari Karmen Mitxelenak ondutako Elbira Zipitriari buruzko liburuan honela jasoa du: “Astelehen goizean ikasle txiki bat etorri zitzaion mihura sorta polit batekin: 'Andereño, zuretzat'. Elbiraren azalpena hauxe izan zen: 'Mihura sagarrondoaren gaixotasuna da, beraz, ez da egokia opari egiteko. Eskerrik asko, baina esan aita eta amari hurrengo baterako'".

Neguan azaltzen dira mihura tortokak, ostatu hartua duen landareak hostoak botatzen ditu eta bistaratzen dira. Negua da, baita ere, mihura izerdi zurrupatzaile kaltegarri horiek kentzeko sasoia. Esaerak honela dio: “Heldu denean neguila, ken sagar ondoari mihula”. Labana zorrotz batekin adarraren kontratik moztu, sustraiak kenduz. Zaharra bada adarra bera moztu, mihuraren aurretik.

Neguan bere fruitu zurizkekin txorientzako janari biltegi dira, eta haiek hedatzen dute mihura. Hazia lurrera erortzen bada galdu da. Txoriek jan eta bere zirinetan zabalduko dute adarrez adar. Hazia itsatsita, laster hasiko da sustraiak adarrean sartzen. Begira nola dioen Azpeitiak aipaturiko Zestoarren erretolikan: “Sagar-mirura txori-ziriñetik peatzea, arbola-adarretan azaltzea. Kastarruak izateia normalian peatzaille nagusiyak”. Garastarroa, agi danean, mihuraren amorante gozoena.

Sendabelar ezaguna ere bada; besteak beste, behi edo ahuntz ume egin berria suspertzeko bere ura ematen zaio. Mihura bera da ditxa onezko eta desditxazko. Baina bai dela gurea, begira zenbat izen eman dizkiogun: mihura, miula, migurka, bigura, biguri, pigura, biura, mira, miru, miruli, mirura, auki, miurka, midura, puhura, utzuri, usta, biska, lizka, aspiklero, aspielero, milura, lika, muhuru, puhurri, puhulu, bibora, mingura, migola, miola, juztura, uzturi, ustura, astura, liska, minhauri, grimu, ostura, muhuilu… Eta alkisan eta alkistan ere ba ote? Nork daki?

Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
Egurra diamantea baino arraroagoa da
2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino. (+)
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa
2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi... (+)
gora