Asteroko buletina
Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.

Calçota, katalanen tipula morroa

Baratzerako udako nagiak astindu ditzagun. Lehen udazkenean izaten zen sagardoaren txotx denboraldiaren hasiera, orain neguaren zilborrean izaten dugu. Ezagun katalanen bat duen edozeinek pentsa dezake sagardo gozoa calçot tipula erreekin dastatzeko atzeratu eta sortu zela txotx bolada berria.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko irailaren 02a
Argazkia: Laia Solanellas / wikimedia.

Sagardoa gorabehera, irailean heldu baratzerako calçotari. Tipula (Allium cepa) da calçota, zenbaitek formagatik porrua (Allium porrum) dela badio ere. Izan ere, izena bera ere hortik datorkio: tipula landatu eta sortzen den landarea lurreztatzearen lurreztatzeaz burua egin beharrean porruaren forma luzexka sortzen du. Calçot katalaneko “calçar” aditzetik dator, lurreztatu esan nahi du edo, Euskal Herriko ipar-ekialdean esaten duten eran, “ondoztatu”. Tipulak lur azalean egiten du burua eta bururako grina hori piztu orduko lur azala gorago jartzen bazaio burua han egin behar, eta gero eta gorago, eta azkenean buru borobil zapala izan beharrean luzanga izango da.

Calçotak ziklo oso luzea du. Tipula berezi horren hazia udazkenaren amaieran, azaroa aldera, ereiten da, otsailean landatu eta ekaina-uztaila aldera tipula burua jaso. Honaino tipularen ziklo arrunta du. Tipula buru lehor hori, kontserbatzeko jaso edo jan beharrean, irailean edo urriaren hasieran landatuko da. Horrekin bigarren urteari ekiten dio, berak eta baratzezainak. Goiko muturra moztu eta landatzen dira, ilada artean 80 zentimetro eta burutik burura 30 utzita. Buruaren erreserbetatik kimu berriak etorriko dira, 5-15 artean buruko. Sorta hori lurreztatu beharko da; kimu horiek luzatu ahala haien ipurdiari lurra eman. Aipatu bezala, horrek kimua luzatzera behartzen du, bide batez tipula buru forma izan beharrean porru itxura luzea hartzen du (lurpeko zatia 15-25 cm), zurituaz eta bere dasta finduz. Zuritutako barazkien dasta beti aldatzen da, sotilagoa da, mikaztasun dotoreago bat garatzen dute: apioak (Apium graveolens var. dulce), karduak (Cynara cardunculus), urazak (Lactuca sativa), eskarolak (Cichorium endivia) eta abarrek.

Lurreztaketa hiruzpalau aldiz egin behar da, eta noiz atera eta erre zeuk erabaki, baina burua jarri dugunez, bi urtekoa izango da udaberrian, eta zildu, loratu eta hazia emateko joera azkar piztuko zaio, eta beraz, luze etsi gabe jaten hasi. Jeneralean azaro eta apiril artean jaten da; onena garretan erretzea da, jaterakoan kanpoko hosto erreak kendu eta barruko erregosiak jan.

Landarea beharrean tipula buruak eskuratu behar dituzu. Eta merezi ote duen? Nire ustez bai. Saioa egin eta esango diguzu. Atxondoko Biezko Baserriko Aner lagunak “Blanca gran tardana de Lleida” deritzan aldaera erabiltzen du, Catalunyan sonatuena. Tipula gorriekin ere saioak egin izan dira. Honako tipulina egiteko erabiltzen den “Babosa” aldaera proposatzen du berak.

Behar bereziak bi ditu. Batetik, janari asko eskatzen du, aurrez ongarri ondu-onduarekin eskuzabal ongarritutako lurra nahi du. Hurrengo urtean gogoan izan, ongarritu gero tipula horiek jarri nahi dituzun lurra aurreko uztarekin. Eta, bestetik, gogoratu, tipula da: tipulak gorrotatzen ditu lur motelak, astunak, buztintsuak eta urasetutakoak. Lur harroak maite ditu.

Calçotari ez baina bere sasoi berean hemen lantzen den tipulari tipula morroa edo tipula morrona esaten zaio. Burua jartzen da baina ez dago lurreztatzeko ohiturarik. Burutik sortutako kimu horiek bere motzean jaten dira negu partean. 

Txokolate menpekotasuna negozio
2024-12-16 | Jakoba Errekondo
Txokolatea kakaotik sortzen da. Kakaoak Theobroma cacao du izena; Theobroma hitzak “jainkoen janaria” esan nahi du. Aspaldikoa da txokolatearen gurtza; jainkoena zena azkar asko egin... (+)
Ilarretan dilista nafarra
2024-12-09 | Jakoba Errekondo
Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo... (+)
Gintonikaren ezkontza
2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Sagarren istorioak
2024-11-18 | Jakoba Errekondo
192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora