Asteroko buletina
Luzea banintzen, motza banintzen, maiatzean burutu nintzen (garia).

Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–. Hirietan, gainera, zailagoa izaten da bero egun horiei aurre egiteko gune freskoak topatzea. Hain zuzen, gai horri lotuta dago Iñigo Azkarate arkitektoaren doktoretza tesia: estres termikoari aurre egiteko, hirietan zuhaitzek dakartzaten onurak aztertu ditu, arreta bereziki Bilbon jarrita.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko irailaren 23a
IÑIGO AZKARATE arkitektoa da, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle elkartua eta Deustuko Unibertsitateko irakasle bisitaria. Doktoretza tesi hau egin du: \"Beroak sortutako estresa gutxitzeko metodologia, kaleetan zuhaitzak jarrita\". Argazkia: Arnaitz Rubio.

Beroa gurea ere bada. Abuztuaren 11n Euskal Herrian izan ditugun tenperatura historikoak dira horren lekuko: Bizkaian, Gueñes herrian 44,2ºC markatzera iritsi zen termometroa; Araban, Laudion, 42,8ºC neurtu zituzten; Bilbon ere 40ºC-tik gora egin zituen; eta, Donostian, berriz, 39ºC. Iruñean 40,6ºC pasatxo neurtu zituzten, 2012ko udako errekorra berdinduta. Eta Ipar Euskal Herrian ere antzeko datuak jaso zituzten, Kanbon, esaterako, 40,1ºC egin zituen.

“Klima aldetik, gure hiriak ez dira egoera latzena dutenak, baina hemen ere izaten ditugu bero-bolada handiak, eta, zentzu horretan, Bilbo da urbanizatutako azalera handiena duena, eta horrek bero-irla efektua sortzeko aukerak handitzen ditu”, adierazi du Iñigo Azkaratek. Hiriguneetan eta asko urbanizatutako tokietan gertatzen den tenperaturaren igoera fokalizatuari esaten zaio bero-irla efektua, hurbileko landa-inguruarekin kontrastean. Arkitektoak nabarmendu duenez, dena den, berez, barrualdeko hiriek dute bero-boladak jasateko aukera handiagoa, Iruñeak eta Gasteizek, kasu.

 

 

 

Singapurrek 2030erako milioi bat zuhaitz landatzeko konpromisoa hartu du eta, ordurako, eraikinen %90 parke batetik asko jota 400 metrotara egonen dela kalkulatzen da. Hirian martxan jartzen diren proiektu arkitektoniko guztiek jasangarritasun irizpideak bete behar dituzte: esaterako, terraza guztiek lorategia eduki behar dute eta landare-estalkiak; fatxada berdeak gero eta ohikoagoak dira hiriko eraikinetan. Araudiak honela dio: “Beheko solairuan eraikitako lur guztia berriz  hornitu beharra dago estalkian, azalera bereko espazio berdearekin”. Argazkia: Wikipedia.

 

 

 

Estres termikoa

Pertsonentzat erosoa den egoeratik aldentzen den pertzepzio termikoari esaten zaio "estres termiko", eta hotzarekin ere erlazionatuta egon daitekeen arren, gurean, beroari lotuta doa gehienetan. Azkaratek azaldu duenez, PET indizea (ingelesezko Physiological Equivalent Temperature) da estres termikoa neurtzeko gehien darabiltena: “Batezbesteko tenperatura erradiatzailea da indize horretan eragin handiena duena, alegia, eguzkiaren erradiazioa, baina airearen tenperatura, hezetasun maila eta abiadura ere kontuan izaten dira”.

Erradiazioa bi motakoa izan daiteke: uhin laburrekoa, alegia, eguzkitik zuzenean datorrena edo hainbat materialetan islatzen dena; eta uhin luzekoa, materialek errebotatu ez, baina xurgatu egiten dutena, gerora, energia hori pixkanaka emititzeko.

 

 

 

Kopenhagen hainbat diziplinatako profesionalak elkartu dira biodibertsitate handiko hiri eredurako pausoak emateko. Le Corbusier arkitekto ezagunaren "bosgarren fatxada" kontzeptua berreskuratu dute: teilatuak erabiltzen dituzte horietan baratzeak, lorategiak eta animalia haztegiak jartzeko. Eraikin berrietan teilatu berdeak jartzeko araua dute, eta hiriaren azaleraren laurdena gune berdeek osatzen dute. Argazkian, OsterGro hiri baratzea eta jatetxea, hiriko teilatuetan. Argazkia: Henning Martin Thomsen.

 

 

 

Itzala sortzea da estres termikoari aurre egiteko modu eraginkorrena, baina itzala zerk eta nola sortzen duen kontuan izan behar da

Itzala sortzea da estres termikoari aurre egiteko modu eraginkorrena, baina itzala zerk eta nola sortzen duen ere kontuan izan behar dela nabarmendu du arkitektoak: “Hirietan eta herrietan itzala ematen duten elementu nagusiak eraikinak dira. Berez, ona izan daiteke itzal hori, baina, paraleloki, galerak ere sor ditzake. Zergatik? Eraikin horiek egiteko erabili diren materialen arabera, itzala eman bitartean beroa pilatu ere egin dezakete, eta gero, pilatutako bero hori emititu”. Eraikina zenbat eta altuagoa izan, itzal handiagoa emanen du, baina, aldi berean, pilatutako beroa ahitzeko ere denbora gehiago beharko du. “Beraz, denak du bere alde ona eta txarra, kontuan izan beharrekoa”, gehitu du ikerlariak.

25ºC-ko aldea

Egiazko faktore metereologikoak erabilita, estimazioak eta neurketak egin dituzte Azkaratek eta bere taldeak, batezbesteko tenperatura erradiatzailea aztertzeko. Tenperatura hori 45-50ºC ingurukoa denean, bero egoeratzat hartzen da. Bilbon, udan, eguerdiko orduetan, 60ºC-tik gorako tenperaturak jaso dituzte, eta neurketa bidez egiaztatu dute zuhaitz baten itzalean 20ºC edo 25ºC gutxiago daudela. “Desberdintasun ikaragarria da, 60ºC-tik 35ºC-ra jaistea zuhaitz baten itzaletan”, dio.

Arbolak, itzalaren izarrak

Zuhaitzen itzalen onurak aztertzean, horien zenbait faktore izan dituzte kontuan: “Zuhaitzen itzala bere bolumenak eta hostoketa ezaugarriek baldintzatuta dago beti. Zenbat eta hostoketa sarriagoa izan, baxuagoa da transmisibilitatea”. Eguzki erradiazioa eteteaz gain, bestelako abantailak ere badituzte zuhaitzek, besteak beste, bapore transpirazioaren bitartez giroa freskatzeko duten gaitasuna. Hala ere, zuhaitzek ere badute txanponaren beste aldea, gehiegi baldin badaude, kaleek eta eraikinek xurgatu eta pilatu duten beroa ahitzeko oztopo izan daitezkeelako. “Horregatik da garrantzitsua zuhaitzak estrategikoki eta plangintza bidez kokatzea”, esan du arkitektoak.

 

 

 

Vancouver aitzindaria izan zen jasangarritasunerako bideak jorratzen. 2009an, Hiri Berdeagorako Ekintza Taldea proiektua jarri zuten martxan aldaketa klimatikoaren aurka egiteko, eta fokua administraziotik harago, komunitatean jarri zuten. Politikari, erakunde, elkarte, enpresa nahiz herritar taldeak batu dira proiektura, eta hiru alor nagusi jorratu dituzte: energia berriztagarriak, elikadura jasangarria eta turismo jasangarria. Hiriko hainbat espaziotan baratzeak, lorategi komunitarioak eta hiri-etxaldeak dituzte martxan: argazkian, gasolindegia zegoen tokian sortutako baratze komunitarioa. Argazkia: Daryl Mitchell / Flickr CC.

 

 

 

Kaleetan hostoa galtzen duten bertako zuhaitzak jarrita, udan itzala eta neguan eguzkia sartzea bermatzen da

Bertako zuhaitz espezieak aztertu dituzte ikerketan, gure ingurune fisiko eta klimatikora egokituak daudelako. “Lehen pausoa zuhaitz hostozabalak aukeratzea izan da, eta horien barruan, neguan hostoa galtzen dutenak”. Zergatik? Bada, kantauri isurialdeko kliman, udan beroa eteteko itzala behar den bezala, neguan eguzkiaren erradiazoa ere beharrezkoa delako, hotza leuntzeko. Emaitza onak ematen dituzten bertako espezieen artean daude hainbat astigar mota, ezkiak eta platanusak, besteak beste. “Kalean jar daitezkeen espezie egokiak dira horiek, ez da kasualitatea horiek izatea nagusi gure hirietan”.

Azkaratek azaldu duenez, zailagoa da estuak diren kaleei zerbitzu ematea, tamaina handiagoko espezieak sartzeko oztopoengatik. “Baina berdeguneetan eta espazio zabalagoetan haritzak, pagoak, arteak, lizarrak eta horrelakoek ere oso emaitza onak ematen dituzte”, gehitu du. Bertako espezieetatik hasi dira, baina klima aldatzen eta berotzen badoa, ez dute baztertzen bertakoak ez baina portaera ona duten beste espezie batzuk ere ekartzeko aukera: “Zaindu beharko litzateke espezie horiek eragin negatiborik ez izatea inguruan, inbaditzaileak ez izatea, hemen bizitzeko eta ugaltzeko aukera izatea… ezin dugu etengabe kanpotik ekarri behar den espezie bat bertakotu”.

 

 

 

Berlinek 2.500 parke publiko baino gehiago ditu. Hiriaren azaleraren herena gune berdeek hartzen dute; guztira 300 kilometro koadro inguru. Parkerik handiena, Tiegarten, 210 hektareako gune berdea da, eta basoetan bizi diren zenbait animalia espezie aurki daitezke bertan, oreinak eta basurdeak kasu. Jörg Kantel-en argazkian ikusten den Tempelhofer Feld parkea da beste gune berde berezi bat: izen bereko aireportua 2008an itxi zuten eta 386 hektareako gune irekia berreskuratu zuen hiriak. Motordun ibilgailurik gabeko parke publiko horretan hainbat gune berde daude eta beste jarduera askorekin batera, hiri baratzeak lantzen dituzte.

 

 

 

Hormigoia eta asfaltoa saihestea, hobe

Hiri asko hasiak dira aterpe klimatikoen mapak diseinatzen eta planteatzen, baita Euskal Herrian ere. Bilbo da adibide bat. 2022ko udan 130 babesleku klimatiko aurkeztu zituen udalak, eta beste hiri eta herri askotan ere antzeko proposamenak egin dituzte. Barruko babesleku klimatikoak –liburutegi, kirol ekipamendu, museo, garraiobideen geltoki...– eta kanpokoak –berdeguneak, itzalguneak, ura duten espazioak…–daude tartean. Aterpe klimatikoen mapetan aurrerapenak egon arren, Baso Biziak plataformako Edu Zabala kideak aurtengo udan salatu du barruko aterpe klimatiko asko itxita egon direla udako egunik beroenetan, eta bertako langileek ez dutela gaiarekiko inongo formakuntzarik jaso. Planak paper hutsean ez gelditzeko, baliabide pertsonal eta ekonomikoak jartzea ezinbestekoa dela gogorarazi du.

Aterpe klimatikoez eta zuhaitzekin itzala sortzeaz gain, hiriek epe motz edo ertainera begira har dezaketen beste neurri bat kaleen eta bertako altzarien materialari buruzkoa da. “Material zehatz batek erradiazioa isolatzeko duen gaitasuna da albedoa. Zenbat eta albedo baxuagoa, material hori gehiago berotuko da”, azaldu du arkitektoak. Albedoarekin batera, materialen emisibilitatea ere kontuan hartzekoa da, alegia, materialak xurgatutako energia emititzeko duen gaitasuna. “Albedo txikiko eta emisibilitate handiko materialak saihestu behar dira, material hotzagoak erabilita”.

 

 

 

Gasteiz 2012an European Green Capital izendatu zuten eta 2019an Global Green City saria eman zioten. Besteak beste, hiriak biztanle bakoitzeko 42 metro koadro gune berde dituela kalkulatzen da, eta edozein herritarrek, oinez, bi minutu eta erdi baino gutxiagora duela berdegune bat. Hiriko kale eta parkeetan guztira 115.000 zuhaitz inguru daude, eta horiei Eraztun Berdeko parkeetakoak gehitu behar zaizkie. Hiria inguratzen duten parkeen multzoa da Eraztun Berdea, guztira 833 hektarea dituena. Argazkian, Salburuako hezegunea. Argazkia: Wikipedia.

 

 

 

Adibide zehatzetara etorrita, gure hirietan asko ikusten diren eta beroarekin oso gaizki funtzionatzen duten bi material aipatu ditu Azkaratek: asfaltoa eta hormigoia. “Beste material ‘zeramikoago’ batzuk askoz aproposagoak dira, edo ura filtratzen uzten duten materialak… hor ere badago bide bat oraindik gutxi garatu dena, baina gauzak hobetzeko aukera ematen duena”. Asfaltoa eta hormigoia baino material egokiagoak dira harria, zeramika edo egurra, besteak beste, eta horien koloreak ere badu eraginik: zenbat eta azalera argiagoa, bero gutxiago xurgatuko dute. 

Hirien birnaturalizazioa, etorkizunerako gako

Estres termikoari aurre egiteko hiri eredu perfektua zein litzatekeen galdetuta, Azkaratek azpimarratu du eraikuntza, urbanizazio eta eremu naturalen arteko oreka zaindu behar dela: “Hiriak, kaleak eta espazio publikoak pertsonentzat izan behar dute, ezinbestekoa da haien beharrak jartzea erdigunean. Azalera larregi izan ditugu beste elementu batzuei bideratuta, eta justu estres termikoari begira oso gaizki funtzionatzen dutenak”. Etxegintzaren booma ekarri du gogora, hiri eta herriak urbanizazioekin eta zementuarekin "kolonizatu" zirenekoa, eremu naturalen kalterako.

Kontrako norabidean joan beharko lirateke hirigintza eta arkitektura, Azkarateren ustez, etorkizun hobea bermatze aldera: “Hirien birnaturalizaziora jo behar genuke, zuhaitzen onurak ez baitira estres termikoari soilik begirakoak. Psikologikoki, klimari begira, eta kutsadura akustikoari begira ere onurak dakartzate”. Baina berdeguneak sortzearen abantaila horiek beste irizpide batzuekin talka egin dezaketela ere nabarmendu du: “Garraio sistema publikoa garatzeko, ordea, egokiagoak dira hiri dentsoak”. Hainbat alorren arteko oreka bilatzea izanen da erronka. “Berdeguneak sortzea eta horien artean pertsonek egunero egiten dituzten ibilbideetan termikoki babestutako guneak bultzatzea da helburua. Babes klimatikoak sortzea, itzal planak abian jartzea…”, aipatu ditu, besteak beste, epe luzera begirako neurrien artean.

Bide horretan, oso lagungarria litzateke, arkitektoaren ustez, Europatik araudiak ezartzea. “Momentuz, irizpideak soilik ezarri dira Europar Batasunetik, ez dago estres termikoari lotutako ezer araututa. Garai batean ez zegoen zaratarekin lotutako ezer arautua, baina orain, hirigintza planetan beti dago azterketa akustikoa, horretara ohitu egin gara. Faktore berriak ezartzea posible da, eta onuragarria litzateke”, aldarrikatu du.

 

Pirinioetako abeltzainek hiltegi proiektua jarri dute abian, zirkuitua bertan ixteko
2024-10-14 | Garazi Zabaleta
Lehen sektorea bultzatzeko eta indartzeko lanean dihardute Nafarroako Pirinioetan azken urteotan, eta lanketa horren baitan sortu zuten Pirinioetako Mahaia. Diagnostikoa ondu dute azken urteotan, eskualdean... (+)
Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea
2024-10-07 | Garazi Zabaleta
EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua... (+)
Bergarako azoka plaza biziberritzeko proiektua
2024-09-30 | Garazi Zabaleta
Urteak dira Bergaran kontsumoaz eta lehen sektoreaz lanketa zabala egiten hasi zirela. Ereindajan kooperatibaren eta Elikadura Mahaiaren sorrerak bultzada izan ziren lanketa orokor horretan. Azken... (+)
“Lurra lantzen hasi aurreko diseinua gakoa da permakulturan”
2024-09-23 | Garazi Zabaleta
2014an sortu zuten Birika Permakultura proiektua Leioako lursail okupatu batean. Jurgi Uriarte Idiazabalek eta beste bi kidek jarri zuten martxan egitasmoa. “Lursail hartatik bota egin... (+)
Barazki ekoizpen proiektua Berrobin
2024-09-16 | Garazi Zabaleta
Nekazaritzarekin harreman estua izan du betidanik Barazki Bizidunak proiektuko Iñaki Garcia Grijalbo Mapik. Bizitzaren paradoxak, gaur egun saltoki handi baten aparkalekua den lursailean zuten baratzea... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora