Gaua da. Zuhaitzetan geratzen diren hosto gutxien artetik igarotzen da ilargiaren argia. Isiltasuna da nagusi. Txoriak sasi artean daude, babestuta lo, lo-edo. Baina bat batean zerbaitek kolpatu du sasia. Txori gehienak izutu diren arren, izoztuta bezala geratu dira, isilik. Zozoa aldiz, ikaratuta oihu betean irten da hegan eta zast! Isiltasuna berriz. Atzapar artean doa zozoa. Urubiak badu zer jan gaurkoan.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Euskal Herrian izugarri zabalduta dagoen espeziea izanik, mila izenez ezaguna da: basontz, gautxori, hontzamotz, huntz, mozolo eta hontz, besteak beste. Izen ofiziala aldiz, urubi arrunta (Strix aluco) da. Egunean zehar babesean edo adar batean enborretik gertu egon ohi da eta gauean esnatzen da, hortik parrandazaleak gautxoriekin konparatzea. Askotan ordu txikitan etxerako deia egiten digula dirudi eta Txirritari ere hala iruditu zitzaion taberna ixtera zihoan batean: “Elizatik ojuka hasi zaizku hontzak / ez ditut ikusten bañan aitzen ditut hotsak/ diruik ez dun gizonak hartu bihaitun lotsak / xentimorik ez dauka Txirritaren poltsak”.
Ikusteko nahiko zaila den espeziea da hau, bere lumaia oso kriptikoa baita, hau da, enbor azalekin oso ongo kamuflatzen da. Bere lumaiak kolore marroixka du, nahiz eta badauden batzuk grisagoak eta beste batzuk gorrixkagoak direnak. Burua, aldiz, borobil-borobila, begi beltzekin. Ikusteko zaila den arren, entzutea nahiko erraza da: denok dugu buruan filmetako gau ilunetan entzuten den kantu goibela: “Uuuuu… u-u-uuuuuu” famatua egiten duena da urubia. Gainera, ingurune berrietara primeran moldatzen den espeziea izanik, oso zabaldua dagoen espeziea da, hirietan ere aurkitzen da. Ingurune eta habitat berrietara moldatzeko ezinbestekoa duen baldintza hurrengoa da: basotxo edo zuhaitz multzoren bat izatea, basoko espeziea baita berez.
Urubiak oso dieta zabala du eta inguruan dituen harrapakinen eskuragarritasunaren arabera moldatzen du. Esaterako, ikusi da baso habitatetan saguak jaten dituela gehien eta txoriak ez hainbeste. Hirietan, aldiz, txoriek bere dietaren proportzio handiagoa osatzen dute. Sagu eta txoriez gain, satorrak, zizareak, intsektuak eta beste animalia batzuk ere bere dietaren parte dira.
Abenduan hasi ohi da hauen araldia eta kantuan igarotzen duten denbora handitzen dute, beraien lurraldeak finkatze aldera. Bi eta bost arrautza inguru errun eta hauek hilabetez txitatu ondoren, otsail bukaeran hasten dira lehenengo txitoak habiatik salto egiten. Txitoek hegan egiteko lumak guztiz hazi aurretik egiten dute salto habiatik, eta inguruko adar eta enbor artean ibiltzen dira zalapartaka.
Horrelako txitoren bat aurkituz gero, lasai egon, txitoak zainduta daude, helduak inguruan baitaude. Beraz, ez etxera eraman. Inguruko adarren batean edota habia non dagoen jakinez gero, habian bertan uztea komeni da. Arriskuan dagoen ingururen batean baldin badago, aldiz, basozainekin kontaktuan jarri eta beraiek esandako pausoak jarraitu behar ditugu.
URUBI ARRUNTA (Strix aluco)
Taldea: Ornoduna/Hegaztia.
Neurria: Mokotik isatsera 36-44 cm. Hego-luzera 81-93 cm.
Non bizi da? Basoan. Hirietan, baso txiki bat badu.
Zer jaten du? Mikrougaztunak, txoriak, zizareak, intsektuak...
Babes maila: Europan babestuta.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545