Otsaila, laburrena eta txarrena

Aire kalitatearen neurketa EAEn ez da EBk agintzen duen moduan egiten, Ekologistak Martxanek salatu duenez

Europako Ingurumen Agentziak parametro batzuk erabiltzen ditu Europar Batasuneko lurraldean airearen kalitatea neurtzeko eta 2019tik estatu guztiek horixe bera erabili beharko lukete, baina Ekologistak Martxan elkarteak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du hori erabiltzen.


2026ko urtarrilaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

2017tik aurrera Europako Ingurumen Agentziak erabaki zuen airearen kalitatearen neurketa EB osoan homogeneizatu behar zela, eta ordura arte erabiltzen zituen bost mailak (aire kalitate onetik txarrera neurtuta) sei bihurtu ziren. Horrez gain, kutsadura neurriak egokitu ziren OME Munduko Osasun Erakundeak emandako parametro berrien arabera. Azken finean, kontua zen EBko edozein herritarrek batasuneko edozein lekuri buruz tresna eta datu berberak izatea aire kalitateari dagokionez.

Orduan, Europar Batasunak agindu zien estatuei euren neurketa sistemak parametro horietara egokitzeko eta Espainiako Estatuak ere horrela agindu zien erkidego autonomoei 2019an. Europako Ingurumen agentziak sei parametro berri finkatu zituen airearen kalitatea nolakoa zen esateko: ona, balekoa, ertaina, txarra, oso txarra eta muturreko txarra.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak kontrolatzen ditu EAEko aire kalitatea neurtzen duten estazioak. Lurralde osoan daude barreiatuak, mapa batean zehazten dira non diren eta unean uneko datuak eskaintzen dituzte. Hori bai, Europan ez bezala, EAEn bost maila erabiltzen dituzte: oso ona, ona, erregularra, txarra eta oso txarra.

Orain Ekologistak Martxanek salatzen du Eusko Jaurlaritzak ez dituela Europako Ingurumen Agentziaren neurketa moldeak erabiltzen, eta horregatik aire kutsaduraren emaitzak desitxuratzen direla: “Oso ona, adibidez, ez da existitzen Europakoan”, zehazten dute. Horren arabera, EAEko aire kalitatearen datuak beti dira Europako Ingurumen Agentziarenak baino hobeak, eta hori dela eta bi eskaera egiten ditu elkarte ekologistak: lehena Eusko Jaurlaritzari, behingoz parekatu dezan bere neurketa sistema Europako Ingurumen Agentziarenarekin; bigarrena herritarrei, eguneraketa hori egin bitartean, erabili ditzaten Europako Agentziako datuak, horiek direlako OMEren aholkuei ondo egokituta daudenak.

Adibide bat jartzeko, hartu dugu Arrasateko aire kalitateko estazioa (urtarrilak 15, 16:00etan). Esaten digu aire kalitatea “oso ona” dela. Berez bost osagai neurtzen dira guztietan, bai Europako Agentzian, bai EAEko estazioetan, guk bati erreparatu diogu, adibide gisa. Airean dauden PM10 partikulak: Arrasaten une horretan daude 17,46 mikrogramo m3-ko, beraz Jaurlaritzaren “oso ona” mailan sartzen da. Europako Agentziarentzat, aldiz, “balekoan” sartuko litzateke. Ondoko bi laukietan ikus daitezke baten eta bestearen datuak eta irakurleak egin ditzake nahi adina proba, EAEko nahi duen estazioan sartuta eta datuak konparatuta.

Goian Europako Ingurumen Agentziak aire kalitatea neurtzeko dituen parametroak eta behean Eusko Jaurlaritzarenak. Europakoan ez dago "oso ona" kategoriarik, adibidez. 

 

Kalitateko Airea neurtzen duen webgunean Jaurlaritzak zera dio: “Indizeen sailkapen berri horren bidez, Euskadiko airearen kalitateari buruzko informazioa bat dator Europako gomendioekin”. Baina Ekologistak Martxanek ezetz dio eta frogatzeko Europako Ingurumen Agentziari galdetu dio hori hala den, eta hala erantzun dio agentziak: “Badirudi Euskal Herriko egitura 2017ko ereduarekin bat datorrela, orduko gure indizeak bost maila zituen eta. Orduz geroztik aldaketak egin dira” (sei maila jarri dituzte eta OMEren 2021eko gomendioekin eguneratu dira; Jaurlaritzaren neurtzeko moduak ez dira 2019tik aldatu).

 

Landare: 34 urte elikadura ekologikoa arrakastaz ereiten
Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Atarrabian (Nafarroa) ditu bere dendak Landarek, produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarteak. 3.500 bat bazkide, helburu nagusi batekin: ekologikoan kontsumitzea, gertuko ekoizleekin, eta... (+)
Danoneren eta Nestléren umeentzako jaki ontziak milaka mikropastikoz kutsatuta daude, Greenpeacek egindako ikerketaren arabera
Greenpeacek aste honetan eman du bere ikerketaren berri, eta bertan zehazten denez, plastikotan bildutako haurtxoentzako elikagai horiek polimero sintetikoen sarbide handia dira. Horietako errazio elikagai... (+)
Kuba "erregai erreserbarik gabe" geratu da
Iragan urtarrilaz geroztik AEBek inoizko blokeo zorrotzena daramate irlaren aurka, eta ondorioak gero eta larriagoak dira herritarrentzat: Vicente de la O Levy Energia eta Mehatze... (+)
“Hiru ipuinetan pertsonaiek askapen prozesuak bizi dituzte eta zerbait traditu behar dute beren buruarekin leialagoak izateko”
Jone Bordatok (Hazparne, 1984) urrian eman zuen argitara Erroen Izerdia (Elkar) ipuin liburua eta ostegun honetan aurkeztuko du Azkaineko Bil Tokin, 19:00etan, Azokaroa kari. Ekainaren... (+)
Biometanizazioaren olatuak azpian har dezake Nafarroa
Lehenago fotovoltaikoaren eta eolikoaren eztandak izan ziren moduan, orain biometanizazio planten txanda da Nafarroan, gehienak ekimen pribatutik bideratuak. Berez, berriztagarria da biogasa sortzeko prozesua, baina... (+)
gora