Astelehenero 8:00etan zure epostan
Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Petritegi sagardotegian, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, eta ostegunean gauza bera egin dute Usurbilgo Saizarren. Lehenbizikoan, Euskal Pilota Selekzioa arduratu da txotxa zabaltzeaz, eta bigarrengoan, David Silva eta Txiki Begiristain futbolari ohiak.
Sagardotegi denboraldia zabaldu dute Usurbilgo Saizarren, Saizarren 50. urteurrenean. David Silvak eta Txiki Begiristainek egin dute lehen tragoa.
Datorrena, lehen asteburua izango da 2026ko sagardo denboraldian. Irekiera ekitaldiak egin dituzte aste honetan. Euskal Sagardoa markak eta Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, aurten, Astigarragako Petritegi sagardotegian egin dute ekitaldia. Bigarren festa handia ostegunean egin da, Usurbilgo Saizarren.
Petritegiko txotx denboraldia ofizialtasunarekin borrokan dabiltzan Euskal Pilota Selekzioko partaideek zabaldu dute. Haiena izan da, hortaz, lehen sakea. Ofizialtasunerantz egin dute txotx. Lau ordezkari egon dira: Joxe Mari Mitxelena presidentea, eta Enara Gaminde, Eñaut Lizeaga eta Beñat Lizaso pilotariak. Besteak beste, Agin Laburu eta Joanes Illarregi aritu dira bertsotan. Aurretik, Errege Sagarra barietateko sagarrondo berri bat landatu dute Kontxa Etxeberria plazan.
Saizarren egindako sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldian ere aurpegi ezagunak egon dira ostegunean. Ekitaldi berezia egin dute Saizarrekoek, ohi baino jende gehiago gonbidatuta, aurten 50 urte betetzen dituelako sagardotegiak. Txotxa zabaldu dutenak bi futbolari ohi izan dira: gizonezkoen Realeko taldean aritutako David Silva eta Txiki Begiristain. Berez, Real Madrilen aritutako Roberto Carlos futbolari ohi brasildarra ere etortzekoa zen Usurbilera, baina osasun arazoek galarazi diote. Horrez gain, eta gizonezkoen futbolarekin jarraituta, Espainiako futbol liga irabazi zuten Realaren 1982ko eta 1983ko taldeko kideak ere egon dira, gutxienez dozena bat. Eta garaikideagoak ere bai, 2010eko hamarkadan aritutakoak.
Giroa berotzen, bestalde, lehenik Zea Mays taldeko Piti eta Aiora aritu dira, era akustikoan, hiru abesti ezagun jotzen: Atera, Corazón de tango eta Negua joan da ta. Segidan, oholtzara igo dira Saizarreko nagusi Napoleon Lertxundi trikitixarekin, eta Aitziber Estanga panderoarekin. Carmona familia andaluziarra igo da gero, flamenko-fusioa deritzona jotzera, eta tartean familiako aita, Espainiako Estatuan ezagun den Antonio Carmona. Haien atzetik, Andoni Egañak segidilla bat kantatu du, publiko artean ziren aurpegi ezagunak zirikatuta. Izan ere, Juan Martínez de Irujo eta Oinatz Bengoetxea pilotari ohiak; Inaxio Perurena harrijasotzailea eta Iker Vicente aizkolaria; Arconada, Larrañaga, Begiristain, Satrustegi, Zamora eta López Ufarte Realeko futbolari ohiak; Jose Antonio Camacho futbolari eta entrenatzaile ohia; Karra Elejalde; eta beste makina bat telebistako aurpegi ezagun zeuden jende artean. Egañaren segidillaren ostean, Korrontzi taldeak eman dio amaiera ospakizun ekitaldiari, jendea dantzan ipinita eta dantzariek lagunduta.
Uzta handia eta “arina”
Iaz, 1,3 milioi litro sagardo ekoiztu zituzten Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko 46 sagardotegiek, eta aurten, sagardo urtea izan denez, 3,1 milioi litro. Bi urtean behingo joera daukate sagar arbolek. Uzta handia espero zen, eta halaxe izan dela baieztatu zuen pasa den astean Gipuzkoako sagardogileen elkarteko koordinatzaile Olatz Mitxelenak. Baina uste baina apalagoa: espero baino %15 kilo gutxiago. “Hori gertatzeko hainbat izan ohi dira faktoreak: tartean, negua nahikoa hotza ez izatea”, adierazi zuen Mitxelenak.
Uzta handia izaten den urteetan, sagardogileen aburuz, “normala” izaten da “arina” izatea. Alkohol portzentajea %6 inguru izan dela diote.
Hernanin, autobusek aparkaleku-erreserba
Hernaniko Udalak martxan jarri du txotx denboraldirako autobus antolatuak aparkatzeko sistema berria. Urtarrilaren 24tik maiatzaren 9ra arteko larunbat guztietan egongo da indarrean. Autobus txikiek, hau da, 9 eta 34 plaza artekoek, 60 euroko tasa ordaindu beharko dute. Autobus handiek, berriz, 100 eurokoa. Erreserbak bertan behera uzteko astebeteko tartea dago, baina erreserban aldaketak egin ahalko dira baita bezperan ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545