Astelehenero 8:00etan zure epostan
Duela 26 bat urte iritsi ziren Ali Orue zeberioarra eta Edu Brugos laudioarra Zioarraga auzora, Zuiara (Araba). Bizitoki aldaketarekin batera bizitza eta ogibidea aldatzeko gogoz iritsi ziren, baina pandemia ondorenera arte ez zitzaien momentu egokirik suertatu. Orduan erabaki zuten benetako saltoa ematea: “Erlezaintzan zaletasun gisa duela 14 urte inguru hasi ginen. Batik bat Edu aritzen zen, baina pandemia eta gero gure bizitzan aldaketa handia gertatu zen: istripu batengatik ezgaitasuna jaso zuen berak; nik lana utzi eta proiektua sortzea erabaki nuen”, azaldu du Oruek.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Bizkaitarrak beti izan du harremana baserri munduarekin, baina erleena ez zuen inoiz gehiegi landu. “Baserri guztietan bezala, txikia nintzenean etxean baziren erle batzuk ganbaran, baina amak kudeatzen zituen eta nik oso lotura gutxi izan nuen garai hartan jarduera horrekin”, gogoratu du. Istrupiza baserrira iritsi zirenean, ordea, baratzea egiten hasi ziren, eta erleak jartzeak onurak ekarriko zituelakoan, ideiari bueltaka hasi ziren. “Erlauntza pare bat baratzearen inguruan jartzea pentsatu genuen, baina auzokideak genituen hurbilean eta beste toki bat bilatzea erabaki genuen”.
Bertako erle beltzarekin egiten dute lan Istrupizan, eta ekoizpen ekologikoan ari dira. “Hasieran, erlezaintza zaletasun gisa soilik genuenean, hainbat tratamendu konbentzional ere egiten genituen, baina beti egin dugu ingurumenarekiko errespetuzkoa den erlezaintza, eta proiektuari serioago ekitea pentsatu genuenean argi genuen ekologikoan ariko ginela”. Hainbat ezti mota, propolia, propoeztia eta lore-hautsa edo polena ekoizten dituzte. “Tira, polen ekoizpen oso txikia dugu, izan ere, erleei euren elikagaia kentzen diezu, eta horrekin kontu izan behar da”. Argizaria eta kandelak ere egiten dituzte, baita argizarizko oihalak eta baltsamoak ere.
Aurtengo denboraldira arte txilar eztia soilik ekoitzi dute erlezainek, erleak ez zituztelako haien tokitik mugitzen. Aurten, baina, erleak mugitzen hasi dira lehenengoz eta bi milalore ekoitzi dituzte, leku banatan izan diren bi erle multzorenak. “Ama Burgosko herri batekoa da, eta hara eraman ditugu erleak. Izpiliku eztia atera dugu bertan”. Horrez gain, Zeberiora eta Lantaron inguruko lursail batzuetara ere bidaiatu dute abereek. “Urritik ditugu Lantaron aldean erlauntzak, ikusiko dugu zer ateratzen den, oraindik esperimentatzen ari baikara”, gehitu du.
Inguruko denda txikietan, kontsumo taldeetan eta azokaren batean edo bestean egiten dute salmenta erlezainek. “Ahoz ahokoak oso ongi funtzionatu du gure kasuan, jendeak badaki ze produktu ditugun, eta ekoizpena ez denez oso handia, inguru hurbilean saltzeko arazorik ez dugu, momentuz”. Ekoizpenaren osagarri gisa, bisita gidatuak ere antolatzen dituzte Istrupizan, "turismo gurpil erraldoitik at", talde txikiei haien lana, esperientzia eta ingurumenari egiten dioten ekarpena erakusteko. Eta, erlezainen eta agroekologiari lotutako elkarteetan ere parte hartzen dute, hala nola, Arabako eta Gipuzkoako erlezain elkarteetan eta Bionekazaritzan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545