Inon bizitzea, baratze bat lantzea da.

Gaztaina eta hurra bizibide, Basaburuaren bihotzean

Nafarroako Basaburuan, Itsaso herrian kokatua den familia-proiektua da Basabihotza. Urteak daramatzate Xabier Azpirotz Latasa eta Laura Martinena Espinal proiektuaren bultzatzaileek gaztainaren inguruan lanean: barietate zaharrak identifikatzen eta berreskuratzen, utzita zeuden gaztainadiak garbitzen, Basaburuko Gaztaina Feria antolatzen… “Duela zazpi urte inguru, Nafarroan gaztainaren inguruan abiatu zen lanketan sartu ginen hasieratik, eta paraleloki, etxeko soroan hurritza landaketak eta inguruko gaztainadietan garbiketak egin eta proiektu propioa martxan jartzea pentsatu genuen”, azaldu du Martinenak. Garazi Mercero Martinena alaba gehitu zaie orain, eta ama-alabek honetatik bizitzeko apustua egin dute.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko urtarrilaren 19a
Laura Martinena Espinal eta Garazi Mercero Martinena ama-alabak, gaztainadian.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Etxeko soroa ez zen gaztainondoentzako tokirik aproposena, eta horregatik erabaki zuten duela bost bat urte bertan hurritzak landatzea. “Bestalde, Igoan alertzeekin lursail bat zuen Xabik, eta bagenekien bertan lehen gaztainondo asko zegoela. Alertzea kentzen eta gaztainondoei berriz tokia ematen hasi ginen, eta orain sustraitik datozen gaztainondoetan txertaketak egiten ari gara”, azaldu du nekazariak. Bertako barietateak ari dira txertatzen lursail horretan batez ere; Nafarroan azken urteetako lanketan bildu dituzten Hostabeltza, Xertagorria, Sanmigela eta izena identifikatu ez dioten beste barietate bat. “Horiekin batera, Galiziako eta Portugalgo beste barietate batzuk ere jarri ditugu, hemengo barietateetan inoiz ez baita merkaturatzeari begirako hautaketarik egin; orain ari gara horretan”, dio.

Nahiko utzita zegoen gaztainadi zahar bat alokairuan hartu dute proiektuko kideek: garbitu, argitasuna eman, eta aurten jaso dute lehen uzta. “Gaur egun erabat itxita daude Euskal Herrian gaztainadi gehienak, eta asko irabazten dute garbitzearekin eta zaintzearekin, gaztaina ekoizteko ez ezik, biodibertsitatea berreskuratzeko ere bai, ekosistema oso interesgarriak sortzen baitira”. Eredu ekologikoan ari dira lanean, hurritzetan eta gaztainondoetan.

Hur uzta.
Gaztainarekin eta hurrarekin eraldaketak

Iaz hurrak inguruko denda ekologiko txikietan saldu zituzten Basabihotzako kideek, eta hasieran gaztainak ere merkaturatzea zuten burutan. Garazi alabak proiektuan parte hartzeko gogoa adierazi zienean, ordea, buelta bat eman zioten egitasmoari. “Etxean bertan eraldaketak egiteko obratzaile txiki bat egiten ari gara, martxorako egonen da prest, eta aurtengo uztarekin kremak, gozoak eta pate modukoak eginen ditugu, bai gaztainarekin eta baita hurrarekin ere”, azaldu du. Aurrerago, obratzaile handiagoa eraikitzea dute asmo, turroiak eta bestelakoak ere egiteko. Alabak eginen du lehenbiziko eraldaketa, azala kentzea eta xigortzea, eta Martinenak egingo ditu kremak eta turroiak.

Paper kontuak asko luzatu zaizkiela azaldu dute, baina honezkero lortu dute dena formalizatzea, eta espero dute martxotik aurrera krema eta pateekin eta hurrengo Eguberrietarako turroiekin hastea. “Gurean tradizioz mantendu da gaztaina orain arte, baina merkaturatzeko eta honetatik bizitzeko egitasmorik ez dago ia”. Ongi etorriak, bada, gaztainari lotutako ekoizpen proiektu berriak.

“Hamar urteotan baratzean egindako lanak agendan idatzi dituenak sekulako altxorra du”
2026-10-12 | Garazi Zabaleta
Duela hamar urte argitaratu zuten lehen Ilargia eta Landareak agenda Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak, ARGIAk bultzatuta. Hamar urte beranduago, eta ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak... (+)
Frantses lorategi apaina eta lorategi basati askeagoa, elkarren lagun
2026-10-05 | Garazi Zabaleta
Kanbon (Lapurdi) kokatua den eraikin ederra da Belle Époque garaiko Arnagako jauregia, gaur egun Herriko Etxearena dena eta museo bihurtua dutena. Klima astearen seigarren edizioa... (+)
Ogia, bizitzako proiektu Etxalarren
2026-09-28 | Garazi Zabaleta
Duela hamaika urte, 2015eko irailean bukatu zituzten Etxalarko (Nafarroa) Maira okindegiko obradorearen lanak, eta ogia egiteari ekin zioten Aloña Gonzalez Bereauk eta Ander Amundarain Hernandezek.... (+)
Artzaintza eta naturopatia Ezkion: ingurumena, osasuna eta elikadura, eskutik
2026-09-21 | Garazi Zabaleta
Naturopatiarekin eta sendabelarrekin lotutako Mimogoxo proiektua zuen martxan Eztizen Agirresarobe Pinedak duela zenbait urtetik, eta Beñat Idiakez Amenabar bikotekideak artzaintza ikasketak egin eta ardiak jartzea... (+)
Iraila, agroekologiaz bustia!
2026-09-14 | Garazi Zabaleta
Arabako Bionekazaritzak XXXI. Bionekaraba merkatua eginen du irailaren 26an, baina aurtengo edizioa azokara mugatu beharrean, indarrez eta gogoz dabiltzala aprobetxatu eta hilabete osoko egitaraua prestatu... (+)
gora