Senarra hil nahi baduzu, uztail-abuztutan aza emaiozu

Beroaldiaren eragin desorekatua


2026ko urriaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Uda honetan klima aldaketaren sintoma nabarmenena den berotze globalak gogor eragin du munduan eta, batik bat, Europan. Jakina da beroak hilkortasun tasa handitu egiten duena. Baina tenperatura altuek osasun arloan dituzten arriskuez harago, zeresan zuzena dute arlo sozioekonomikoan. Esan gabe doa berotearen eragina indartu egiten dela lehorteak jotako lurraldeetan.

Climate Analytics erakundeak egindako lan batek zera ondorioztatzen du: osasunean eragiteaz gain, beroteak familien diru-sarrerak gutxitzen ditu eta errenta desberdintasunak handitu. Zehazki, Europako etxeetako sarrerak %3 inguru murriztu dira dagoeneko, beroak eta lehorteak eragindako osasun arazoengatik, lanaren produktibitatearen jaitsieragatik eta elikaduraren zein uraren kalitate eta kantitatearen murrizketagatik. Nolanahi ere, Europako biztanleriaren %20rentzat egoera are okerragoa da. Izan ere, kolektibo horrentzat errentaren jaitsiera %4koa da, gainerakoen %1,5eko galeratik urrun.

Lurraldearen ikuspegitik begiratuz gero, bero sutsuenak eta lehorte gogorrenak bizi izan dituzten eskualdeek nozitu dituzte etxekoen errenta galerarik handienak. Azterketaren arabera, Madrileko eremuak jasan du errenta jaitsierarik handiena azken hogei urteetan,  %10eko murrizketa egon baita familia errentan beroteak eraginda. Ondoren, Hungariako erdialdean eta Espainiako Estatuko erdialdean ezagutu dituzte errenta galerarik indartsuenak. Eta oro har, Mediterraneoko arroa izan da kaltetuena errentaren bilakaerari dagokionean.

Mende amaierarako Europako batez besteko errenten jaitsiera %27koa izan daiteke, azken bi mendeetako tenperaturaren igoera 2,7 gradukoa bada

Beroteak kalte are larriagoak ditu sektore eta lurralde zaurgarrietan BC3 Klima Aldaketa Ikergai erakundearen azterlan baten arabera. Landa eremuetan, garraio publikoaren gabeziak eta suteen arriskuak oso menpeko bihurtzen dute bertako biztanleria. Bestalde, klase apaleko emakumeen zaurgarritasuna areagotu egiten da, oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak biderkatzen zaizkielako.

Beraz, begi bistakoa da berotzearen eta eragin ekonomiko eta sozialaren arteko lotura estua dagoela. Ekuazio hori oinarritzat hartuta, mende amaierarako Europako batez besteko errenten jaitsiera %27koa izan daiteke, baldin eta azken bi mendeetako tenperaturaren igoera 2,7 gradukoa bada. Horixe da akademian aurreikusten den eszenatokirik gauzagarriena. Egoerarik hoberenean, 2015eko Pariseko Akordioak aurreikusitako 1,5 graduko igoera gertatuko balitz, batez besteko sarreren murrizketa %7,5ekoa litzateke. Baina, gaur gaurkoz, eszenatoki horren aukera oso apala da. Epe luzeko aurreikuspenetan ere desorekak indartuko dira, hala sektore sozialaren nola lurraldearen arabera.

Klima aldaketaren aurkako politiketan ere eraginak ez dira berak denontzat. Europan, karbonoaren merkatu bakarra aintzat hartuta bideratzen diren neurriak eragin atzerakorrak ditu. Europakoak baino bidezkoagoak dira, aldiz, estatu eta eskualde mailako esku hartzeak, deskarbonizazio neurriek errenta apaleko sektoreei kalte txikiagoa eragiten baitie, BC3 erakundearen arabera. 

Ondorioz, beroaldiaren aurkako estrategian ezinbestekoak diren bi ardatz hartu beharko ditu kontuan botere publikoak, esku hartzea eraginkorragoa eta bidezkoagoa izan dadin. Batetik, tokian tokiko neurriak eta interbentzio estrategiak lehenetsi eta behetik gorako politikak jarri behar dira indarrean. Eta, bestetik, deskarbonizazio eta klima aldaketaren aurkako interbentzio ereduetan, errenta zein genero desorekak gutxitzen dituzten interbentzioak sustatu behar dira. 

Elikagaien prezioak
2022-12-11 | Mikel Zurbano
Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) elikagaien krisi berri baten aurrean gaudela ohartarazi du. Erakunde horren arabera krisi hau erritmo kezkagarrian ari da zabaltzen... (+)
Zor publikoaren zama
2021-02-07 | Mikel Zurbano
Next Generation EU programak 750.000 miloi euro aurreikusten ditu datozen zazpi urtetarako. Eta aldi horretarako Europar Batasuneko (EB) aurrekontua 1,074 biloi eurokoa da. Bi hanka... (+)
Eguzkiaren zerga
2018-09-02 | Mikel Zurbano
Europar Batasunak ekainean onartu berri du kontsumorako, biltegiratzeko edo sarean saltzeko energia ekoiztu nahi duenak eskubide osoa duela horretarako. EBeko instituzioen arteko akordioak Espainiako Estatuan... (+)
COP21
2015-12-06 | Mikel Zurbano
Bizi dugun krisi multidimentsionalak kapitalismo globalaren mugak erakusten ditu. Krisiak jota dago kapitalismoa arlo ekonomikoan, sozialean, zaintzan, baita ekologiaren eremuan ere. Kapitalismoaren egungo kudeaketa liberalaren... (+)
gora