Nik baratzea zaintzen dut eta berak ni

COP21


2015eko abenduaren 02a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bizi dugun krisi multidimentsionalak kapitalismo globalaren mugak erakusten ditu. Krisiak jota dago kapitalismoa arlo ekonomikoan, sozialean, zaintzan, baita ekologiaren eremuan ere. Kapitalismoaren egungo kudeaketa liberalaren ordaina adar askotako krisia da, eta bere adierazpen larriena agian ingurugiroan eragindako kaltea. Zehazki, klima aldaketa krisi ekologikoaren ispilu nagusia da eta horren apartekoa bere eragin ahalmena, ezen kontzientzia globala eraiki baiten horren aurkako erantzunaren beharra aldarrikatuta.

Mendebaldeko herrialde garatuetako gobernuen erantzukizuna bistakoa da eta orain arte ez dute behar bezalako neurririk hartu fenomenoari aurre egiteko eta karbono gabetze prozesua itzulezinezko bihurtzeko. Kyotoko Protokoloaren gabeziaz luze eta zabal hitz egin da azken urteetan. Mugimendu sozialen aldetik eta lan mundutik ere aldaketa klimatikoaren aurrean eman beharreko erantzunari ez zaio ipini behar zuen arreta guztia. Naomi Kleinek dio ohartu beharra daukagula gure gizartearen oparotasuna ekarri zuen iraultza industriala kolokan jartzen ari dela bizitzaren euskarri ditugun natur sistema guztiak. Erakunde ugariren estimazioek aurreratzen dute beroketaren eragin globala oso larria izango dela mende honetan zehar, ekonomia dinamikaren eta paradigmaren aldaketarik ezean. Esaterako, Energiaren Nazioarteko Agentziak mende amaierako tenperaturak sei gradu gora egingo duela estimatzen du.

Beroketaren aztarnak bistakoak izaten hasi dira dagoeneko, baina bi gradu gehiago igoko balitz munduko batez besteko tenperatura, 280 milioi pertsonaren bizilekuak urpean gera litezke eta lau graduko igoerak 600 milioirenak ureztatuko lituzke. Parisen klima aldaketaren gailurrari, COP21 delakoari, hasiera eman zaio azaroaren 30ean. Gailur horretako asmoa da Kyotoko Protokolotik (1997) harago joatea eta herrialdeentzat loteslea izango den beste bat sinatzea. Horren helburua beroketa globala industria aurreko aroarekiko bi graduko muga ez gainditzea litzateke eta horretarako herrialdeek emisio kutsakorrak gutxitzeko konpromiso irmoa hartu beharko lukete.

Nolanahi ere, orain arte gailurra prestatzeko bidean egindako herrialdeen arteko topaketa eta hurbilketa prozesuetan ikusi ahal izan dugunez, helburu hori betetzea zaila izango da. Nazio Batuen Erakundeko 195 estatuetako 150ek klimaren desregulazioaren aurkako borrokan egingo duten ekarpena aurreratu dute, etorkizun iluna iragartzen baitute. Hasteko, ekarpen horiek borondatezkoak izango dira, beraz ez dira lotesleak izango. Gainera, estatuen konpromiso horiek 2030. urtera bitartean tenperatura 2,7 gradu baino gehiago igotzea saihestuko lukete eta, adituen arabera, zenbaki garai horrek ezinezko egingo luke mende amaierako 2 graduko topearen barruan kokatzea tenperatura igoera. Sindikatuek, GKEek eta gizarte mugimenduek urriaren 20an Bonn hirian aurkeztutako azterketa alternatibo batean ere konpromiso ahul hori salatu zuten.

Karbono apaleko eta erregai fosilik gabeko energia ereduaren trantsiziorako COP21 gailurreko bi helburu behinenak berme guztiekin lotzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Gailurraren agertokitik kanpo dauden beste irizpide batzuk kontuan hartzea ere beharrezkoa da, besteak beste, erregai fosilei emandako diru laguntzak alboratzea, garapen bideko herrialdeei finantzaketa erreala bideratzea eta energia berriztagarrien aldeko erabateko konpromisoa hartzea.

Beroaldiaren eragin desorekatua
2026-10-11 | Mikel Zurbano
Uda honetan klima aldaketaren sintoma nabarmenena den berotze globalak gogor eragin du munduan eta, batik bat, Europan. Jakina da beroak hilkortasun tasa handitu egiten duena.... (+)
Elikagaien prezioak
2022-12-11 | Mikel Zurbano
Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) elikagaien krisi berri baten aurrean gaudela ohartarazi du. Erakunde horren arabera krisi hau erritmo kezkagarrian ari da zabaltzen... (+)
Zor publikoaren zama
2021-02-07 | Mikel Zurbano
Next Generation EU programak 750.000 miloi euro aurreikusten ditu datozen zazpi urtetarako. Eta aldi horretarako Europar Batasuneko (EB) aurrekontua 1,074 biloi eurokoa da. Bi hanka... (+)
Eguzkiaren zerga
2018-09-02 | Mikel Zurbano
Europar Batasunak ekainean onartu berri du kontsumorako, biltegiratzeko edo sarean saltzeko energia ekoiztu nahi duenak eskubide osoa duela horretarako. EBeko instituzioen arteko akordioak Espainiako Estatuan... (+)
gora