Maiatzak euria laket.

Eguzkiaren zerga


2018ko abuztuaren 29a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Europar Batasunak ekainean onartu berri du kontsumorako, biltegiratzeko edo sarean saltzeko energia ekoiztu nahi duenak eskubide osoa duela horretarako. EBeko instituzioen arteko akordioak Espainiako Estatuan 10 kw baino gehiagoko instalazioentzat indarrean dagoen eguzkiaren zerga kolokan ipini du. Elektrizitate enpresa handien kalterako den zuzentaraua 2021ean sartuko da indarrean.

Haatik, Madrilgo gobernu berria autokontsumo elektrikoaren zamaren aurkakoa delarik, eguzkiaren zerga lehenago ezabatuko duela espero da. Horretarako, Madrilgo legebiltzarraren gehiengoaren aldeko jarrera du, bertan PP baita aurka dagoen indar bakarra. Horrenbestez, energia berriztagarrien autokontsumoa sustatuta ikatzik gabeko ekonomiarantz bideratzen den energia trantsizioaren olatuan herritarren parte-hartzea indartu nahi da.

Estatuan eguzkiaren energia etxean erabiltzea eta sortutako energia kontsumitzea legezkoa da eta eskala txikian zergarik gabekoa da. Etxe arrunt bateko energia beharra ez da 3 edo 4 kw baino handiagoa. Beraz, 10 kw mugaren azpikoa izanik ez dute zamarik jasan. Hala ere, 10 kw baino gehiagoko ustiakuntza txikiek –landa eremukoak sarritan- eguzki plakak ipintzeagatik zerga ordaindu behar izaten dute.

Madrilgo gobernu berria autokontsumo elektrikoaren zamaren aurkakoa delarik eguzkiaren zerga lehenago ezabatuko duela espero da. Horretarako Madrileko legebiltzarraren gehiengoaren aldeko jarrera du, bertan PP baita aurka dagoen indar bakarra. Horrenbestez, energia berriztagarrien autokontsumoa sustatuta ikatzik gabeko ekonomiarantz bideratzen den energia trantsizioaren olatuan herritarren
parte- hartzea indartu
nahi da

Orain arte egoera hori arautzen zuen azken neurria 2015ekoa da eta autokontsumorako bi aukera erregulatu ditu. Lehenean instalakuntza ez da banaketa sarearekin lotzen eta, beraz, ez du sortutako energia merkaturatzen. Bigarrenean, aldiz, kontsumoaren gainetik sortutako gaineratikoa sarera bideratzen da.  Azken egoera honetan elektrizitate ekoizle gisa erregistroan izena ematea beharrezkoa da eta instalakuntza 10 kw baino gehiago izatekotan sarbiderako bi sari ordaindu behar izaten dira. Sari bat finkoa da eta bigarrena sortutako energiaren araberakoa.

Zama horiek direla eta errotu egin da norberaren kontsumorako bideratutako eguzki energia bideragaitza delako ustea. Teknologia berrikuntza prozesuetan ohikoa den moduan kostuak gutxitu egiten dira denboraren poderioz. Eguzki plaken kostuak ere merketuz joan dira eta aipatutako zamak kontuan hartuta ere instalakuntzak egun bideragarriak dira, nahiz eta zergen kopuruak amortizazio epea luzatzea dakarren. Azken zazpi urtetan eguzki instalakuntzaren kostuak %76 murriztu dira, Espainiako Estatuko 2018ko autokontsumoaren egoerari buruzko txostenaren arabera.

Estatuan eguzki energia fotovoltaikoa elektrizitate eskariaren %3 da gaur egun. Eguzkiaren zergaren ezabaketarekin 2030 urterako ehuneko hori 10era igoko dela aurreikusten dute sektoreko eragileek. Bestelako energia berriztagarriak aintzat hartuta elektrizitate eskariaren erdia aise gaindituko lukete iturri hauek urte horretarako. Ikusteko dago sektoreko oligopolioek izango duten jokabidea. Elektrizitate autokontsumoaren logikak beren negozio ahalmena narria dezake eta, bistan da, duten botere politiko eta ekonomikoa eredu bertikalarekin jarraitzeko erabiliko dutela. Beste muturrean, energia berriztagarriak sustatzen dituzten Goiener, Som Energia edo REScoop sarea bezalako kooperatiben arrakastak energia eredu deszentralizatu eta jasangarrirako trantsizioa bermatu egiten dute. Kontsumitzailearen hautua eta, batez ere, Estatuan iragarrita dagoen trantsizio ekologikorako lege berria giltzarriak dira energiaren eredu aldaketarako bidean.

Beroaldiaren eragin desorekatua
2026-10-11 | Mikel Zurbano
Uda honetan klima aldaketaren sintoma nabarmenena den berotze globalak gogor eragin du munduan eta, batik bat, Europan. Jakina da beroak hilkortasun tasa handitu egiten duena.... (+)
Elikagaien prezioak
2022-12-11 | Mikel Zurbano
Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) elikagaien krisi berri baten aurrean gaudela ohartarazi du. Erakunde horren arabera krisi hau erritmo kezkagarrian ari da zabaltzen... (+)
Zor publikoaren zama
2021-02-07 | Mikel Zurbano
Next Generation EU programak 750.000 miloi euro aurreikusten ditu datozen zazpi urtetarako. Eta aldi horretarako Europar Batasuneko (EB) aurrekontua 1,074 biloi eurokoa da. Bi hanka... (+)
COP21
2015-12-06 | Mikel Zurbano
Bizi dugun krisi multidimentsionalak kapitalismo globalaren mugak erakusten ditu. Krisiak jota dago kapitalismoa arlo ekonomikoan, sozialean, zaintzan, baita ekologiaren eremuan ere. Kapitalismoaren egungo kudeaketa liberalaren... (+)
gora