Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hatxebi sozietateak egin zituen eskaerak 2024ko martxoan eta Eusko Jaurlaritzaren Irekian albiste gunean irakurri daitekeenez, gaur egun oraindik tramitazioan ari dira. Hatxebik ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen ditu, “baliabide naturaletam, sustantzia mineraletan, erregai sintetikoen ekoizpenean eta eraikuntza materialetan”.
Nebraskan (AEBak) hidrogeno zuria ustiatzeko gune bat.
Energiaren Euskal Erakundea sozietate horrekin elkarlanean ari da, “baina ez du inolako akzio-, sozietate- edo ekonomia-partaidetzarik”. Ez da eman azterketa horiei buruzko informazio gehiagorik. Euskal Herrian, Mantle 8 enpresa dagoeneko ari da hidrogeno zuriaren bilaketa lanetan Aralarren, Urbasan, Andian eta beste eremu zabal batean, batez ere Nafarroan.
Hidrogeno zuria edo naturala lur azpian sortzen den gasa da, baina ez da hidrokarburoa, eta haren balizko ustiaketak ikusmin handia sortu du mundu osoan. Munduan ezagutzen den ustiaketa leku bakarra dago Malin eta hidrokarburoen tankeran egiten da hori. Bilaketak egiten ari diren euskal lurretako eremu handiak parke naturalak dira eta horrek kezka sortu du balizko ustiaketen aurrean.
Kezka horiei erantzunez, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak adierazi du orain arteko azterketa baimenak eman direla, baina “babes bereziko eremuetan eragin negatiboa izan dezakeen esplorazio, ikerketa edo ustiapen jarduerarik” ez dela emango; “Aralar ez da ukitzen”, zehaztu du.
Industria Sailak aitortu du Jaurlaritzak interesa duela hidrogeno zurian eta energia mota horrek “potentziala duela emisiorik gabeko energia-iturri gisa eta hidrokarburoen alternatiba gisa”. Petrolioaren eta gasaren antzerako teknikekin erauzten da, baina haren erabilerarako teknologia desberdina da eta sailean ez dute uste hurrengo hamarkadetan teknologia hori prest izango denik.
Hidrogenoaren kongresua Nafarroan
Gizarte industrialek bizi duten energia krisiaren aroan, enpresa mundua eta instituzioak aspaldi ari dira hidrogenoa baliatzeko bideen bila. Horietako bat da Phyrene proiektua –POTECFA 2021-2027 programaren barruan dagoena–, hidrogenoa energia gisa sustatzeko Pirinioetako lurralde osoan lanean ari dena. Phyrenek azterketa bat egin du hidrogenoaren lanketak espazio horretan izan dezakeen garapenaz, eta joan den asteartean Iruñean egindako jardunaldietan eman zuen horren berri.
Azterketa horren arabera, 2050ean hidrogeno berriztagarria –energia berdeekin lortutakoa edo hidrogeno zuria bera– energia kontsumoaren %6,2 eta %9,8 artean egon liteke Pirinioetako eremu zabalean. Diotenez, hidrogenoa garrantzitsua izan liteke elektrifikatzeko zailtasunak izan ditzaketen ekonomia-eremuetan, hala nola, siderurgian, zementu ekoizpenean edota garraio astunean. Datu esanguratsuenen artean, azpimarratzen da energiaren kontsumo osoa %36 eta %39 artean jaitsi daitekeela data horretarako.
Garraioari begira, esaten da gaur egun egunero 10.000 bat kamioik zeharkatzen dituztela Pirinioak. Ikerlan horren arabera, 2050erako kamioi astun horietatik 1.430 hidrogenoz ibiliko balira, urtean 23.600 tona CO2 isurtzea saihestuko litzateke. Edozein modutan, urte asko dela esaten ari da garraio astuna hidrogeno bidez ibiliko dela etorkizunean, baina oraingoz egin diren saioak ez dira komertzializatu, besteak beste, konplexua delako ibilgailuetan hidrogeno deposituak garraiatzea eta, oraindik ere, hidrogeno berdearen ekoizpena oso garestia delako.
Gaur egun, halaber, enpresa mundutik eta instituzioen ikuspegitik hidrogenoa lantzen ari den ikuspegian, haren garraioak garrantzi handia du, baina, esan bezala, oraindik hidrogenoa garraiatzea gaitza da. Edozein kasutan, suposatzen da Portugal eta Espainiako Estatua hidrogeno ekoizle handiak izango direla etorkizunean, eta horretarako, adibidez, abian dago H2Med proiektua, hodi bidez Iberiar Penintsula Frantziarekin lotzeko, handik beste herrialde batzuetara bideratzeko. Korridore horren eraikuntza oraindik ez da hasi, baina Phyreneko jardunaldietan zehaztu denez, Zuberoa eta Zaraitzu batzen dituen Larraineko mendatea izan daiteke pasagune garrantzitsuetako bat, dagoeneko gas pasabide gisa erabiltzeko saioak egin dituzte eta. 1990eko hamarkadan, borroka ekologista handia izan zen gasbide horren harira, eta azkenean haren kontra aritu zirenek proiektua gelditzea lortu zuten.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545