Astelehenero 8:00etan zure epostan
Amaitu berri den uda azken mendeetako beroena eta lehorrena izan da. Datu klimatiko guztiek gero eta mundu beroagoan bizi garela dioskute, baina oraingoan aldaketa klimatikoak askoz ere ikusgarriagoa den eragina izan du: Euskal Herriko txoko askotan, batez ere Araba eta Nafarroa erdialdean, mendi eta baso ugari abuztuan gorritu dira. Kasu askotan zuhaitz asko guztiz lehortu dira. Zer gertatzen ari da gure landarediarekin?
Orain arte Euskal Herria bi klima nagusi elkartzen diren eremuan kokatu da: klima mediterraneoa hegoaldean (Araba eta Nafarroa erdialdetik behera) eta klima epel-ozeanikoa iparraldean (isurialde atlantikoan). Klima mediterraneoaren ezaugarri nagusia da udan gutxienez bi hilabeteko lehortea egotea. Udan lehortea badago eta neguan hotza, fotosintesia egiteko baldintza egokiak urte osoan sakabanatuta daude, batez ere udaberri eta udazkenean. Ondorioz, bertako landarediak (artadiak) hosto iraunkorrak izan ohi ditu, urteko edozein momentutan ekinean hasteko prest.
Kontua da Araba eta Nafarroa erdialdean oso aldaketa txikiekin klima erabat mediterraneokoa bihur daitekeela, eta bertako landaredia lekuz kanpo utzi dezakeela
Klima epel-ozeanikoan, berriz, uda negua baino beroagoa da, bai, baina hezea ere bai, eta ondorioz, zuhaitzek urtean beharrezkoa duten jarduera fotosintetikoa bertan kontzentratu dezakete, eta neguko garai hotzetan hostoa galdu. Bizi zikloa udan betetzen dute eta neguan lotan sartzen dira. Horrela funtzionatzen dute pagadi, harizti, erkamezti eta ameztiek. Ulertzen ari gara gertatzen ari dena? Aurtengo uda, Euskal Herri osoan mediterraneokoa izan da: maiatza erdialdetik hasita eta irailera arte, lehorte klimatikoko baldintzetan bizi izan gara. Eta horrela, zuhaitz hosto-galkorren biziraupen leihoa desagertu egiten da. Urte bateko salbuespena bada, landareek iraun dezakete... baina 2023ko uda antzerakoa izan zen eta urtez urte joera argia da.
Egoera larriena bi klimen arteko trantsizio eremuan dago: Araba eta Nafarroa erdialdean. Bertako zuhaitz hosto-galkorrak (erkametzak eta ametzak) lehenago ere bideragarritasun mugan zeuden: udak kostaldean baino lehorragoak izan dira beti, baina ez dira erabat mediterraneoak. Kontua da eremu horietan oso aldaketa txikiekin klima erabat mediterraneokoa bihur daitekeela, eta bertako landaredia lekuz kanpo utzi dezakeela. Zaila da aurreikuspenak egitea, baina azken hamarkadako mediterraneizazio joerak aurrera egiten badu, egoera konplikatu daiteke. Baso eremu oso handiak ihartuko lirateke eta aurrekari gutxi dituen hondamendi ekologikoa eragingo luke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545