Otsailtxo munduan, aldiz eguzkitan, aldiz sutondoan.

Argentinako lur eremu zabalak atzerriko esku pribatuetan uzteko legea onartu nahi du ostegunean Mileik

Argentinan milioika hektarea lur atzerriko kapital inbertitzaileen esku uzteko Jabetza Pribatuaren Legea deiturikoa onartzeko prozesua berrabiarazi du Javier Milei presidente ultraeskuindarrak. Uztailaren 16an eztabaida saio garrantzitsua dute Argentinako Senatuan: "Lurra, ura, baliabide naturalak eta gure burujabetza arriskuan daude", diote sindikatu nagusiek eta beste hainbat eragilek.


2026ko uztailaren 14a
Javier Milei Argentinako Senatuan, 2026ko martxoan, jabetza pribatuari buruzko lege ekimena martxan jarri zuenean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Argentina, ia Europa osoa adinako lur azalera duen herrialdea, atzerriko kapital eta inbertitzaile pribatuen eskuetan gera liteke hein handi batean, La Libertad Avanza alderdi ultraliberal eta eskuin muturrekoa den Javier Milei presidenteak bere asmoa aurrera eramaten baditu. Ostegun honetan, uztailak 16, Argentinako Senatuan eztabaida garrantzitsua dute: Jabetza Pribatua Bortxaezintasun Legea eztabaidatuko dute, modu arruntean Jabetza Pribatuaren Legea gisa ere ezaguna.

Buenos Airesko Unibertsitatearen arabera, Argentinan 13 milioi hektarea lur atzerriko kapitalen esku daude jadanik, herrialdearen %5

Lege horrekin, atzerritarrek Argentinako lurrak erosteko dituzten mugak ezabatu nahi ditu Mileiren gobernuak. Gaur egun, gehienez ere herrialdeko, probintzietako eta departamentuetako landa lurren %15 baino ezin da atzerritarren esku egon, eta pertsona batek gehienez ere 1.000 hektarea lur eros ditzake. 2011n onartutako lege batek jarri zuen muga hori, ikusita baliabide natural baliotsuak gordetzen zituzten lur ugari salerosten ari zirela azken urteetan. Buenos Airesko Unibertsitatearen arabera, Argentinan 13 milioi hektarea lur atzerriko kapitalen esku daude jadanik, herrialdearen %5.

Kasurik nabarmenena eta ezagunena Lago Escondido lakuarekin gertatukoa da. 1990eko hamarkadan Joe Lewis enpresari britainiarrak milaka hektarea erosi zituen Rio Negroko probintziako mugan, eta laku horretarako sarbide guztiak moztuta daude ordutik; hala, nahiz eta lakuak eta ibaiak publikoak diren legez, praktikan Bariloche hiriaren hegoaldeko herritarrek ezin dute lakuko ura erabili.

Burujabetza galera

Jabetza Pribatuaren Legea martxoan aurkeztu zuen Mileik, baina nahikoa babes izan ez zuenez, izozkailuan izan du. Pasa den astean bere mahai politikoa bildu zuen, eta legea onartzeko prozesua berrabiaraztea erabaki du orain. Hala, oposizioko eskuin sektoreko senatariekin negoziatu eta haien babesa lortzen badu, aurrera atera daiteke ostegunean.

"Gure baliabideen gaineko burujabetzarik gabe ez dago independentzia ekonomikorik"
(CGT sindikatua)

CGT sindikatuak salatu du "lurra, ura eta baliabide naturalak" mehatxupean jarriko dituela legeak: "Gure baliabideen gaineko burujabetzarik gabe ez dago independentzia ekonomikorik", aldarrikatu du. Argentinako Eliza Katolikoak ere legearen kontra hitz egin du.

Argentinako lurrak, mineralak eta baliabide naturalak atzerriko multinazionalei eta merkatuari eskainita, Mileiren gobernuak hitz eman du herrialdearen ekonomia mundu mailan garatuko duela. Aitzitik, orain arte, argentinar industriako enpresa ugarik ateak itxi eta enplegua suntsitzea besterik ez du lortu. 

Patagonia jomugan

Testuinguru horretan, CGTk dio "teknomagnate" ugarik Casa Rosadarekin harreman estuak dituztela: "Batzuk Buenos Airesen ezarri dute euren bizilekua". Horien artean Peter Thiel milioiduna dago, PayPal enpresaren sortzailea eta gaur egun Palantir makrodatuen munduko konpainia nagusienaren jabea.

Peter Thiel 'teknomagnate' estatubatuarrak Patagoniako lurretan datu zentro erraldoi ugari ezarri nahi ditu, hango klima hotza, Vaca Muertako gas naturaletik lorturiko elektrizitatea eta ura baliatuta

Donald Trumpen lagun estua, ideia kapitalista muturrekoen defendatzailea, Thielek Patagoniako lurretan datu zentro erraldoi ugari ezarri nahi ditu, hango klima hotza, Vaca Muertako gas naturaletik lorturiko elektrizitatea eta ura baliatuta. 

Baina Mileiren ekimenak atzerritarrek lurrak eskuratzea errazteko neurri gehiago ere badakartza. Esaterako, Desjabetzearen Legea aldatu eta nekazaritzarako lurrak merkatu prezioan jarriko lituzke, edo lurretatik eta etxetik kanporatzeko prozesuak bizkortu.

Vaca Muerta gas eta petrolio hobi erraldoiko instalazio batzuk.

Nolanahi ere, Página 12 hedabide ezagunaren esanetan, gaur gaurkoz Mileik ez du bermatuta ostegunean ekimen horiek aurrera aterako direnik, ezta Jabetza Pribatuaren Legea bera ere, nahiz eta "jadanik hamahiru aldaketa" egin dizkioten oposizioko senatarien babesa lortzeko.

Ziurra dena da, senatuko saioaren hurrengo asteazkenean, hilak 22, mobilizazio jendetsuak espero direla Buenos Airesen, jubilatuek astero egiten dituzten protestetara batu baitira sindikatuak.

Gipuzkoa Square (2016)
2026-07-12 | Urko Apaolaza Avila
Kontxako barandan (Donostian) selfieak ateratzea baina gauza giriagorik ez dago, hori jakina da Euskal Herri luze-zabalean. Eta normala den bezala, ustezko turista talde honek halaxe... (+)
Kataloxarik behar? (1989)
2026-07-05 | Urko Apaolaza Avila
Etorkizunera garamatzan irudi distopikoa da goikoa. Duela ia lau hamarkada 1989ko lehorte handian ateratakoa, 2100. urtean ohiko eszena izan daiteke: IPCCren arabera Lurreko batez besteko... (+)
Desazkundera bidaia (1993)
2026-06-28 | Urko Apaolaza Avila
Uda hasi dugun honetan, norabait joateko motxila egiten ari denak akaso pentsatuko du halako tramankulu batean bidaiatzea ez dela oso ideia sanoa. Eta arrazoi. Txirri... (+)
Beroaldia ez du zeruak ekarri, biolentzia politikoa da
2026-06-24 | Urko Apaolaza Avila
Egunotan bizi dugun muturreko beroak badu azalpen bat, eta ez da mugatzen soilik baieztatzera "klima aldaketak eragindakoa" dela. Beroaldia, "hazkunde sakrosantuarekin obsesionaturik" dauden eliteen eta haiei... (+)
San Joan suak bertan behera geratu dira herri askotan, beroaren ondorioz
2026-06-23 | Urko Apaolaza Avila
Bero handiagatik Euskal Herri osoan alarma gorria ezarrita dagoela-eta, ekainaren 23an egin ohi diren San Joan suak bertan behera utzi dituzte herri askotako udalek. Ipar... (+)
gora