Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak eransten dio mugarri izaera nabarmena bizidun guztientzat, guretzat izan ezik, seko mozolotuta baikaude. Ekinozioak gau ilunak eta egun argiak iraupen bera izatea dakar, hamabizkona.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Gu ez besteko animaliek eta landareek ederki igartzen diote. Batzuentzat bukaeraren hasiera da eta beste batzuentzat hasierari ekiteko sasoia. Bizitzaren bukaera bizitzen ari direnen azken etekinak orain jasoko ditugu, adibidez piper (Capsicum annuum), tomate (Solanum lycopersicum), alberjinia (Solanum melongena), kuiatxo (Cucurbita pepo var. pepo), kuia (Cucurbita pepo) eta abarrena. Beste batzuk urteko zikloa amaitzen ari dira, eta urteko mozkina orain eskaintzen dute: sagarrondoa (Malus domestica), mahatsondoa (Vitis vinifera), elorri beltza (Prunus spinosa) eta abar.
Beste landare sail bat, neguzalea, haziak hozitu eta hazi horiek barren-barrenean pilpiraka daramaten bizitza bistaratzeko grinaz dago. Badakite: egun hotz-motzak datoz, bizigiro dute. Sukaldean lurrin laguntzaile izango ditugun belarrak ereiteko unea da. Perrexila (Petroselinum majus) da ohikoena; izan ere, maiatzeko perrexila urte osorako, irailekoa betirako. Ez dira egunero darabilzkigunak, baina gero eta gehiago usaintzen dira mahaietan. Porru-tipula (Allium schoenoprasum), adibidez. Zenbaitek “tipulina” esaten diote, jasotzeko ez den eta jeneralean gordinik jaten den tipula berde gaztearekin (Allium cepa var. cepa) nahasiz; tipula jende horrekin oratu dugun zikulusaltsak aparteko artikulu bat eskatzen du, ea behingoz izenak eta izaerak behar bezala lotzen ditugun. Hori, letorkeenean jango dugun porru-tipula, orain erein. Gure artean ez oso aspaldikoak, baina dagoeneko oso ezagunak ditugun errukulak ere (Diplotaxis tenuifolia, Diplotaxis muralis, Eruca sativa eta Eruca vesicaria) oraingoak dira; orain erein eta “betiko” izango duzu ahoan bere mikaztasun fina. Erein laurak: bakoitzak bere dasta propioa du, alderaezina, mingaina dantzan jartzen duena. Aneta edo ezamihilua da bestea (Anethum graveolens); “anedo”, “anis-belar”, “merellu” eta “mihilu” ere esaten zaio. Ez dugu geureganatua, baina belaun bat nahikoa izango du gure ahoko zerua lurruntzeko. Hostoak, fruituak, haziak eta adar berdeak, dena erabilgarria du. Hartu aurrea atzeari eta erein urrian gaurtik atzera baratzean izateko. Bada beste belar bat ezagunxeagoa duguna, martorria edo zilantroa (Coriandrum sativum). Hau mahairen batean egokitzea ez harritu, bere dasta jende gero eta gehiagok atsegin du. Ezagutzen ditut hazia erein eta landare txukun xamarra izateko moldatu ezinik ibiltzen direnak. Jendea uda partean gogoratzen da martorriarekin eta berari freskura gustatzen… Orain erein eta egun luzeak etorri arte jango duzu.
Belar horiek denek beretzako baratzeko txoko bereizi bat eskatzen dute. Eguzkitan ahal bada, bertan gozo biziko dira eta loratzen eta haziak ontzen utziz gero, bere gisa ugalduko dira eta etengabeko uzta izango duzu, urte luzetarako. Urrigiro, ereingiro.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545