kuku miku txoriak umeak sasian ditu

Nitratoek eragindako kutsaduraren aurrean: nekazaritza, abeltzaintza eta biogas planta industrialen moratoria

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Maiatzaren 10ean, 1.500 pertsonak baino gehiagok biometanizazio plantendako bi urteko luzamendua eskatu zuten. Mobilizazioaren aurretik, 15.000 alegazio baino gehiago aurkeztu ziren Nafarroako biogas proiektuen aurka. Aldarrikatutako moratoriak planta hauen hedapen irrazionala sustatzen duen orain arteko norabidea zuzentzeko balio beharko luke. Nahitaezkoa da kaltetutako sektore eta lurraldeen beharren diagnostiko egiaztatua izatea, plangintza demokratikoa ahalbidetzeko, akuiferoak eta lurzoruak kutsaduratik babestea bermatuko duena, eta bateragarria izango dena nekazaritza eta abeltzaintza kalitatezkoa eta jasangarriarekin. Egunak joan dira eta Nafarroako Gobernuak ez du oraindik jarrera publikorik hartu.

Gaur egun, proiektatuta dauden biometanizazio plantak urardotutako moratoria baten barne daude. Moratoria horrek ez du balio planta hauen onarpena gidatu beharko luketen irizpideen inguruko eztabaida lasai eta ordenatua bultzatzeko. Alderantziz gertatzen da. Honela, ez dakigu ezer proiektu guztiei buruzko diagnostikoak jaso behar zuen departamentuen arteko txostenari buruz, horien inpaktuei buruz, eta plangintza orekatua eta iraunkorra bermatzeko gomendioei buruz. Soilik ezagutu dugu Ingurumen eta Landa Garapeneko Departamentuak nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuetan egin beharreko jarduketei buruzko kontsulta publikoan aurkeztu duen programa. Teorikoki, dokumentu hori onartu ondoren, moratoria bertan behera geratuko litzateke eta plantak instalatzeko eskaerak izapidetu litezke berriro ere. Hau da, hasierako egoerara itzuliko ginateke.

Nitratoek eragindako kutsadura oso arazo larria da Nafarroan. Eta biogas makroplantak instalatzeak egoera larriago egiten du

Nitratoek eragindako kutsadura oso arazo larria da Nafarroan. Eta biogas makroplantak instalatzeak egoera larriago egiten du. Arazoaren tamainaren erakusgarri da joan den udaz geroztik Nafarroak hamabi eremu kaltebera dituela, 247.955 hektarea hartzen dituztenak; lehen, lau eremu besterik ez zituen, eta 99.259 hektarea. Horrek esan nahi du gero eta arrisku handiagoa dagoela lurrok kutsatzeko, bai eta berreskuratzeko oso zailak diren akuiferoak kutsatzeko ere. Beraz, Nafarroako Gobernuak salbuespenezko neurriak ezarri beharko lituzke nitratoz kutsatutako eremuen hedapenari eusteko. Zoritxarrez, Sustrai Erakuntza Fundazioaren iritziz, eremu kalteberen jarduera-programaren zirriborroaren azterketak gabezia ugari ditu.

Kutsaduraren jatorria nekazaritzako lurzoru eta akuiferoen erabileran datza. Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren hedadurak kimiko sintetiko (ongarriak, pestizidak, herbizidak, etab.) eta makrogranjetatik datozen hondakin organiko kopuru handiak dakartza, eta horiek nekazaritzako azaleretan isurtzen dira. Horri gehitzen badiogu biometanizazio planten jarduera, nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako hondakinak nahasten dituena, soroetara isurtzen den ongarri honek kutsatzaileak eduki ditzake, metal pisutsuak, esate baterako, ez baitugu bere konposizioa ezagutzen. Emaitza: kakanahasmen handia.

Ulertu behar da biometanizazioak ez dituela ia aldatzen lehengai gisa erabiltzen dituen hondakinen kantitatea eta konposizioa. Prozesuan, ongarriak ia kopuru berean mantentzen dira. Baina, plantak handiak direnez, nekazal soroetan bota behar den hondakin kopurua izugarria da. Ongarrien dosiak egokiak izateko eta ez kutsatzeko, azken hondakinak, tratamendu egoki baten ostean, nekazaritza lurren azalera handi batean barreiatu behar dira. Horrek esan nahi du distantzia luzeetara garraiatu behar direla, erregai fosil asko kontsumitu behar dela eta lanordu asko behar direla; beraz, garestia da. Horrek biderik errazena hartzea eragiten du: hurbilen dauden eremuetan isurtzea, egokia den dosia gaindituta eta nitratoek eta beste konposatu batzuek eragindako kutsadura handituta.

Nitratoek eragindako kutsadurari eraginkortasunez eutsi nahi bazaio, ongarri, pestizida eta hondakin organiko kopuru handiak erabiltzen dituzten industria jarduera guztiei galga jarri behar zaie. Beraz, eremu kalteberetan jarduteko programak bertan behera utzi beharko luke nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi industrial berrien sorrera, bai eta lehendik zeudenak handitzea ere. Era berean, ez litzateke baimendu behar nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei lotuta ez dauden biogas plantak ezartzea, hondakinen ekoizpena eta aprobetxamendua ahalik eta gehien hurbiltze aldera. Gutxienez, nitratoek eremu kalteberetan eragindako kutsadura egoera larria leheneratu arte.

Bestalde, nekazaritzako jarduera industrialek eta ez-ekologikoek abian jarraitzen dutenez, eremu hauen baimendutako ongarrien dosiak murriztu beharko lirateke. Izan ere, dosiak ia ez dira aldatu azken hogei urteetan, eta aldi berean kutsatutako eremuen hedadura laukoiztu egin da. Hortaz, zonaldeok murrizteko ordua da. Horretarako, ongarri kimikoak erabiltzea eragozten duen nekazaritza ekologikorako trantsizioa sustatu eta erraztu behar da, laguntza publiko biziarekin.
Biogas-plantei dagokienez, tamaina txikikoak izatea beharrezkoa da, nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak eta bestelako kutsatzaileak izan ditzaketen industria-hondakinak nahastea eragotzi ahal izateko. Beraz, tokiko biogas plantak baino ez lirateke onartu behar, nekazaritza edota abeltzaintza ustiategietako hondakinak kudeatzeko.

Irizpide horiek departamentuak aurkeztutako nitratoz kutsatutako eremuetarako programan jasota ez daudenez, egungo egoera lehengoratzeko beronen eraginkortasuna zalantzan jartzen dugu. Are gehiago, zirriborro berak ez duenean eremu horietan nahitaez bete beharreko kontrol-neurririk ezartzen, legeriak eskatu bezala. Eremu hauetako nekazaritza eta abeltzaintza jardueren kontrol eraginkorrik gabe, ezinezkoa da gauden kutsadura-egoera lehengoratzea.

Berriro errepikatuko dugu. Moratoria ezinbestekoa da. Gure lurzoruen eta akuiferoen egoera larriak biogas plantak, makrogranjak, nekazaritza eta abeltzaintza industriala eta nitratoak elkarren arteko loturarik ez duteneko ideia alboratzera behartzen gaitu. Aitzitik, lanketa integrala behar dugu, anbizio handikoa gure ondasun naturalen eta lehen sektorearen alde, erabat estrategikoak baitira kalitatezko nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu jasangarriak ekoizteko orduan.

Mikel Saralegi Otsakar eta Martin Zelaia Garcia, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak

Nafarroan gora egin du elektrizitate berriztagarriak, baina behera beronen kontsumoak eta gora erregai fosilenak
Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak 2024. urteko Nafarroako Energia Balantzearen azterketa argitaratu du. Txosten osoaren zain, lan honek aukera ematen digu Nafarroako energia-ekoizpenaren eta kontsumoaren mailak... (+)
Biometanizazio plan bat behar dugu Nafarroan espekulazioaren aurrean
Udan zehar, mobilizazio sozial handia izan da eta herritarren plataformak sortu dira Lizarraldean biometanizazio-plantak direla eta: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia... Horietan guztietan erraz identifika... (+)
Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago
Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar... (+)
Plangintza demokratikorik gabe itzalaldien menpe jarraituko dugu
Gero eta nabarmenagoa da Espainiako Estatuak ez duela planifikazio demokratikorik energiaren arloan. Duela gutxi jasan dugun itzalaldia adibide garbia da, baina ez da bakarra. Energia... (+)
Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto... (+)
gora