Astelehenero 8:00etan zure epostan
Eskutik Eskura egiten dugu herria lelopean eman diote hasiera kanpainari ostegun honetan. Ohiko moduan saskiak erosteko aukera irekita dago. Horrez gain, kontsumitzaileek elikadura-sistemaren baitan duten eragina azpimarratzea dute antolatzaileek xede eta horretarako gogoeta kolektiboa bideratzeko ekimen bat eskainiko dute Euskal Herriko sei hiritan: Galdakao, Bilbo, Iruñea, Donapaleu, Amurrio eta Oiartzun.
Euskaltzale anitzentzat da ezaguna Errigora dinamika: Nafarroa hegoaldea eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahian dabil, eremu horretako mozkinak Euskal Herrian barna banatuz, bultzatzaileek dioten gisara, "euskaratik, euskararako eta euskaraz". Udaberriko kanpaina abiatu dute ostegun honetan eta martxoaren 18a arte iraunen du.
Olioa, ardoa, zainzuriak, piperrak, orburuak, babarrunak eta beste, jaki andana dago eskuragarri Errigoraren bitartez. www.errigora.eus webgunera sartu eta bertatik egin daiteke manaketa, ondotik bizitokitik hurbil dagoen banaketa gune batean jasotzeko.
"Kontsumitzaileen kontzientzietan eraginez, hausnarketa sortzeko helburua jarri diogu aurtengo Udaberriko kanpainari", irakurri daiteke Errigorak zabaldutako oharrean. Eskutik Eskura egiten dugu herria lelopean abiatu dute ostegun honetan sasoi berria, eta kontsumitzaileek elikadura-sistemaren baitan duten zeresana azpimarratzea dute xede. Horretarako emankizun-formatu berezi bat osatu dute, Asisko Urmeneta marrazkilariaren parte hartzearekin. Asmoa da herritarrei modu irudimentsu eta artistikoan aurkeztea Errigoraren jatorria eta misioa; eta zabalago joz, eguneroko norberaren kontsumoak dituen eraginez ere hausnarketa sustatzea. "Zergatik eragin behar dugu herritarrok gure elikaduran?" galderari indibidualki zein kolektiboki gogoetatzeko aukera landu dute kanpaina berri honetarako. Sei hitzordu dituzte jarrita: Martxoaren 3an Galdakaon (Bizkaia); martxoaren 4 Bilbon; martxoaren 11n Iruñean; martxoaren 16an Donapaleun (Baxenabarre); martxoak 18an Amurrion (Araba) baita Oiartzunen (Gipuzkoa) ere. Ondotik, hor ateratako ideia nagusiak euskarri berezi batean jasoko dituzte, beti ere kontsumitzaile gehiagoren kontzientzia-hartzea bultzatzeko asmoz.
Sostengu handia jasotzen du Errigorak. Azken kanpaina ere "oso emankorra" izan zela jakitera eman zuten iazko azaroan: 16.400 saski eskatu ziren guztira. Horitako bakoitzaren balioaren laurdena ekarpen ekonomikoa dela kontuan hartuz, 256.500 euro bideratu ziren Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza laguntzera, aitzineko urtean baino 18.000 euro gehiago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545